Koronabirusa

Frantziako Gobernuak kotizazioen eta zergen ordainketa atzeratu die enpresei

Kaleratutako langileen soldatak ordainduko ditu bi hilabetez. 300.000 milioi euroren bermeak emango dizkie enpresei, likidezia izan dezaten.

Jatetxe itxi bat, Parisen. YOAN VALAT / EFE
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 17a
15:26
Entzun

Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia eta Finantza ministroak  45.000 milioi euroren laguntza sorta bat iragarri du gaur. Telefono bidezko agerraldi batean, onartu egin du koronabirusaren krisiak atzeraldian sartuko duela Frantzia, eta zor publikoa BPGaren  %100etik gora igoko dela. Oraingo neurrien helburua da «koronabirusaren izurritea atzean geratzen denean ekonomia oso indartsu abiatu ahal izatea».

Ekonomia ministroak herritarrei eskatu die dendetan ez pilatzeko, eskasia egongo balitz bezala. «Ez da egongo, salbu eta mundu guztia presaka badoa. Diru erreserbak eskudirutan pilatzea ere alferrikakoa da».

Honakoak dira Le Mairek iragarri dituen neurriak.

-Enpresek atzeratu egingo dute beren langileen gizarte kotizazioen eta zerga zuzenen ordainketa. Arazo latzak dituzten enpresei zor horiek barkatzeko aukera aipatu du ministroak. Neurri horrek 32.000 milioi euroren kostua izan dezake.

-Enpresek orain aldi baterako kaleratutako langileen soldatak estatuak ordainduko ditu bi hilabetez. 8.500 milioi euroren kostua.

- Urtean milioi eurotik behera fakturatzen duten enpresei laguntzeko, Elkartasun Funtsa sortuko dute. Horretatik dirua jaso ahal izango dute diru sarrerarik gabe geratu direnek, edo %70etik gora galdu dutenek. Gobernuak uste du 600.000 izango direla. 1.500 euro jasoko dituzte. Langile autonomoek ere jasoko dute.

-Parisko burtsan kotizatzen duten 92 enpresaren zorpeko salmentak debekatu ditu, espekulazioa txikitzeko.

-Enpresa txikiek aukera izango dute argindarraren eta gasaren ordainketa atzeratzeko. Alokairua pagatzeari utzi ahal izango diote, baina soilik jabearen porrota ez badakar. Neurri horiek ez zaizkie herritar arruntei ezarriko.

-Enpresek ordainketak egiten jarrai dezaten, estatuak 300.000 milioi euroren bermeak emango dizkie maileguak eskatu behar badituzte.

-Enpresa handiek burtsan jasan ditzaketen «erasoei» aurre egingo die gobernuak. Beharrezkoa bada, enpresa horien kapitalean sartuko da erosketa erasokorrak eragozteko. Le Mairek ez du baztertu enpresa oso bat nazionalizatzeko aukera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.