Frantziako pentsioen erreformaren moldaketa auzitan dago

Patronal txiki batek negoziazioak utzi ditu, egoera geopolitiko berria kontuan hartuta ez baitu egokitzat jotzen erretiroaren adina ez atzeratzea. PSk Bayrouri ohartarazi dio zentsura mozioa jarriko diola negoziazioak bururaino eramaten ez badituzte.

Jean Christophe Repon U2Pko lehendakariordea, martxo hasieran, Matignongo negoziazioetan. MOHAMMED BADRA / EFE
Jean Christophe Repon U2Pko lehendakariordea, martxo hasieran, Matignongo negoziazioetan. MOHAMMED BADRA / EFE
Iker Aranburu.
2025eko martxoaren 18a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zuloak azaltzen ari zaizkio Frantziako pentsio sistemaren erreformaren negoziazioari. Hasi berritan altxatu zen mahaitik FO Force Ouvriere sindikatua, eta gaur erabaki hori bera hartu du patronal batek, U2P Gertuko Enpresen Batasunak. Zuloak Frantziako Gobernua irensteko arriskua egon badago, PS alderdi sozialistak François Bayrou lehen ministroari ohartarazi baitio zentsura mozio bat aurkeztuko duela baldin eta pentsioen azken erreformari moldaketarik egiten ez bazaio. Hain zuzen ere, negoziazio hori abiatzea jarri zuen baldintza gisa PSk urtarrilean Bayrouren gobernuaren aurkako zentsura atzera botatzeko.

Elisabeth Borne gobernuburu zenean onartu zuten erreforma hori, 2023an, Frantziako Asanblean bozketarik egin gabe, eta haren izena darama. Erretiroaren adina 62 urtetik 64ra atzeratzeko prozesua abiatu zuen, eta, hain zuzen, baliteke puntu horregatik negoziazioek porrot egitea.

Izan ere, gai horri dagokionez zeharo urrun daude gizarte eragileen ikuspuntuak: sindikatuek  nahi dute erretiro adina berriz 62 urte izatea, eta patronalek, berriz, 64 urteen aldeko hautua defendatzen dute, modu bakarra delakoan pentsio sistemaren defizita estaltzeko. Tarteko irtenbide bat aurkitzea da elkarrizketen helburua: pentsio sistema finantza aldetik jasangarria izatea baina erretirorako adina 64 urte izan gabe.

«Benetan kezkagarria da noiz-eta egiturazko defizitak eta proiekzio beldurgarriak dauden honetan erretiroaren legezko adina berriz 62 urte izateko bide bat bilatzen jarraitzea», esanez justifikatu du U2P patronalak negoziazioa utzi izana. Kontrakoa nahi du talde horrek: «Geure erregimenak orekara itzularazteko neurri gogorrak». Merkatariak, artisauak eta langile liberalak ordezkatzen ditu U2Pk.

«Ura 'Frantzia' itsasontzian sartzeko puntuan dago, eta gizarte eragileen orkestrak jotzen jarraitzen du, ezer gertatuko ez balitz bezala»MICHEL PICONU2P patronaleko burua

Michel Picon patronaleko buruak gogorarazi du Emmanuel Macron presidenteak gastu militarra handitzeko «finantza ahalegin bat» galdegin duela AEBek iragarri ondoren Europa militarki babesteari utziko diotela, eta, beraz, ez dauka egokitzat beste gastu batzuk handitzea ekarriko lukeen kontrarreformarik. egitea «Ura Frantzia itsasontzian sartzeko puntuan dago, eta gizarte eragileen orkestrak jotzen jarraitzen du, ezer gertatuko ez balitz bezala», esan du Piconek.

U2P agian ez da izango aste honetan negoziazioa utziko duen bakarra. CGT sindikatuko zuzendaritzak bilera du gaur eta bihar, eta aukeren artean dago hura ere mahaitik altxatzea.

Frantziako sindikatu handienen artean bigarrena da CGT, eta jarrera gogorragoa izan ohi du CFDT sindikatu handienarekin alderatuz gero. Azken horretako buruak, Marylise Leonek, «ustekabetzat» jo du U2Pren erabakia, orain arteko bileretan patronal horrek asmoa adierazia zuelako gai batzuetan aurrera egiteko. «Antza denez, jada ez dira arazo».

françois bayrou
François Bayrou Frantziako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. YOAN VALAT / EFE

Bayrouk berak egurra bota dio suari, asteburuan esan baitzuen ez zuela ikusten aukerarik erretiroaren adina berriro 62 urte izateko. Negoziazioaren hasieran ere, lehen ministroak argi utzi zuen adina atzeratzea derrigorrezko neurria iruditzen zaiola sistema finantzatu ahal izateko, baina patronalei eta sindikatuei galdegin zien «taburik gabe» negoziatzea.

Amelie de Montchalin Kontu Publikoetako ministroak ere auzitan jarri du erretiro adina berriz 62 urte izateko aukera; ez zaio «errealista» iruditzen, gastu militarra handitu egingo delako eta kontu publikoak orekatu behar direlako. Zuhurrago jokatu du Eric Lombard Ekonomia ministroak. Ziurtatu du erretirorako adina 62 urte izateak «kostu handia» duela, baina gogoratu negoziazioei denbora eman behar zaiela.

Gaur, Olivier Faure PSko lehen idazkariak eskatu dio betetzeko negoziazioetarako tartea uzteko konpromisoa, halakorik egin ezean «zentsura mozioa mahai gainean izango baita». Faureren hitzetan, Bayrou «oker» dabil «uste badu ez dugula erortzen utziko».

Liskarra zentro-eskuinean ere

Pentsioen kontrarreforma arrakalak zabaltzen ari da zentro-eskuinaren barruan ere. Edouard Phillippe Horizons alderdiko buruak eskatu du negoziazioak eteteko, erretiroaren adinari buruzko eztabaida itxitzat baitauka. Macronen garaiko lehen gobernuburua izan zen Phillippe, baina gaur egun bere soslai propioa markatu nahian dabil, macronisten presidentetzarako hautagai izan nahi du eta.

Bayrouk elkarrizketa sozialari gorazarre eginez erantzun dio Phillipperi: «Phillippek uste du demokrazia soziala eta parte hartzea alde batera utz daitezkeela, erabakiak goitik etorri behar duela eta oinarriari inposatu behar zaiola».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.