Luxuaren merkatua. Ferrariren burtsaratzea

Ferrari, burtsaren gasolinaren bila abiadura azkartzeko

Urriaren 13tik aurrera, Ferrariren %10 burtsan jarriko du salgai haren akziodun nagusiak, Fiat-Chrysler konpainiak

2015eko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Ferrarik gasolina falta du lasterketari ekiteko, eta burtsan lortu nahi du falta zaion erregaia. 1969. urteaz geroztik, Fiat-Chrysler taldea da Ferrariren akziodun nagusia; hain zuzen, haren esku dago Ferrariren %90, eta gainontzeko %10a Piero Ferrarik kontrolatzen du, Enzo Ferrari markaren sortzailearen semeak, konpainiaren egungo lehendakariordea denak. Azken urteetan, 11.370 milioi euroko zorra pilatu du —2014ko irailaren 30eko datuak dira—, eta, zorra kitatzeko asmoz, Fiatek Ferrarin dituen akzioen %10 salgai jarriko ditu New Yorkeko burtsan, urriaren 13tik aurrera. Hala adierazi du Sergio Marchionne Fiat-Chrysler Automobilak (FCA) taldeko arduradun nagusiak.

Marchionnek jakinarazi duenez, burtsaratzearen bidez 10.000 milioi euroko irabazia lortzea espero du enpresak. Zorra jaisteaz gain, «finantzaketa handiagoa»lortu nahi du konpainiak, eta «inbertitzaileak erakarri» nahi ditu, Jeep, Alfa Romeo eta Maserati markak mundu mailan hedatzeko abian jarri berri duen 48.000 milioi euroko plana finantzatzeko. Ekainean burtsaratzekoa zuten Ferrari, baina urrira arte atzeratu dute; izan ere, Marchionnek azaldu du taldeko abokatuek «komenigarritzat jo dutela Fiat eta Chrysler konpainiek bat egiten dutenetik urtebete igarotzea, horrelako operazio bat hasi aurretik».

FCAk ez du zehaztu oraindik zenbat akzio salduko dituen, ezta burtsara zein preziotan aterako den ere, baina argi utzi du gehienez ere kapitalaren %10 jarriko duela salgai. Horrez gain, burtsaratzearen ondoren, FCAren kapitala berregituratuko dutela jakinarazi dute; Fiaten esku dagoen gainontzeko %80 bere akziodunen artean banatuko du Fiatek. Modu horretan, Fiat-Chrysler Ferraritik bereiziko da. Adituen ustez, horrek elkarte berriekin elkartzeko aukera emango dio Fiati. Bestalde, Ferrari holding holandarra bihurtuko da: Erresuma Batuan izango du egoitza fiskala, baina Maranellon jarraituko du autoak produzitzen eta zergak ordaintzen.

Burtsaratzeak, ordea, baditu bere arriskuak ere. Izan ere, konpainiak ohartarazi duenez, horrelako prozesu batean sartzen den lehen aldia da, eta ez dakite zenbatekoa izango den inbertitzaileek azalduko duten interesa. Akzioen %10 soilik jarriko dituztenez salgai, akzioen balioa neurriz kanpokoa izan daiteke. Era berean, konpainiak adi ibili beharko du hain bereak diren ezaugarrien —markaren identitatea, prestigioa, teknologia, esklusibotasuna— erakargarritasuna ez galtzeko.

Ferrari, merkatuan nagusi

Ferrari —Scuderia Ferrari izena zuen hasieran— 1929an sortu zuen Enzo Ferrarik, eta Maranellon (Italia) dauka egoitza nagusia. Hasieran, Alfa Romeo eta Fiateko pilotu eta automobilen babeslea zen. 1940.urtean, Alfa Romeok Ferrari bereganatzeko zuen asmoaz jabetuta, Ferrarik bertan behera utzi zuen Alfa Romeoren babesletza. Alfa Romeorekin zuen kontratua zela medio, ezin izan zuen lehiaketetan parte hartu; Auto Avio Costruzioni izena hartu zuen, eta auto propioak diseinatzen eta fabrikatzen hasi zen. 1947.urtean, lehen kirol autoa egin zuen, eta automobilak kopuru handietan ekoizten hasi zen. 1969.urtean, Ferrari izena hartu zuen, Fiat Group enpresako akziodun nagusi bihurtu ondoren.

Ferrari munduko auto markarik garrantzitsuenetarikoa bihurtu da azken urteetan. Urtez urte, haren merkatua handitu egin da: 2012.urtean, 2.225 milioi euroren diru sarrerak izan zituen, eta, bi urtean, konpainiaren fabrikazioa 500 milioi euro igo zen. Fabrikazioak gora egin ahala, konpainiaren irabaziek ere gora egin dute azken urteetan: 2012.urtean, 233 milioi euroren irabaziak izan zituen, eta, 2014.urtearen amaieran, 32 milioi euro gehiagoko irabazia lortu zuen. 2015.urteko lehen hiruhilekoan, 621 milioi euroko fakturazioa lortu du, iaz epe horretan baino 11 milioi euro gehiago.

Gaur egun, zortzi marka soilik komertzializatzen ditu Ferrarik, eta, 2014.urtean, 7.000 ibilgailu baino gehiago saldu zituen. Esklusibotasunean oinarritutako estrategia baliatuz, urrezko postua lortzen ari da automobilaren sektorean. Ikusi beharko da autoaren sektorean bezainbesteko arrakasta izaten duen New Yorkeko burtsan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.