Finantzen Euskal Institutuak (FEI) aro berri bat hasiko du gaur, hura kudeatzeko lege berriarekin. Bozketako emaitzak esperotakoak izan dira: EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk onartu egin dute; EH Bilduk, berriz, abstentziora jo du, uste baitu galdu egin dela FEI «demokratizatzeko» eta haren kontrola Eusko Legebiltzarraren esku uzteko aukera. PPk aurka bozkatu du.
Hemendik aurrera ardura handiagoak izango ditu, eta jardun zehatzagoa. FEI Eusko Jaurlaritzaren finantza jarduna kudeatzen duen erakundea da, eta, aurrerantzean, funts edo enpresetan sartuta dagoen diru publikoa kudeatuko du. Jaurlaritzaren asmoa da, halaber, haren esku uztea Europako Funtsen eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresen arteko harremana.
2009an sortu zuten FEI, eta, harrezkero, 700 milioi euro banatu ditu enpresen artean. Jaurlaritzak, baina, handitu egin nahi du haren eragiteko ahalmena, eta maiatzean aurkeztu zuen institutuaren jarduna aldatzeko lege ekinaldia. Sei hilabeteko eztabaida bidearen ondoren, gaur iritsi da Jaurlaritzara, eta nahikoa babes jaso du aldaketa horretarako.
FEIren jardunak pisu handia du Ekonomia eta Ogasun Sailean —hari atxikita dago—, eta Francisco Javier Arnaez Arresigor da haren zuzendaria. Haren ardura da enpresa publikoei eta pribatuei kredituak ematea, kapital sozialean parte hartzea, finantza laguntza ematea finantzaketa ematen duten sozietateei eta sustapenerako finantzaketa prestatzea. Haren menpe dago, esaterako, Finkatuz funtsa, hau da, Jaurlaritzak besteak beste Kaiku, CAF eta ITP Aeron sartzeko erabilitako erreminta.
Lege berriaren helburu nagusia da FEIren jarduera eremua, funtzioak, antolaketa eta araubide juridikoa zehaztea, finantzaketa publikoko tresnen kudeaketa lana sendotzeko. Antolamendu esparru bat ezartzen du esku hartzeko hiru tresna motak (kapital inbertsioa, bermea eta mailegua) ordenatzeko, enpresen beharren, tamainaren eta garapen fasearen arabera.
Europako Funtsak lortzeko artekari
Bilakaera horrez gain, Jaurlaritzak bi zeregin gehitu dizkio FEIri. Batetik, Europako Funtsen artekari bihurtzea nahi du, enpresa txiki eta ertainei mailegu horietarako bidea errazteko. Bestetik, Euskadiko Finantza eta Inbertsio Klusterra sortzea, eta haren dinamizatzaileetako bat izatea.