Finantza krisia Europa ekialdera hedatzen ari da

Ukraina Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza negoziatzen ari da, eta Hungariak EBZren dirua jaso du

Iker Aranburu.
2008ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Finantza krisia lehertu denetik bezero bila ari zen Nazioarteko Diru Funtsa, eta dagoeneko aurkitu du, Europa ekialdean. NDFko ordezkariak Ukrainako Gobernuarekin negoziatzen ari dira herrialde hari 14.500 milioi dolarreko mailegua emateko aukera.

Joan den astean Dominique Strauss Kahn NDFko buruak oroitarazi zuen bere erakundeak bazuela dirua kutxetan likidezia arazoak zituen edozein herrialderi laguntzeko. Asiako eta Hego Amerikako herrialdeak zituen buruan, baina Europatik etorri zaio eskaera.

Ukrainako ekonomia asko hazi da azken urteotan, baina hein handi batean asko zorpetu delako. Bankuek nazioarteko merkatuetan bildu dute Ukrainako herritarrek eta enpresek eskatu dieten dirua ,eta orain arazo handiak dituzte mailegu horiek itzultzeko edo diru gehiago lortzeko. Gainera, kontu korronteko defizita asko handitzen ari da, altzairuaren prezioa jaisten ari delako eta hori delako Ukrainako esportazio nagusia.

Ukrainako Banku Zentralak bere gain hartu behar izan du banku bat, eta beste 20 finantza erakunde diruz laguntzen ari da.

Bost milioi Hungariarentzat

NDFk beste bezero bat galdu du: Hungaria. Funtsarekin negoziatzen aritu ondoren, Budapesteko gobernuak azkenean nahiago izan du Europako Banku Zentralaren laguntza jaso. EBZk 5.000 milioi euroko mailegua eskaini dio Hungariari, herrialde hartako bankuek duten euro eskasia betetzeko.

Europa erdialdeko beste herrialdeak -Txekia, Eslovakia eta Polonia- egoera hobean daude, Hungariak ez bezala, ez zutelako gastu publikoa izugarri handitu gauzak ongi zihoazenean. Hiru herrialde horientzat arazo nagusia da Mendebaldeko herrialdeek beren produktuen eskaria gutxitzea.

Itxura okerragoa dute Baltikoko hiru herrialdeek. Europan beste inor baino gehiago hazi dira 2004an Europako Batasunean sartu zirenetik, baina kasu honetan ere, zorpetzea oso handia izan da eta garai txarrak bizi dituzte.Estonia eta Letonia atzeraldian daude dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.