Enpresa teknologiko handiei emandako su-etena amaituta, erasora jo du Frantziak. Bere mugen barruan fakturatzen dutenaren gaineko tasa bat ezartzearekin batera, isunen bidea hartu du. 100 milioi eurokoa jarri dio Googleri eta 35 milioikoa Amazoni, erabiltzaileen pribatutasuna urratzeagatik, publizitate fitxategi edo cookie-en bitartez.
Google.fr eta Amazon.fr zigortu ditu Informatikaren eta Askatasunen Frantziako Batzorde Nazionalak (CNIL). Ohartarazi du erabiltzaileen baimenik gabe haiei buruzko informazio ugari biltzen dutela bi enpresa horiek, ondoren publizitate pertsonalizatua proposatu ahal izateko aitzakiarekin, eta zeharkako diru sarrerak lortzeko. Erakunde horrek egiaztatu duenez, informazio abisuek ez dute leiho horien helburuei buruzko informazio argirik jasotzen, eta horiek erraz desaktibatzeko modurik ere ez diete eskaintzen erabiltzaileei.
Artxibo ezkutuak
Gainera, Googleri leporatzen dio artxibo bat gordetzea ordenagailuetan, ezer jakinarazi gabe edo iragarkien pertsonalizazioa kenduta ere. Ezkutuko artxibo horren bitartez, erabiltzaileek bilatzailean sartzen dituzten edukiak erregistratu eta jasotzen jarraitzen du konpainiak.
CNILek bi enpresa horiei agindu die informazio abisuak aldatzeko hiru hilabeteko epean; bestela, 100.000 euroko isun gehigarria jasoko dute igarotako egun bakoitzeko. 2019ko urtarrilean, CNILek 50 milioi euroko isuna jarri zion Googleri arrazoi beragatik.
Frantzia, halaber, azaro amaieran hasi zen enpresa handi horiei tasa berezi bat eskatzen, hainbat hilabetez izoztuta eduki ostean. Herrialdean fakturatzen dutenaren %3 eman beharko diote estatuari. Munduan Google tasa esaten zaio neurri horri, eta hainbat herrialdetan ezarri dute —Espainian urtarrilaren 1etik aurrera egongo da indarrean—. OCDEk eta Europako Batasunak oinarriak finkatu nahi dituzte, baina ezezko batzuekin egin dute topo: Irlandak eta Eskandinaviako herrialdeek esan dute ezetz, adibidez.
Lehiakideen kontrola
Frantziak ez ezik, AEBetako agintariek ere kezkaz begiratzen diote sareko erraldoiak biltzen ari diren botereari. Herenegun jakin zen 46 estatuk eta bi eskualdek Facebook salatu dutela «legez kanpoko monopolioagatik»; bere esku dauden Whatsapp eta Instagram saltzera behartu nahi dute. AEBetako agintarien ustez, Facebookek, bere estrategia oldarkorrarekin, bere lehiakideak kontrolatu nahi ditu, eta merkatua menderatu.
Auzia Europara ekarrita, Margrethe Vestager Lehiaren komisarioak esan du «interesgarria» eta «pozgarria» dela agintari estatubatuarrek egindako urratsa. Europan, Facebooken inguruko bi ikerketa martxan daude, baina, Vestagerren arabera, ez daude AEBetakoak bezain aurreratuta.
Aurretik ere egin du saiorik. Whatsappen erosketa ikertu zuen; zehazki, erabiltzaileen telefono zenbakiak Facebookeko profilekin lotzearen ondorioak aztertu zituen. Nahiz eta sare sozialak ziurtatu ez zuela hartuko neurri hori, azkenean hartu zuen, eta Europako Batzordeak 110 milioi euroko isuna jarri zion, modu engainagarrian jokatzeagatik. Bruselaren ikerketak, baina, ezin izan zuen frogatu Eurtopako lehiari buruzko legeak urratu zituenik.