FINANTZAK: MILA BIDER GALDERA

Ebakia hamar zentimo garestitu da, interes tasek gora egin dute, eta ireki da errenta aitorpena egiteko epea. Hala diote egunkarietan, eta, zalantzak, airean. Adituen arabera, asko dago ikasteko finantzen inguruan, eta arrisku handia dakarte itsu-itsuan hartzen diren erabaki ekonomikoek.

Finantza alorreko irakasgaiak hautazkoak dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. BERRIA.
maddi iztueta olano
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Hipotekak, gordailuak, inbertsio planak. Maiz entzun arren, hitz arrotzak dira askorentzat; gazte eta nerabeentzat, bereziki. Batzuek badute orri korapilatsuetan zehar gidatuko dituen inor, baina beste batzuek itsu-itsuan hartzen dituzte finantza arloko erabakiak. Horixe adierazten du Intrumek egindako Europako Kontsumitzaileen Ordainketen azken txostenak; Espainiako herritarren %24k uste dute ez dakitela nahikoa finantzen inguruan.

Inkestaren emaitzarekin bat egiten du Ainhoa Saitua Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Baliabideak Graduko irakasle eta Ekonomistak elkarteko kideak: «Gazteek eta nerabeek ez daukate nahikoa ezagutza sistema finantzarioaren inguruan». Eta hori aldatzeko, ezinbesteko espazioak dira hezkuntza zentroak. Hego Euskal Herriko hezkuntza planek barne hartzen dituzte finantza arloko irakasgaiak, hala nola Ekonomia eta Enpresen Administrazioa. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailan eta Batxilergoan eskaintzen dituzte, baina hautazkoak dira.

Horrenbestez, informazio hori nondik lortu ezin asmatu sartzen dira lan mundura gazte asko, eta orduan iristen dira galderak arrapaladan: Zer zerga ordaindu, errenta aitorpena nola egin, interes tasak zer diren... Horiexek gazteen artean gehien errepikatzen direnak.

Baina zirt edo zart egiteko, «ezinbestekoa» da aukera bakoitzaren arriskuak aztertzea. «Mendira doanak jakin behar du zein onddo den pozoitsua eta zein ez. Ba berdin gertatzen da finantza arloko erabakiekin. Erabaki bakoitzaren arriskuak zein diren jakin behar da», azpimarratu du Saituak.

Horietako batzuk zerrendatu ditu Joseba Barandiaran Ekonomistak elkarteko presidenteordeak: «Ezagutza urria denean, posible da erosketak behar besteko segurtasunik gabe egitea, zenbait baliabideri uko egitea, edo hipoteka baten kontratua ez ulertzea».

Ekonomia, lehen lerrora

Bat datoz Saitua eta Barandiaran: Finantza heziketak «pisu handiagoa» izan behar du hezkuntza sisteman. Halere, beti dago zer ikasia. Urteak joan, urteak etorri, gizartea nola, hala aldatzen dira joera eta baliabide ekonomikoak. Horregatik, «ezinbestekoa» da helduek finantzen inguruko informazio eguneratua izatea. Azken urteotan diru mugimenduak egiteko zabaldu den Bizum aplikazioa jarri du Barandiaranek adibidetzat: «Adineko zenbaitek eskudirua erabiltzen jarraitu nahi du, horrela egin izan duelako beti. Orduan, digitalizazioak eta finantza heziketa eskasak arrakala handia sortzen dute».

Horiek hala, hezkuntza zentroek bakarrik ez, beste espazio batzuek ere finantzan hezteko aukerak eman behar dituztela uste du presidenteordeak: «Formakuntza ezinbestekoa da, baita kolektibo zaurgarrientzat ere: etorkinak, gazteak, adineko jendea... Udalek ere eskaini behar lituzkete informazio finantzarioa helarazteko programa eta ekinaldi jakin batzuk».

Azaldu duenez, elkarteak birritan bultzatu ditu halako egitasmoak, baina horiek «egonkorrak eta eraginkorrak» izateko, hauxe da gakoa: finantza heziketa ezinbesteko ezagutza alortzat jotzea, eta administrazio publikoek zein Eusko Jaurlaritzak «lehen lerroan» jartzea.

Izan ere, gaur-gaurkoz finantza arloko irakasgaiak hautazkoak dira DBHn eta Batxilergoan; hortaz, «hautazko hori ezin ikasi gelditzen da gehiengoa». Iritzi berekoa da Saitua. Haren arabera, ikasgai horiei pisu handiagoa emateaz gain, beste diziplina batzuekin uztartu behar dira. «Matematikaren gutxieneko ezagutza izatea ezinbestekoa da edozein erabaki finantzario hartzeko. Baita ekonomiaren historia ezagutzea ere».

Irakasle lanetan, nor?

Hezkuntza zentroetako hutsune hori bete nahian, ekonomiari lotutako gaien inguruko ikastaroak eta programak jarri dituzte abian hainbat finantza erakundek, hala nola Kutxabankek eta Laboral Kutxak. Lehenak gaur zortzi urtetik eskaintzen du Bizitzarako Finantzak programa; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza zentroetako DBHko 3. eta 4. mailetan eta Lanbide Heziketako 1. mailan. Ekimenaren helburua zera da: nerabeek finantza arloko oinarrizko kontzeptuak barneratzea.

Programaren koordinatzaile Lourdes Antañok saio horien dinamika azaldu du. Simulazio jokoen bidez lantzen dituzte finantza arloko gaiak, zenbait astez. Kutxabankeko langileak lehen eta azken saioetan izaten dira ikasgelan, eta alde handiak atzematen dituzte bi saio horien artean: «Hasieran, zergaren bat ordaintzen duten galdetzen diegu gazteei, eta ia guztiek esaten dute ezetz, ez dutela zergarik ordaintzen. Baina erosketak egiten dituzten galdetuta, ia denek erantzuten dute baietz. Eta orduan azaltzen diegu, zera, erosketak egitean dagoeneko ordaintzen dutela, gutxienez, zerga bat: BEZa. Jokoak aurrera egin ahala, horrelako kontuekin ohartzen dira».

Oinarrizkoenetik hasten dituzte saioak. Aurrekontu orrian agertzen diren kontzeptuak azaltzen dituzte: diru sarrerak, irteerak, saldoa. «Aurreztearen garrantzia nabarmentzen dugu. Baina zenbait kasutan enpresa munduarekin lotutako kontzeptuak ere azaltzen ditugu: etekinak, sozietateen gaineko zerga, eta halakoak», azaldu du Anta-ñok. Ikastaroaren amaieran, galderentzako tartea izaten dute gazteek, eta hauexek dira gehien errepikatzen direnak: hipotekaren maileguek eta zergek nola funtzionatzen duten. Halere, izan dira aldaketak zortzi urteko ibilbidean: «Nabari da hezkuntza zentroetan gero eta gehiago hitz egiten dela ekonomiaren eta finantzaren inguruan».

Barandiaranek ere hartzen du parte halako egitasmoetan, Laboral Kutxaren bitartez. Haiek ere eskoletan izaten dira, eta egitasmoaren helburua bera da: gazteak oinarrizko konpetentzia finantzarioetan trebatzea. Baina EHUko irakasleak zalantzan jartzen du halako ikastaroak finantza erakunde pribatuen esku egon behar ote diren: «Zilegi izan arren, enpresa bat da, eta bakoitzak bere jarduera ekonomikoaren aldeko apustuak egingo ditu». Haren arabera, agente desberdinen esku egon behar du finantza heziketak. «Etxean ere normaltasunez hitz egin behar da diru kontuei buruz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.