Foruzaingoak deklaratzera deitu ditu Nafarroako Parlamentuan sartzen saiatu ziren zazpi nekazari

Iruñeko komisarian zitatu dituzte biharko, zenbait iturriren arabera, atxilotu gisa. Kargu ezberdinak egozten dizkiete, guztiek lotura duten arren martxoaren 7ko gertakariekin.

Foruzainak nekazariei Nafarroako Parlamenturako sarbidea eragozten, martxoaren 7an. IÑIGO URIZ / FOKU
Foruzainak nekazariei Nafarroako Parlamentuan sartzea eragozten, martxoaren 7an. IÑIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 18a
15:50
Entzun

Ondorioak izango ditu martxoaren 7an Nafarroako Parlamentuan gertatutakoak. Nekazari talde bat eraikinean indarrez sartzen saiatu zen, eta tentsio handia izan zen haien eta sartzea eragotzi zieten foruzainen artean. Gertakariokin lotuta, Poliziak zazpi lagun zitatu ditu biharko Iruñeko komisarian; zenbait iturriren arabera, atxilotu gisa.

Akusatu bakoitzak abokatu batekin agertu beharko du polizia etxean. Lehenik eta behin, deklaratu egingo dute, eta jarraian atxikiko dituzte. Denek parte hartu zuten duela hamar eguneko erasoan, baina ez dizkiete kargu berak egozten: batzuei erakunde batean indarrez sartzea leporatzen diete, eta beste batzuei, berriz, autoritatearen aurkako atentatua egitea.

Martxoaren 7ko irudiak aztertu ostean identifikatu dituzte deitutako zazpi lagunak. Ikerketa zabalik dago oraindik, eta litekeena da Foruzaingoak jende gehiago atxilotzea.

Adierazpen bateraturik ez

Gertakarien egunean, nekazariek elkarretaratzea egin zuten parlamentuaren aurrean, eta aurrekontuak onartzeko osoko bilkuran sartzen saiatu. Foruzainek atean eten zieten bidea, borra kolpeka eta bultzaka. Ez zen argi geratu zer asmo zuten. Goizeko saioa amaituta, nekazariak korrika ibili ziren parlamentutik autoan atera ziren legebiltzarkideen atzetik, irainka. Maria Txibite gobernuko lehendakariaren aurka oso hitz gogorrak erabili zituzten egun osoan.

Astelehenean, berriz, Nafarroako Parlamentuko taldeak ez ziren gai izan ostegunean gertatutakoa gaitzesten zuen adierazpen instituzional bat onartzeko. Unai Hualde legebiltzarreko presidenteak testu bat aurkeztu zuen, parlamentuan «indarrez sartzeko» eta instituzioari «eraso» egiteko saioa gaitzesteko. UPNk ez zuen gertaera hori «erasotzat» jo nahi izan, eta PPk bat egin zuen interpretazio horrekin. Biak abstenitu egin ziren, eta Voxek aurka bozkatu zuen. Parlamentuko araudia aldatu zenetik, adierazpenak aho batez onartu behar dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.