Peio Dufau EH Baiko diputatuak laborantza lurrak babesteko aurkeztutako lege proposamena behin-behinean onartu du Frantziako Asanblea Nazionalak.
Diputatuek egitasmoaren lehen irakurketa egin zuten atzo, eta babes zabala jaso zuen: bozketan parte hartu duten diputatuen %96,6k aldeko botoa eman zuten, EH Baik prentsa ohar batean jakinarazi duenez. LR Errepublikanoak eskuineko alderdiko Julien Dive diputatuak ere izenpetu zuen eskaera, Dufaurekin batera.
Salmenta espekulatiboak eragoztea da lege proposamenaren helburua. Neurria defendatzeko Frantziako Asanblean atzo eginiko hitzaldian, Dufauk Arbonako kasua gogoratu zuen. 2021ean, hainbat hilabete iraun zuen okupazio mugimendua izan zen han, ELB sindikatuak eta Lurzaindiak deituta. Horri esker, «salmenta espekulatibo bat eragotzi zen», EH Baiko diputatuak oroitarazi zuenez.
Espekulazioaren aurka
Parisen aurkeztutako lege proiektuaren helburua da Safer landa garapenerako elkarteei botere handiagoa ematea. Lurrak saltzeko prozedura bat abiatzean, notarioak jakinarazpena bidali behar dio Safer egiturari, eta hark lehentasunez erosteko eskubidea baliatu dezake, eta erosketa prezio bat proposatu. Orduan, bi aukera daude: saltzaileak Safer egiturak proposatutako prezioa onartzea eta salmenta gauzatzea, edo salmenta bertan behera gelditzea. Baina laborantza lurrari lotutako bizitegi bat baldin bada, gauzak konplikatuagoak dira.
Etxalde batean ez bada laborantza jarduerarik bost urtean, bizitegiak laborantza bokazioa galtzen du, eta, beraz, Safer egituraren eskumenetik kanpo gelditu. Lurrekin batera laborantzarako bokaziorik ez duen bizitegi bat salgai jartzen bada, laborantza lurren zaintzeko erakunde publikoak erosketa partziala egitea proposa diezaioke saltzaileari, baina hura ez da behartua onartzera. Hala gertatu zen Arbonako Berroeta eta Senpereko Olha lur eremuekin, adibidez.
Frantziako Asanblean aurkeztu duten lege proposamena onartuko balitz, Safer egiturak aukera izango luke eskatzeko lurra eta bizitegia bi jakinarazpenetan bereizi ditzatela. Hartara, lurrak lehentasunez erosteko aukera izango luke berriz ere.