Frantziako Gobernuak «ahalegin gehigarriak» iragarri ditu defizit publikoa jaisteko

Defizit publikoa BPGaren %5,5era igo da, gobernuak espero zuen baino sei hamarren gehiago. 2027rako %3ra jaitsiko duela agindu du Parisek, eta zergak igo gabe egingo duela hori.

Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroa eta Gabriel Attal lehen ministroa, artxiboko irudi batean. LUDOVIC MARIN / EFE
Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroa eta Gabriel Attal lehen ministroa, artxiboko irudi batean. LUDOVIC MARIN / EFE
Iker Aranburu.
2024ko martxoaren 26a
11:58
Entzun

Frantziak arazo bat du bere kontu publikoekin. Urteak dira ez dela gai izan bere gastuak eta diru sarrerak orekatzeko, eta 2023. urtea ez da salbuespena izan. Are gehiago, urtea Parisko gobernuak uste zuen baino okerrago joan dela baieztatu du Insee estatistika erakundeak: iaz barne produktu gordinaren %5,5eko defizita izan zuen Frantziak, gobernuak kalkulatu baino sei hamarren gehiago. Dirutan, kutxa publikoan sartu baino 154.000 milioi euro gehiago gastatu zituen. 

Azken hamarkadan, Frantzia eta Espainia eskuz esku aritu dira euroguneko defizitaren txapelketaren lidergoan, baina 2023an haien bilakaera desberdina izan da: Espainiak BPGaren puntu bat jaitsi du bere defizita —%4,7tik %3,7ra—, baina Frantzian gora egin du, 2022an %4,8 izan baitzen.

Arrazoien artean dago Parisko gobernuak bere gain hartu duela pandemiarekin, Ukrainako gerrarekin eta energia krisiarekin sortutako gastuen parte handi bat, baina ez dituela hein horretan handitu zerga bidezko diru sarrerak. Esaterako, energiaren prezioen emendatzearen aurkako neurriak, ezkutu energetikoa deitutakoak, 36.000 milioi euroko kostua ekarri dio estatuari 2022an eta 2023an. Inseek azaldu duenez, 2023an hazkunde ekonomikoaren moteltzeak (%0,9) eten egin du zerga bilketaren hazkundea (+%0,3), baina gastu publikoak erritmo handiagoan hazten jarraitu du (+%3,7).

%4,4ko helburua

Parisen helburua da aurten %4,4ra jaistea desoreka hori, baina auzitan dago lortuko ote duen. Hazkunde ekonomiko apala espero da aurtengo ere: aurrekontuetan %1,4koa iragarri zuen, baina orduz gero %1era jaitsi du gobernuak, eta ehuneko hori bera oso baikorra dela uste dute analista askok. Hazkunde motelak eta inflazioa ere apaltzeak nekez handituko du zerga bilketa, eta Emmanuel Macron presidenteak oso garbi utzi du ez duela zerga berririk nahi, uste baitu zerga presioa jada oso handia dela —BPGaren %50etik gorakoa—.

12.900

Gizarte Segurantza salbuespena da. Frantziako Estatuaren adar horrek 12.900 milioi euroko superabita izan zuen zuen iaz, 2022an baino 4.700 milioi gehiago. Defizita handitu zuten, berriz, administrazio zentralak (+6.900 milioi), tokiko administrazioak (+8.900 milioi) eta erakunde publikoek (+1.600 milioi).

Horiek horrela, kontuak onbideratzeko bide bakarra gastua murriztea izango da. Duela hiru aste, Bruno Le Maire Finantza ministroak agindu zuen aurten 10.000 milioi euroren murrizketak egingo dituztela 2024ko aurrekontuan. Orain, desbideraketa are handiagoa denez —%5,5etik %4,4ra—, gehiago aurreztu beharko dela aitortu du. «Ahalegin gehigarriak egin beharko dira», azaldu du gaur goizean, RTL irratian. «Gastu publikoan aurrezkiak egin daitezke frantziarren sakela ukitu gabe. Zerga igoeren erabat aurka nago», gaineratu du, eta azaldu beharrezkoa dela «estatuaren gastuak dena estaltzerik ez duen kontzientzia kolektiboa» .

Bide horretatik, Le Mairek iragarri du hilabeteko epea eman diela estatuko erakunde guztiei dirua non aurreztu ahal den proposa dezaten.

Edonola ere, aurten gerta daitezkeen murrizketak ez dira azkenak izango. 2027rako defizita %3tik behera utziko duela agindu dio Parisek Bruselari, baina horrek, Kontu Auzitegiaren arabera, eskatzen du 2025-2027 tartean 50.000 milioi euro moztea gastu publikoa. «Historia garaikidean ez da halako ahaleginik egin», ohartarazi zuen Pierre Moscovici erakunde horretako buruak.

Zor publikoa 3,1 bilioi euro da

Zor publikoa zorraren bitartez estaltzen da, eta, Frantzian, zor hori gero eta handiagoa da: 3,1 bilioi eurotik gorakoa da gaur egun. Hau da, BPGaren %110,6. Zor hori eta haren interesak ordaintzeko aurrekontuaren zati handi bat behar dela ohartarazi du Kontu  Auzitegiak: 54.000 milioi euro izan ziren 2024an, baina hiru urte barru, interes tasa handiagoen ondorioz, baliteke faktura 87.000 milioira iristea. Konparazio baterako, aurten 82.000 milioi euroko aurrekontua du Hezkuntza Ministerioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.