Findegietako langileen greba dela eta, erregai falta hedatzen ari da Frantzian

Parisko gobernuak Polizia bidali du Bretainiako eta Proventzako gasolio eta ezantza biltegiak desblokeatzera. Erretretaren erreformaren aurkako bederatzigarren protesta eguna izango da bihar

Parisko kaleak zaborrez beteta, biltzaileak greban baitaude pentsioen erreformaren aurka. CHRISTOPHE PETIT TESON / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Biharko bederatzigarren mobilizazio eguna iritsi bitartean, erretretaren erreformaren aurkako protestaren erdigunea energia hornidurara igaro da. Urtarrilaz geroztik, argindar mozketak izan dira han eta hemen, baina orain erregaien eskasia bihurtu da Frantziako Gobernuari presio egiteko modu nagusietako bat. Asteburuaz geroztik hornidura arazoak hedatzen ari direnez—gutxienez hamar gasolindegitarik batean ez da erregairik—, Parisko gobernuak lehen neurriak hartu ditu: petrolio biltegiak indarrez desblokeatzen hasi da, eta grebalari batzuk lan egitera behartu ditu.

Frantziako zazpi petrolio findegietako langileak greban dira, eta, CGT sindikatuaren arabera, astelehenaz geroztik ez da gasoliorik eta ezantzarik (gasolina) atera handik. Zazpiak daude geldituta edo gelditzeko bidean. Findegietatik erregaia ez ateratzeak eragin du tentsioa banaketa katearen erdiko katebegira igarotzera: biltegietara.

Horietan ere langile asko greban daude, eta beste batzuk blokeatuak dituzte grebalariek. Horrek lehen hornidura arazoak eragin zituen asteburuan, batez ere Proventzan eta Bretainian. Loira Atlantikoan, esaterako, zerbitzuguneen %37k zuten astelehenean erregai eskasia, eta %30,6 ziren haren iparraldera dagoen Ille-et-Vilaine departamenduan. Hornidura handitzeko asmotan, Barne Ministerioak Polizia bidali zuen astelehen gauean Dongesko erregai biltegia desblokeatzera, Sant-Nazer ondoan (Bretainia).

Hexagonoaren beste muturrean, Rodanoaren Ahoak (Okzitania) departamenduan, Trantsizio Energetikorako Ministerioak lan egitera behartu ditu Fos-sur-Mer herriko biltegiko txanda bakoitzeko hiru langile. Sindikatuak mobilizazio hori eragozten eta erregaiz betetako kamioiak gerarazten saiatu ziren atzo, bainaaurrez aurre egin zuten talka CRSpoliziekin, eta zaurituak izan ziren haien arteko borroketan.

Marseillatik gertu dago biltegi hori, eta Proventza-Alpeak-Kosta Urdina ez ezik, Okzitania eskualdeko ekialdea eta Lyon ingurua ere hornitzen ditu, azken hori oliobide baten bitartez. Inguru horretan ere eskasia zabaltzen ari da: Rodanoaren Ahoak departamenduan gasolindegien erdietan erregai bat falta zen, eta hirutik batean ez zegoen ezer.

Iparraldean, arazo gutxi

Eskasia ez da oraingoz Ipar Euskal Herrira iritsi. Datu ofizialen arabera, Pirinio Atlantikoak departamendu osoan ehun gasolindegitik batek soilik zituen arazoak astelehen arratsaldean. Autobideetan jarri du arreta prefetak: blokeatzea eragotzi nahian, Lapurdiko ordainlekuetan geratzea debekatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.