Ipar Euskal Herriko eta Frantziako laborarien protestak beste fase batean sartu dira. Frantzian ordezkari gehien duten bi sindikatuek, FNSEAk eta Nekazari Gazteek (JA), bide eta errepideen mozketak amaitzeko eskatu dute. Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak aurkezturiko neurriei erantzunez harturiko erabakia da. Dena den, argitu dute protestak ez direla bukatu, «jokatzeko modua aldatu» baino ez dutela egin. Laborarien Konfederazioa ezkerrekoak —haren kide da ELB—, aldiz, ez du neurri bera hartu.
«Inork ez dezala pentsatu hau gaur gauean amaitu denik. Mugimendua eraldatzen ari da. Hau keinu huts bat baino ez dela ikusten badugu, emaitza katastrofikoa izanen da». Mehatxua Arnaud Rousseauk egin du, FNSEAko presidenteak. Erabakiaren berri emateko agerraldian egin du, eta han izan da ere Arnaud Gaillot JAko presidentea. Bi sindikatuek zenbait baldintza jarri dituzte protestekin berriz ez hasteko, eta otsailaren 24an hastekoa den Parisko laborantza azoka handirako ikusi nahi dituzte «lehen emaitzak». Keinu garrantzitsua da, protestak Bruselara zabalduak direlako gaur.
«Ekainerako gure eskaerak betetzen ez badira, ez dugu dudarik izanen berriz ere mobilizazio orokor batean sartzeko».
ARNAUD GAILLOT Nekazari Gazteak sindikatuko presidentea
Hori da gobernuari jarri dioten lehen mugarria, eta bigarrena «ekaina» da. Epemuga hori indar handiagoz nabarmendu du Gaillotek: «Ordurako eskaera hauek ez badira betetzen, ez dugu dudarik izanen berriz ere mobilizazioen mugimendu orokor batean sartzeko». Bi sindikatuek hamabost eguneko epea eman diote gobernuari Attalek gaur ezagutarazi dituen neurriekin. Halaber, berriz salatu dute Europako Batzordeak bizkarra ematen diela Europako laborariei.
Attalen neurriak
Erabaki hori Attalek jakinarazitako lehen neurriei emaniko erantzuna da. Sindikatuek esan zuten lehen neurri sorta ez zela nahikoa, eta, sei egunez bideak ixten segitu ondoren, eskua gehiago zabaltzea lortu dute. Esaterako, 150 milioi euroren hobari fiskalak onartu ditu nekazarientzat, eta laborantza lurren oinordetzen gaineko zerga salbuespena handitu egin du. 1,2 milioi eurorainokoa izan daiteke lur hori nekazari gazte batek jasotzen.
Laguntzak
10.000Attalek hitzeman dituen kontrolak. Merkatuetan saltzen diren barazkien jatorria Frantzia dela bermatzeko kontrolak zorroztuko ditu gobernuak.
150Hobari fiskalak, milioitan. Attalek hobekuntza fiskalak hitzeman dizkie nekazariei, baita lurren oinordetzaren gaineko zergetan ere. Laborarien erretreta kalkulatzeko modua ere berrikusiko du.
Nekazarien erretiro araua berriz kalkulatzeko prest agertu da Attal, eta elikadura burujabetasunerako beste lege bat hitzeman du: «Guztientzako eskakizun berdinekin». Inportazioek zer kalte egiten dieten salatu dute laborariek, eta hor Frantziako Gobernuak Europako legediarekin egiten du talka. Attalek zirrikituak bilatu behar ditu, eta, besteak beste, Tiacloprid pestizidarekin trataturiko produktuen inportazioa debekatuko du.
Attalek aurreratu duenez, supermerkatu kate handien inportazioak zorrotzago aztertuko ditu arau horiek bermatzeko, eta hitzeman du «10.000 kontrol baino gehiago» egingo dituztela produktuek Frantziako jatorria dutela bermatzeko. Halaber, nabarmendu du Frantziak ez duela Mercosur akordioa sinatuko. Attalen ustez, neurri horiekin laborarien eskari gehienak gogobetetzen ditu: «Gaur mugarri garrantzitsu bat ireki da, aldaketa sakonekin eta neurri oso garrantzitsuekin».