Fenix hegaztiaren antzera

Lazpiurrek ehun urte bete ditu, 112 langilerekin.25 herrialdetara esportatzen du gaur egun

Lazpiur enpresara egindako bisita, atzo. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Miren Garate.
Bergara
2014ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ez dira errazak izan azken urteak Bergarako (Gipuzkoa) Lazpiur enpresarentzat: 2007. urte erdialdera krisia nabaritzen hasi ziren; 2008an, erdira jaitsi zen fakturazioa, eta zenbaki gorritan igaro zituzten hurrengo urteak ere. 2011 bukatu aurretik, hurrengo urterako kudeaketa plana prestatzen hasi zen Miguel Lazpiur enpresako zuzendaria. Hartan ari zela langile talde bat joan zitzaion, aurrera egitekotan berrikuntza behar zutela esanez. Fenix proiektua abian jartzea adostu zuten, hegazti hark bezala errautsetatik suspertu nahi zutelako. Eta hasi ziren pertsonen potentzialtasun guztiari zukua ateratzen, kalitatea muturreraino zaintzen eta kontu ekonomikoen gardentasuna lantzen, besteak beste. Gaur egun, irabaziak dituzte.

Familia enpresa bat da Lazpiur. Jose Lazpiurrek sortua, Pepe semeak heldu zion negozioari gero, eta gaur egun sortzailearen biloba Miguel eta Agustinek zuzentzen dute, nahiz eta laugarren belaunaldia ere lanean ari den. Zapatak egiten hasi zen enpresa; iltzeen negoziora pasatu zen gero, eta orain makineria eta forja lanabesetan erreferente da. Unean uneko egoerara egokitzen asmatu du; hala nabarmendu zuen atzo Miguel Lazpiurrek. 112 langile ditu, eta 25 herrialdetan presentzia. Fakturazioaren %70 esportazioen bidez lortzen du.

Ez dago zehatz esaterik noiz sortutako enpresa den, baina dokumentuetan ikusten da 1914rako martxan zegoela. Hala, mendeurrena ospatzeko ekitaldia egin zuten atzo. Han izan ziren Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jaione Isazelaia Bergarako alkatea. Urkulluk nabarmendu zuen Lazpiur «sinbolo eta eredu» dela nazioartera zabaldu nahi duten enpresa txikientzat. «Tailer izpiritua mantendu du munduari irekita». Garitanoren esanetan, «espekulaziotik oso urrun dagoen eredu bat» sustatu du Lazpiurrek. Ekimen pribatuaren eta publikoaren arteko elkarlana aldarrikatu zuten Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Bergarako alkateak.

Ondo egin, okerrago saldu

Ordezkaritza zabala bildu zen enpresa mundutik ere. Confebaskeko presidente izan zen Miguel Lazpiur 2005etik 2011ra bitartean, eta Adegiko eta CEOEko presidenteorde ere izana da. Hala, atzoko ekitaldian ziren Pello Gibelalde eta Jose Miguel Aiertza Adegiko presidente eta zuzendari nagusiak, Baltasar Errasti eta Roman Knorr Confebaskeko presidente ohiak eta Jose Zubia eta Nuria Lopez de Gereñu zuzendari nagusi ohiak.

Miguel Lazpiurrek nabarmendu zuen etorkizunari betiko balioetatik helduko diotela: «Ilusioa, konpromisoa eta ondo egindako produktuarekiko maita- suna». Azaldu zuen «Euskadik ondo» egiten duela, baina saltzen ez duela «hain ondo» asmatzen. Bere burua hobeto ezagutarazteko webgunea berritu eta sare sozialetako presentzia handitu du Lazpiurrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.