Michel Barnierrek baino egonaldi luzeagoa egin nahi du Matignonen François Bayrou Frantziako lehen ministro berriak, eta, horretarako, ezinbestekoa da baldintza bat: Asanbleak 2025eko aurrekontuak onartzea. Aurrekontu horiek eman zioten bide Barnierren kargugabetzeari, RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiak ez baitzuen nahi zuen guztia lortu alor horretan, eta erabaki zuen ezkerrak aurkeztutako zentsura mozioaren alde egitea. Ikusita ez duela fidatzerik RNrekin, ezker moderatua limurtzeko formularen lehen osagarriak aurkeztu ditu: defizita motelago murriztuko duten aurrekontuak prestatuko ditu.
Azken aurreikuspenen arabera, Frantziaren defizit publikoa %6,1era iritsi zen iaz, Europako Batasunak finkatuta duen %3ko mugatik oso gora. Ekainean, Bruselak zigor prozedura bat ireki zien Frantziari eta Italiari; isunik jaso nahi ez badu, Parisek defizita murrizteko plan bat aurkeztu beharko dio. Amelie de Montchalin Aurrekontuen ministroak gaur Le Parisien-en ziurtatu du 2029an iritsiko direla %3ren langatik behera.
Europako Batzordearen markaketari ez ezik, finantza merkatuenari ere erantzun behar dio Parisko gobernuak, haiek baitira zorraren bitartez administrazioa finantzatzen laguntzen dutenak. Frantziak oraingoz irekita dauzka merkatu horietako ateak, baina prezio handiagoa ordaindu behar duhorren truke. 83 puntukoa da Frantziaren arrisku saria, Espainiarena (66) eta Greziarena (78) baino handiagoa.
Horiek horrela, eta Frantziak hiru bilioi eurotik gorako zorra duenez, defizita murriztea derrigorrezkoa da, Eric Lombard Finantza ministroak azaldu duenez, eta gogorarazi du Frantziak urtero 50.000 milioi euro gastatu behar dituela bere zorra finantzatzeko —aurrekontuaren atalik handienetan bigarrena da, osasun gastuaren ondoren—. «Egoera larria da», nabarmendu du ministroak.
Lombardek Bayrouren Modem taldearekin eta PS alderdi sozialistarekin hasi ditu aurrekontuari buruzko negoziazioak, gaur, eta hurrengo egunotan haren bulegotik igaroko dira parlamentuan ordezkaritza duten beste taldeetako ordezkariak —LFI Frantzia Intsumisoak uko egin dion bileretan parte hartzeari—. Lombardek badaki zaila duela sozialisten, ekologisten eta komunisten aldeko botoa lortzea aurrekontuen auzian, baina haiek abstentziora jotzea nahi du.
Olivier Faure PSko lehen idazkariaren adiskidea da Lombard, baina ikusteko dago harreman horrek fruitua ematen ote duen. Lehen harremanak ez du akordiorako zantzu handirik eman. «Arlo askotan amore ematen ez badute, prest gaude geure ardura geure gain hartzeko, baita zentsura mozio bat [babestea] ere», esan zuen Faurek, ministroarekin bildu ondoren. Hori bai, PSko buruak zehaztu zuen ez dutela beste mozio bat nahi, «baizik eta elkarrizketa emankor bat, eta orain arte ez da halakorik izan».
Ezkerraren adar moderatuenaren babesa lortzeko helburuarekin, Lombardek agindu die Barnierrek baino motelago jokatuko duela defizita murrizteko ahaleginean: zerga igoeren eta aurrekontuko atal batzuetan egindako aurrezkien bidez, 60.000 milioi euroren ahalegina egin nahi zuen Barnierrek, aurten defizita %5,1ekoa izan zedin. Baina gobernuak asko jota 50.000 milioi bildu nahi ditu, eta haren helburua da defizita %5etik gora eta %5,5etik behera uztea. Gehiago murriztu nahi izateak «hazkundea arriskuan jarriko luke», Lombardek ziurtatu duenez.
Iragarritako zergak baizik ez
Barnierren aurrekontuan, zerga igoerek pisu handiagoa zuten aurrezkiek baino. Gobernu berriaren aurrekontuan, berriz, gastu murrizketak lehentasuna izango du, Lombarden esanetan, baina garrantzi handia izango dute zergek ere. Edonola ere, De Montchalin ministroak agindu du «erdiko klasearen gaineko zergak» eta BEZa ez direla emendatuko.
Hori bai, Barnierren proposamen batzuei eutsi asmo diete, hala nola irabazi handiak dituzten herritarrek errenta zergan aldi baterako gehigarri bat ordaintzea, enpresa handienek tasa berezi bat pagatzea, enpresek beren akzioak erosten dituztenerako tasa bat sortzea, eta hegaldien gaineko zerga handitzea.
Lombarden eta De Montchalinen asmoa da aurrekontu proiektua otsaila amaitu aurretik prestatzea, beranduenik martxoan indarrean jar dadin.