Fordek iragarri du 4.000 langile kaleratuko dituela Europan , lantaldeko %14

Neurriak auto elektrikoak ekoizten dituzten lantegietan izango du eragina, Alemanian bereziki.

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra Forden Koloniako lantegian, iaz egindako bisita batean. RONALD WITTEK / EFE
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra Koloniako lantegian, iaz egindako bisita batean. R. WITTEK / EFE
jokin sagarzazu
2024ko azaroaren 20a
16:15
Entzun

Volkswagenen bide bera hartu du Fordek. Hurrengo hiru urteetan Europan dituen lanpostuen %14 kentzeko asmoa du, 4.000 langile kaleratu nahi ditu, batez ere Alemaniako eta Erresuma Batuko ekoizpen plantetan eta bulegoetan, eta, bereziki, auto elektrikoarekin loturiko arloetan. AEBetako auto ekoizleak asteazken honetan azaldu duenez, Europan ibilgailu elektrikoek ez dute eman aurrez espero zuten emaitzarik, ekoizpen kostuen garestitzeagatik eta lehia gero eta handiagoagatik, batez ere Txinatik ekarritako autoak direla eta.

Pandemiaren ostean, Fordek iragarri zuen bere ekoizpen eredua aldatuko zuela Europan, eta ia erabat elektrikoa izango zela hamarkadaren amaieran, baina prozesu hori ez da aurreikusitakoaren arabera joan.

28.000

Gaur egun, Fordek 28.000 langile inguru ditu Europan. Ekoizpen planta nagusiak Kolonian eta Saarlouisen (Alemania), Almussafesen (Valentzia, Herrialde Katalanak) eta Craiovan (Errumania) ditu.

 

Almussafesen errekuntza autoak egiten ditu soilik. Ibilgailu elektrikoen ekoizpena Kolonian zentralizatu nahi zuen, azkenengo lau urteetan ia 2.000 milioi euroren inbertsioak egin eta gero, baina azkenaldian Errumaniako lantegia lehenetsi du horretarako, produkzio kostuak aurrezteko. Erresuma Batuan, berriz, motor eta transmisio fabrika batzuk ditu, baina 2013tik ez du han autorik egiten osorik. Genken (Belgika) zuen fabrika 2014an itxi zuen.

Kaleratze gehienak Alemanian egingo ditu. Marcus Wassenberg Alemaniako Fordeko zuzendari nagusiak Frankfurter Allgemeine egunkarian eman du kopurua: 2.900 lanpostu. Koloniako plantan, gainera, aurki hasiko dituzte ekoizpen murrizketak. Erresuma Batuan, berriz, 800 lanpostu kenduko dituzte, Lisa Brankin Erresuma Batuko Forden buruak gaineratu duenez. 

«Europan eta Alemanian mugikortasun elektrikoan aurrera egiteko agenda politiko argi bat falta da», esan du ohar batean John Lawler Fordeko presidenteorde eta finantza zuzendariak. Lawlerrek inbertsio publiko handiagoa eskatu du kargatzeko azpiegituretarako, pizgarri gehiago auto elektrikoen erosketarako, eta malguago jokatzeko CO2 isuriak murrizteko helburuetan.

VWeko langileen proposamena

Fordek jakinarazitako asmoak bat datoz Volkswagenek urri amaieran iragarritakoekin. Alemaniako fabrikatzaileak herrialde horretan dituen hamar lantegietatik hiru itxi nahi dituela jakinarazi zuen.

Horren harira, IG Metall sindikatuak eta langile batzordeak 1.500 milioi euro aurrezteko plan bat aurkeztu dute asteazken honetan. Soldatak izoztea proposatu dute, Alemaniako metalurgia eta elektrizitate industriarako adostutako soldata igoerak —%5,1ekoa 2026ra arte— ez ordaintzeko, eta diru hori funts batera bideratzeko asmoz enpresak lanaldiak murrizteko edo malgutzeko, langilerik kaleratu gabe. Langile batzordearen eta zuzendaritzaren arteko negoziazioek aurrera jarraitzen dute, baina IG Metallek ohartarazi du itxiera planek bere horretan jarraitzen badute grebara joko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.