Fertiladour, «Euskal Herriko Txernobyl»

Ongarri kimikoak ekoizten zituen Fertiladour enpresak, eta 1993an gelditu zuen jarduera. Ordutik ez dituzte garbitu erradioaktibitateak kutsatutako lurrak.

Fertiladour enpresa zegoen orubea, artxiboko argazki batean. GAIZKA IROZ
Fertiladour enpresa zegoen orubea, artxiboko argazki batean. GAIZKA IROZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko otsailaren 9a
05:00
Entzun

1997an, Victor Pachon CADE elkarteko burua eta beste militante ekologista bat Fertiladour enpresara sartu ziren Geiger kontagailu batekin; erradioaktibitate handia neurtu zuten hainbat puntu berotan. Lau urte lehenago gelditu zuen jarduera ongarri kimikoak ekoizten zituen enpresak. Urteetan, hainbat gorabehera eta protesta izan dira lurren salerosketaren inguruan; mota guzietako proiektuak aurreikusi dituzte, baina bakar batek ez du aurrera egin. Pachonek salatu du kasik 30 urte geroago segitzen dutela erradioaktibitatea garbitu gabe; «Euskal Txernobyl» izendatu du. Gaur egun, trenetako bagoien biltegi bat egitea aztertzen ari dira: «Hurbiletik zainduko dugu».

Aturri bazterrean zegoen Fertiladour, Bokalen (Lapurdi). 1973an monazitoa birrintzen hasi ziren. «Baionako geltokira iristen ziren erradioaktibitatearen pegatina zekarten poltsak, baina enpresara iritsi aitzin kendu egiten zituzten», esplikatu du Pachonek. Prefeturako erabaki baten arabera, jarduera horretarako tximinia berezi bat beharko zuen enpresak, eta langileak eskafandra berezi bat jantzita aritu beharko ziren. «Halakorik ez da sekula existitu», CADEko buruaren hitzetan. «Langile batzuk jakinean ziren, baina nagusiak zioen erradioaktibitate naturala zela. Lanera joan behar zen».

«Bokaleko Herriko Etxeak eta Departamenduak garai hartan erraten ziguten alarmistak ginela»

VICTOR PACHONCADE elkarteko burua

Hainbat salaketaren ondotik, Frantziako Gobernuak ikerketa ofiziala agindu zuen. Hiru puntu bero aurkitu zituzten; horietarik batek 311 aldiz gainditzen zuen erradioaktibitate naturalaren heina. «Bokaleko Herriko Etxeak eta Departamenduak garai hartan erraten ziguten alarmistak ginela», oroitu du Pachonek. Aurreikusi zituzten etxebizitzak, merkataritza gune bat, haurtzaindegi bat... Talde ekologisten presioari esker, horietako bakar bat ere ez zen gauzatu.

2009an Akitania eskualdeari saldu nahi izan zioten lurra, sei milioi euroren truke. Presiopean, azken momentuan atzera egin zuen eskualdeak. 2011n Segurtasun Nuklearrerako Frantziako Agentziak garai berean agindutako ikerketa batek ebatzi zuen ezer baino lehen lur horiek garbitu behar zirela; kalkulatu zuten hogei milioi eurokoa izanen zela lanaren kostua. Roullier taldea da lurren jabea. «Gaur arte nehork ez ditu behar garbiketa lanak egitera», harritu da militante ekologista.

Azken urteetan ijitoak instalatu izan dira behin baino gehiagotan. «Ez dugu lortu haiekin kontaktu zuzenik, kutsadura arriskuaz abisua emateko», deitoratu du Pachonek. «Halako leku batean urtean 30 ordu baino gehiago egotea arriskutsua da».

Langileen heriotza tasa

Fertiladour enpresan aritutako langileen heriotza tasa gaitzetsi du Pachonek. «Askotariko minbiziak garatu zituzten, baina inoiz ez da frogatu ahal izan erradioaktibitatearekin izandako kontaktuagatik zela. Hildakoek bazituzten adikzioak, alkoholarekin, tabakoarekin... aditu txostenetan horiek lehenesten zituzten beti». 2010ean kolektibo bat sortu zuten kalte ordainak eskatzeko. Inoiz ez dute lortu. 2013an Ramuntxo Garbisu kazetariak egindako dokumental batean kontatu zuten haien historia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.