Kutxabanken urteko emaitzak. 'Cabieces auzia'

Fernandezek dirua itzulita itxi nahi izan zuen auzia Kutxabankek

Espainiako Bankuak «hitzez eta idatziz» behartu zuen Cabiecesi egindako ordainketen berri ematera fiskaltzari.Bere soldata defendatu du Billalabeitiak, aurretik gehiago kobratzen zuela argudiatuta

Dirua itzuli dela eta aldentzea «komeni» zaiela argudiatuta justifikatu du Billalabeitiak bankua Cabieces auzian akusazio ez izateko erabakia. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Bilbo
2015eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Kutxabanken asmoak bete izan balira, ezkutuan jarraituko luke Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkari ohiari hilero 6.000 euro ordaintzeko hiru urtez indarrean egon zen akordioak. Tesi hori defendatu du, behintzat, Gregorio Billalabeitia bankuko presidenteak. Espainiako Bankuak behartu zuen hasieran Kutxabank fiskalari auziaren berri ematera, eta Europako Banku Zentralak ondoren.

Gertatutakoari buruz lehen aldiz mintzatu zen atzo Billalabeitia, bankuaren iazko emaitzak aurkezteko agerraldiaren ondoren. Joan den urtarrilaren 30ean, Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiari egindako akusazioa argitaratu zen. Hain zuzen ere, Cabieces kontratatua zuen abokatu bulegoarekin itun irregularra egitea egotzi zitzaion. Akordio horren ondorioz, bankuak 243.592 euro ordaindu zizkion bulegoari, eta Cabiecesek jaso zituen gero. Fernandezek, ondoren, ziurtatu zuen ETAren aurkako borrokan aritu diren politikariei laguntzeko «idatzi gabeko akordio baten parte» zirela ordainketa horiek, eta Antonio Basagoiti PPko buruzagi ohiak propio eskatuta jokatu zuela horrela.

Billalabeitiak presidente kargua hartu zuen eguneko arratsaldean bertan izan zuen ordainketen berri. Bankuko beste zuzendari batek esan zion, baina ez zuen identifikatu. «Ez dakit zergatik, baina ez nuke baztertuko norbaitek gaizki dagoen zerbait egin ondoren aitortu nahi izatea», Billalabeitiaren aburuz. Auditoretza eskatu zuen berehala, eta salaketaren edukia berretsi zen hala.

Gaia administrazio kontseiluaren eskuetan jarri zuenean, bi erabaki hartu ziren. Batetik, Cabiecesi emandako dirua berreskuratzen saiatzea. Bestetik, inolako salaketa publikorik ez egitea. Billalabeitiaren arabera, «ospe ona arriskuan ez jartzeko».

Kanpora begirako ekintzarik ez egitea erabaki bazen ere, Espainiako Bankuari kasuaren berri ematea ere onartu zuen kontseiluak. Hori gertatu baino lehen, beste topaketa bat baliatuta, Fernandezi dirua itzultzeko eskatu zion Billalabeitiak, eta segituan ordaindu zuen.

Ordaindutakoa itzulita auzia «ixteko» asmoa zuela ziurtatu zuen Billalabeitiak. Irudipen hori izan zuen Fernandezek ere. Gerora fiskalaren aurrean egindako deklarazioan hori esan zuen, baina, denbora pasatuta, ordainketa azkar hori ondoren haren irudiari kalte egiteko modutzat jo zuen.

Espainiako Bankuarekin pare bat egun geroago izan zuen lehen bilera Billalabeitiak. Dirua berreskuratu zutenez, presidentea «baikor» zen bestelako esku hartzerik egin behar ez izateko. «Noski, arautzaileak beste ikuspegi batetik ikusi zuen, eta fiskalari eragiketaren berri ematera premiatu gintuen».

Akusazioa fiskalaren eskuetara iritsi izanaren erantzukizun guztia Espainiako Bankuaren bizkarrean jarri zuen Billalabeitiak. Fiskaltzara jotzeko eskaera «hitzez eta idatziz» jaso zuten Kutxabankeko buruzagiek. Banku sistemikoen kontrola Europako Banku Zentralaren eskuetan dagoenez, Frankfurten azalpenak ematera joan zen ondoren, eta eskaera bera jaso zuen.

Auzibidean ez da egongo

Fiskalaren salaketak jarraipena izan du, eta kasua honezkero Bilboko laugarren instrukzio epaitegiaren eskuetan dago. Hiru delitu egin ote diren ikertzen ari da Ana Alvarez epailea: dokumentuak faltsutzea, administrazio desleiala egitea, eta bidegabeki jabetzea. Fernandez eta Cabieces inputatuta daude, baita Rafael Alkorta ere, ordainketak bideratzen ziren bulegoko abokatua.

Baina salaketa Kutxabanketik atera bazen ere, bankuak uko egin dio auzibidean jarraitzeari. Instrukzio epaileak premiaz erabakitzeko eskatu zion, eta finantza erakundeko administrazio kontseiluak honezkero jakinarazi du ez duela akusaziorik egingo.

Erabaki hori defendatu egin zuen presidenteak. «Eragiketa fiskalaren esku uztea eskatu ziguten, eta bete dugu gure eginbeharra. Ez genuen ezer salatu. Fiskalak utzi ditu gertaerak epailearen esku». Diru galera konpondu dela argudiatu zuen, eta, bestalde, uste du orain aldentzea «komeni» zaiola erakundeari.

Kutxabanken zuhurtzia eta fidagarritasun irudia kolokan jarri ondoren, auzibidean parte ez hartzeak ez duela aparteko eraginik izango ziurtatu zuen, halaber. «Presidenteak eta kontseiluak euren eginbeharra betetzeak erakundearen irudia hobetuko du. Betetzen ez denean okertuko da», haren irudiko.

Udaren aurretik, harremana

Agerraldiak pasarte interesgarri ugari utzi zituen. Esaterako, bankuko agintarien lehen eskaintza iazko udaren aurretik jaso zuela jakinarazi zuen Billalabeitiak. Fernandezek ez zuen azarora arte dimisioa emango, baina hilabete batzuk lehenago bilatu zioten ordezko bat.

Harreman horietan, baiezkoa eman eta haren ordaina hitzartu zuten. Billalabeitiak 800.000 euro kobratuko ditu urtean, bere aurrekoak baino %70 gehiago. Horrek kritika ugari piztu ditu esparru politikoan, eta, atzo bertan, Confebask patronalak «txikiagoa» izan zitekeela adierazi zuen.

Soldata lanean hasi baino lehen adostu zuten, eta, Billalabeitiaren arabera, aurretik kobratzen zuena baino gutxiago da. «Benetan ez nau kezkatzen», esan zuen presidenteak kritiken inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.