Kendu dute autobideko blokeoa Baionan

Gauean simaurra eta pneumatikoak bota dituzte Angelu eta Baiona iparraldeko bi Leclerc supermerkatutako aparkalekuetan.

Laborarien protestak
Gauean pneumatikoak jaurti zituzten Baionako Leclercen aparkalekuan. Angelukoan, simaurra eta zaborra. GUILLAUME FAUVEAU
joxerra senar
2024ko urtarrilaren 29a
11:30
Entzun

Laborarien protestek aurrera jarraitzen dute. Iragan astean, Baionako portuko hiru sarrerak eta A63 autobidea blokeatu ostean, bart gauean bi supermerkaturen aurkako ekintzak egin ditu laborari talde batek. Angelu eta Baiona iparraldeko bi Leclerc hipermerkatutako aparkalekuetan simaurra eta zaborra utzi dituzte, baita pneumatikoak ere. Hasieran, garbiketa lanetan aritu dira bertako langileak. FDSEA sindikatuak iragarria zuen saltoki handien aurka jotzeko asmoa.

Arratsalde hasieran kendu dute autobideko blokeoa FDSEAko laborariek, eta zirkulazioa berriz hasi da Aturri zeharkatzen duen Touya zubian. Seigarren eguna dute bertan laborariek. Patrik Etxegarai FDSEAko ordezkariaren arabera, egon zitezkeen astebete gehiago zubian, baina orain beste molde batez jarraituko dute borrokan. «Gure lehen ministroak ez ditu arrapostu guztiak ekarri iragan astean, eta, behar baldin bada, joanen gara honat edo beste norabait. Menturaz, sindikatu guztiak elkarrekin», ohartarazi du.

ELBk gaur gauean bilkura eginen du ondoko egunetako ekintzak erabakitzeko. Ostiralean mobilizazioetara batzea erabaki zuen, eta Baionako portua blokeatzeko protestetan parte hartu zuen. Gaur da biltzekoa sindikatua, protestetan jarraitu edo ez erabakitzeko. Ostiralean, protestarekin bat eginda, EBk Mercosurrekin eta Zeelanda Berriarekin egiten diren merkataritza akordioen arazoa salatu nahi izan du ELB sindikatuak. Hala, aztertuko dute tokian tokiko arazoei gehiago nola lotu eta nola salatu.

Baionan garbitzaileak lanean ari ziren egun osoan herriko etxeko paretak eta inguruak garbitzeko. Asteburuan pixorra bota dute udaletxera. 

(ID_17065429197545) (/BERRIA) Minda Baionako herriko etxean
Pixorra Baionako herriko etxean. BERRIA

Paris blokeatzeko deia

Frantzian, mobilizazioen bultzatzaile FNSEA eta JA sindikatuek dei egin dute Paris hiriburua blokeatzeko astelehenetik aitzin. Arnaud Rosseau FNSEAko presidenteak baieztatu du hori, RTL irrati katean. «Gure asmoa ez da herritarren bizimoduari kalte egitea, baizik eta gobernuari presio egitea lehenbailehen krisiari irtenbidea bila dezan». Rosseauren arabera, Attalek aste amaieran egindako adierazpenak ez dira nahikoa.

Arratsaldean, zortzi blokeo puntu antolatuak zituzten laborariek Paris inguruko autopista nagusietan. 1.500 traktore inguru ari dira parte hartzen mobilizazioan, eta egun bat baino gehiago irauteko antolatu dira. Frantziako elikadura merkataritzako puntu nagusia den Rungiseko merkatua blokeatzeko xedea ere badute laborariek. 

Neurri berriak aurki

Ostiralean, Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak neurri batzuk iragarri zituen lehen sektorearen haserrea baretzeko. «Erabaki dugu ororen gainetik jartzea laborantza», esan zuen. Hainbat prozedura eta arau arinduko dituzte, diru laguntzen ordainketa bizkortu, gasolio profesionalaren prezioa ez dute emendatuko, eta Mercosurren eta Europako Batasunaren arteko merkataritza ituna sinatzearen kontra eginen dute Bruselan.

France 2 telebista kateari emandako elkarrizketa batean, Marc Fesneau Laborantza ministroak iragarri du «48 orduren buruan» neurriak aurkeztuko dituztela, ostiralean Attalek iragarritakoaren ildotik. Fesneauren arabera, proposamen horiek «krisiari irtenbide bat emateko gobernuaren borondatea erakutsiko dute, eta erantzun zehatzak emango dituzte». Berretsi du neurriok «bere osoan» helduko diotela arazoari, hainbat ertz dituelako gatazkak.

Horietako batzuek EBri eragiten diote, eta ostegunean da biltzekoa Europar Kontseilua Bruselan. Agendan, 2021etik 2027rako aurrekontua da hizpide nagusi, eta Fesneauk promes egin du Frantziako laborarien aldarrikapen batzuk mahai gainean jarriko dituztela; hala nola NPB Nekazaritza Politika Bateratuak zoruen %4 lugorri uzteko ezarritako betebeharra. Fesneauk aurreratu du 27 herrialdetatik 22 neurri hori leuntzearen alde daudela.

Gainera, bilkura horretan, Ukrainako nekazaritza produktu batzuei mugak jartzea proposatu du Frantziak. Haren hitzetan, Parisko gobernuak garrantzia ematen dio ingurumen arloko Frantziako laborarien baldintzak beste herrialdeetako batzuekin parekatzeari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.