Energia

Frantziako Gobernuak 100 euroren laguntza emango die autoa lanerako behar dutenei

Abenduaren 31n amaituko da erregaiaren hamar zentimoko deskontu orokorra, eta hortik aurrera langile apalenentzat izango da laguntza. 

Ibilgailuak, A63 autobidean, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 7a
11:35
Entzun

Frantziako Gobernuak jada iragarri du zer egingo duen urtarrilaren 1etik aurrera erregaiaren kostua txikitzeko. Orduan amaituko da erregaiaren deskontu orokorra —hamar zentimorena izan da azken asteetan—, eta diru sarrera apalak dituzten langileek baizik ez dute jasoko.

Elisabeth Borne lehen ministroak RTL irratian azaldu duenez, ehun euroren laguntza bat emango diete «lanera joateko autoaren beharra duten frantziar apalei». Kalkulatu dutenez, hamar milioi lagunek jaso ahal izango dute, «familien erdiek baino pixka bat gehiagok».

Zehazki, diru sarrerak behetik hasita lehen bost mailetan dituztenek izango dute ehun euroren saria jasotzeko eskubidea. Hots, soldata guztiak hamar zatitan banatuz gero, beheko bostetan daudenek.

Frantziako Ogasunaren webgunera jo beharko dute (impots.gouv.fr); matrikularen berri eman, eta agiri bat bete beharko dute adierazteko autoa behar dutela lanera joateko. Ogasunak egiaztatuz gero haien diru sarrerak lehen bost deziletako batean daudela, ehun euroren laguntza jasoko dute, ordainketa bakar batean.

Bikote batzuetan bi laguntza jaso ahal izango dituzte, haien diru sarrerak txikiak badira.

Autoaren ordez motorra darabiltenek ere eskuratu ahal izango dituzte.

Langabeek ez dute ehun euroren laguntza jasoko, baina Bornek azaldu du lana bilatzeko autoa behar dutenek Pole Emploiren langabezia bulegoetan eskatu ahal izango dutela beste laguntza bat.

Erregaiaren prezioa

Aste honetan, batez beste, 1,731 euroan dago ezantza edo gasolina Ipar Euskal Herriko gasolindegietan, eta 1,826 euroan, berriz, gasolioa.

Ekainean jo zuen goia haien prezioak (2,098 euro gasolioak eta 2,083 euro ezantzak), baina orduz gero apaldu egin da, petrolioa merkatu egin delako.

Ipar Euskal Herriko zerbitzu guneetako prezioetan jada islatzen da gobernuaren deskontua, baina ez, ordea, Hegoaldekoetan, eta horregatik ezin dira bi prezioak konparatu.

Deskontuaren gorabeherak

Apirilean hasi zen Frantziako Gobernua erregaiaren erosketa diruz laguntzen. Hasieran hemezortzi zentimorena izan zen deskontua, eta Bruno Le Maire Finantza ministroaren asmoa zen urrian hamabi zentimora txikitzea, eta abenduan desagerraraztea. Baina Errepublikanoak (LR) alderdiaren babesa behar izan zuen erosteko ahalmenari buruzko legegaia onartzeko, eta eskuineko alderdi horiekin hitzartu zuen laguntza 30 zentimokoa izango zela irailean eta urrian, eta hamar zentimokoa azaroaren erdialdetik aitzinera eta abenduan.

Hegoaldean, Madrilen zain

Espainiako Gobernua ere apirilean hasi zen gasolinaren eta gasolioaren erosketa laguntzen: hamabost zentimoren laguntza ematen du berak, eta bost (edo hamar) zentimo jartzen dituzte petrolio enpresek. Laguntza hori, ordea, urtearekin batera amaituko da, eta Madrilek argi utzi du aldaketak egin nahi dituela, laguntza «gehien behar dutenei» soilik emateko.

Hurrengo egunotan zehaztuko du zer-nolako laguntza izango den, baina ministro batzuek iradoki dute laguntza sektore profesional batzuei soilik mugatuko dietela, errentaren arabera banatzea ezinezkoa baitzaie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.