Energia

Frantziako Gobernuak 9.700 milioi euro jarriko ditu EDF nazionalizatzeko

Energia nuklearra bultzatzeko Macronen planeko zutabeetako bat izango da konpainia hori.

Emmanuel Macron, hauteskunde kanpainako ekitaldi batean. LUDOVIC MARIN (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko uztailaren 19a
13:11
Entzun

Frantziako Gobernuak iragarri du Electricite de Francen (EDF) falta zaizkion akzioen %15,90 erosteko eskaintza bat egingo duela, konpainia erabat publiko bihurtzeko: 12 euro eskainiko ditu akzio bakoitzeko, eta 9.700 milioi euro jarriko ditu guztira. Gobenuak azaldu duenez, estatuak bihurgarrien edo trukagarrien %60 erosiko ditu.

EDFren akzioak uztailaren 13an eten ziren Parisko Burtsan, eta astearte honetan berriro kotizatu dute, 11,78 euroan. Gobernuak eskaintzen duen prezioa uztailaren 5ean erregistratutakoa baino %53 handiagoa da; egun horretan Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak berretsi zuen gobernuak konpainia nazionalizatzeko asmoa zuela. Konpainia 2005ean hasi zen Burtsan kotizatzen, eta 75 eurotik gorako gehieneko prezio historikora iritsi zen.

Konpainiaren nazionalizazioa Emmanuel Macron Frantziako presidenteak martxoko hauteskundeetan egindako promesetako bat izan zen, Errusiako eta beste herrialde batzuetako energien menpekotasuna amaitzeko neurri gisa, eta prezioen gorakada handiari aurre egiteko asmoz.

Era berean, gobernuak EDFren nazionalizazioa erabili nahi du energia nuklearra bultzatzeko. Hurrengo urteetan Frantzian sei erreaktore nuklear eraikitzeko plan bat iragarri du. Berriki, EDFk arazoak izan ditu bere erreaktore batzuekin, eta kanpotik energia gehiago inportatu behar izan du Frantziak.

«Eragiketa honek Frantziaren independentzia energetikoa indartzen du. EDFri beharrezko baliabideak ematen dizkio errepublikako presidenteak nahi duen programa nuklear berria azkarrago ezartzeko eta energia berriztagarriak Frantzian hedatzeko», adierazi du astearte honetan Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia eta Industria ministroak.

EDFk 3.150 milioi euroko kapital zabalkuntza egin zuen joan den apirilean, eta estatuak 2.700 milioi euro jarri zituen. Konpainiak 5.113 milioi euroren irabazi garbiak izan zituen 2021ean, eta 43.000 milioiko zorra du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.