Fiskaltzak berretsi du Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu zuela 2013an

Frogatutzat eman du urtegietatik ura kentzen aritu zela «inolako justifikaziorik gabe».

IBERDROLA
Auzipetuak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiaren aurrean. CHEMA MOYA / EFE
jokin sagarzazu
2023ko azaroaren 28a
14:00
Entzun

Iberdrolaren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan, fiskaltzak bere azken txostenean berretsi du konpainia elektrikoak «justifikaziorik gabe» garestitu zuela argindarra 2013an. Azaldu du «manipulazio» hori ezin dela justifikatu negu hartako euri eskasiarekin.

Fiskalaren arabera, udan zehar, zentral hidroelektrikoak hornitzen dituzten urtegietatik ura kentzen aritu zen enpresa, «inolako justifikaziorik gabe». Kasuan inplikatutako hiru arroetako —Ebro, Sil eta Tajo— ur erreserbak 2012ko aldi berean baino handiagoak ziren, eta 2011koak halako bi. «Oso urte lehorra izatea espero zen, baina ez zitzaien axola; ura kendu egin zuten, eta hori zuzendaritzaren erabakia izan zen; onurak lehenetsi zituen».

Erabaki horren atzean Espainiako Gobernuaren aurrekontuetan tarifaren defizita konpentsatzeko partida bat kendu izana egon daiteke, fiskalaren arabera. «Mendeku moduko bat izan zen, konpainiak ekonomian duen boterea erakusteko».

107

Eragindako kaltea, milioi eurotan. Fiskaltzaren arabera, Iberdrolaren «trikimailuak» 107 milioi euroren kalteak sortu zituen; horietatik 96,7 milioi kontsumitzaileek ordaindu zituzten, eta gainontzekoa, argindar merkaturatzaileek.

Fiskaltzaren kalkuluen arabera, konpainiak 21,2 milioi euro baino gehiago irabazi zituen. Hasieran, 84,9 milioiko isuna eskatu zuen Iberdrolarentzat, baina, 2015ean araudian egindako aldaketa baten ondorioz, 5,4 milioi eurora gutxitu du.

Iberdrola Generacion eta orduko lau zuzendari daude auzipetuta: Angel Chiarri, Gregorio Relaño, Jose Luis Rapun eta Javier Paradinas. Oraindik ere ardura postuak dituzte enpresaren barruan.

Instrukzio fasea 2015ean hasi zen, eta 2017an Guardia Zibilak eta Polizia Judizialak Iberdrolaren Bilboko eta Madrilgo egoitzak miatu zituen: bertan aurkitutako dokumentu batzuk irakurri ostean ondorioztatu zuten enpresak bilera informal batzuetan jartzen zituela zentral hidroelektrikoetan ekoiztutako argindarraren prezioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.