Frantziako laborariak protestan ari dira EB-Mercosur itunaren aurka

Parisko gobernua aliatuen bila ari da EBn, merkataritza akordioaren berrestea blokeatuko lukeen talde bat osatzeko.

Laborarien protesta Montpellier hiriko prefekturaren aurrean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Laborarien protesta Montpellier hiriko prefekturaren aurrean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko azaroaren 18a
13:35
Entzun

Iazko neguan bezala, Frantziako laborariak kalera eta autobidera atera dira protestan. Oraingoan, helburu nagusi bat dute: Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza akordioa oztopatzea, kalte handia egingo diela uste baitute. Puntu horretan ados daude Frantziako Gobernuarekin eta klase politiko osoarekin. Arazoa da Frantziak ezin duela bere kabuz itun hori eragotzi, eta kostatzen ari zaiola EBko beste kideen artean aliatuak aurkitzea.

2019an adostu zuten merkataritza librerako akordioa Europako Batzordeak eta Mercosur osatzen duten lau herrialdeek —Brasil, Argentina, Paraguai eta Uruguai—, baina ez da artean indarrean jarri. Ituna berresteko prozesua eten zuten koronabirusaren pandemiak eta EBko kide askoren zalantzek eta kontrako jarrerek. Gainera, batez ere Donald Trump lehen aldiz Etxe Zurira iritsi zenetik, olatu protekzionista bat zabaldu da munduan, eta hoztu egin du merkataritza gehiago liberalizatzeko gogoa.

Hain zuzen ere, Trumpen bigarren agintaldiak batek ekar ditzakeen gerra komertzialei aurre egiteko modu gisa ikusten dute Bruselan Mercosurrekiko ituna. Askok uste du Ipar Atlantikoaren bestaldeko bazkide komertzial handiarekin xextran ibiliko bada, Hego Atlantikoan aurki dezakeela aliatu bat. Gainera, EBn badago kezka, Txinak Hego Amerikarekin harremanak asko sendotu baititu, eta ez du eremu horretan zuen abantaila galdu nahi.

FRANtzia laborariak2
Traktore bat, N118 errepidea blokeatzen, gaur, Paristik gertu. YOAN VALAT / EFE

Akordioaren muina hauxe da: EBk atea irekiko die Mercosurreko haragiari, sojari eta beste nekazaritza produktu batzuei, eta, trukean, EBko industriak eta zerbitzuek ez dute trabarik izango Mercosurreko herrialdeetan aritzeko. Ezaugarri horiekin, itunak baditu irabazleak (EBko industria eta zerbitzu hornitzaileak, Brasilgo eta Argentinako nekazari handiak...), baina baita irabazteko baino galtzeko gehiago dutenak ere (EBko nekazariak eta abeltzainak, Mercosurreko industria...).

Frantziak, oro har, galtzeko gehiago dutenen artean kokatu du bere burua. Zailtasunak zailtasun, laborantzak oraindik indarra badu Frantzian, ekonomikoki ez ezik  —EBko ekoizle handienetako bat da—, baita politikoki eta sinbolikoki ere. Gobernua joan eta gobernua etorri, laborarien haserrea ez eragitea dute lehentasunetako bat Parisko agintariek, haien protestek, oro har, harrera ona izaten baitute herritarren artean. Horregatik, Emmanuel Macron presidentea eta Michel Barnier lehen ministroa jarri dira ituna berresteko saioen aurkako lehen lerroan.

Parlamentariek babes zabala agertu diete saio horiei. Joan den astean, itunaren aurkako eskutitz bat argitaratu zuten 600 diputatu, senatari eta eurodiputatuk, eta horretan gogorarazi zioten Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari merkataritza itunak «populismo antieuroparra» elika zezakeela, EBk Frantziari inposatutako neurri gisa hartuko bailitzateke.

Alemania, alde

Frantziak, ordea, ezin du bere kasara akordioa eten, eta aliatuen bila aritu da azken asteetan. Ezin da Alemaniara joan, han interes handiagoa baitu itunak bere industriari egin diezaiokeen onuran, ezta Espainiara ere. Gauzak horrela, Annie Gevenard Laborantza ministroak gaur bertan onartu du Herbehereetako, Italiako eta Poloniako gobernuen atea jotzen ari dela betoa jartzeko gutxiengo bat osatzeko. Haien argudioetako bat da Europako nekazariei eta abeltzainei ingurumen aldetik edo abereen ongizatearen aldetik egiten dizkieten eskaeretatik oso urrun daudela oraindik Hego Amerikako ekoizleak eta, hortaz, desabantaila dutela.

Akordioa gertu egon daitekeen berriak zabaltzen ari dira azken egunotan. 2023ko ekainean atera zuten izozkailutik, baina huts egin zuten auzia urte horren amaieran amaitzeko saioek. Oztopoetako bat ingurumena izan da. EBk gogortu egin ditu bere ekoizpen arauak, ingurumenari egiten dioten kalteak eta CO2 isuriak txikitze aldera. Arau horiek Mercosurrekiko itunean sartu nahi ditu EBk, baina ezezkoa jaso du orain arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.