Formaldehidoaren usainean

Osalanen laborategiak hiru hamarkada daramatza lanpostuetako substantzia kimiko kaltegarriak aztertzen. Egun arnasbideetatik sartzen direnetan jartzen du arreta handien. Laborategi propiorik ez duten enpresak kontrolatzen ditu bereziki.

Lagin punpa; langileek soinean eramaten dute neurketa egiteko. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Formaldehidoa da orain kontrolatu beharreko substantzia. Ez da bakarra, baina,egunerokoan behintzat, haren arrastoari jarraitzen diote gehienbat. «Minbizia eragin dezake, eta sektore askotan erabiltzen da», azaldu du Maria Jesus Arenaza Osalaneko teknikariak. Arenaza, baina, ez da Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko ohiko teknikari bat; haren jokalekua laborategia da, eta atorra, bata zuria. Bi teknikari eta hiru laguntzaile dira taldean, eta haiek aztertzen dute produktu kutsagarriekin lan egiten duten langileek lantokietan arnasten duten airearen kalitatea.

«Enpresa oso handiek normalean laborategi propioak dituzte, eta gurea txikiagoentzat da», zehaztu du Lourdes Iscar Osalaneko zuzendari nagusiak. Laborategia Osalanek Basatxu mendian (Barakaldo, Bizkaia) duen egoitzan dago, 1990ean jarri zuten martxan, eta ikerketa zientifikoan oinarrituriko edozein polizia telesailen agertokia izan zitekeen. Tutu txikietako osagaiak banatzeko zentrifugazio gailu ugari dituzte, eta gas mota askoren hodiak. Lehen, gernu eta odol analisiak ere egiten zituzten, adibidez, berun arrastoak-eta aurkitzeko; baina, orain, batez ere, arnasbideetan zentratzen dira.

Osalan bera lantoki batek azterketa zehatza behar duela uste duenean sartzen da jokoan laborategia, eta lehen pausoa, nola ez, lagina jasotzea da. Langileari maskaran itsatsita doan lagin ponpa bat jartzen diote, haren bitartez arnasa hartu dezan, eta hark jasotzen du froga. «Batzuetan filtroan bertan geratzen dira arnasten ari den horren partikulak, beste batzuetan makinak jasotzen ditu edo likido erreaktibo bat duen tutu batean», deskribatu du Arenazak. «Lanpostu bakoitza mundu bat da, eta jardunaren arabera produktu jakin batzuen bila jotzen dugu», gehitu du.

Laborategiko makinarik deigarrienetako batek burdin arrastoak bilatzen ditu. Orratz fin bat mugitzen duen beso mekaniko txiki batek laginak aztertzen ditu etengabe. «Orain langile baten emaitzak ikertzen ari da, eta kromo zantzuak bilatzeko programatu dugu. Tanta hori tenperatura altuan jarri, lurrundu eta gas hori neurtzen du. Kromoa, esaterako, lan askotan dago: aleazioak erabiltzen diren tokietan, katalizatzaileak egiteko, altzairu herdoilezina... eta batez ere, metalezko gaiak kromatzen diren tokietan», aletu du. Osalanen ikerketen arabera kromoaren arnasketa bronkitis kroniko kasuekin lotzen da, baita minbizi kasu batzuekin ere. Biriketan gain, gibelean ere pilatu daiteke.

Silize kristalizatua, amiantoa... ohiko susmagarriak dira, baina ez bakarrak. Esan bezala formaldehidoarena da orain jarraitu beharreko usaina: «Erretxinetan dago, egurrezko aglomeratuetan, pneumatikoen osagaietan... Pneumatikoak egiten dituzten edo haiek eraldatzen dituzten lantegietan beti agertzen da». Baina zer da, zehazki? «Osagai kimiko bat da. Bapore gisa aurkitzen dugu, eta horregatik neurtzen dugu arnasbideetan». Osalanek hainbat ikerketa eginak ditu haren inguruan, eta produktuarekiko gehiegizko esposizioa hainbat gaitzekin lotzen dute, esaterako, leuzemia edo arnasbideetako minbiziarekin.

Laborategiak ez du legerik idazten, baina bai datuak eman, eta, haien arabera, aztertzen da langileek produktu jakin batekiko duen esposizio maila. Legezko parametroetan badaude emaitzak jakinarazten dira bakarrik; aldiz, gehienezko maila baino handiagoak badira, Osalanek arazoa konpontzeko prozedura hasten du. Alde horretatik, eta, zaintzan pauso bat gehiago emateko, Eusko Jaurlaritzak Lan Osasun eta Segurtasuneko Espainiako Institutuaren transferentzia eskatua du. Hura ere Basatxun dago, eta Osalan indartuko luke. «Bizkaiko zentroak, gainera, eskarmentu handia da industriaren arloan», zehaztu dute Osalaneko ordezkariek. Laborategian ere eskertuko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.