FDSEAk irabazi ditu laborantzako hauteskundeak

Bozen %45,8 eskuratu ditu Frantziako sindikatu nagusiak Pirinio Atlantikoetan. ELBk botoen %22,1 lortu ditu, eta Coordination Ruralek, %21,4. FDSEAk gehiengo osoa izanen du laborantza ganberan.

Jean-Marie Girier, Pirinio Atlantikoen Departamenduko prefeta, laborantzako hauteskundeetako emaitzak irakurtzen. PREFETURA
Jean-Marie Girier, Pirinio Atlantikoen Departamenduko prefeta, laborantzako hauteskundeetako emaitzak irakurtzen. PREFETURA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko otsailaren 6a
16:25
Entzun

FDSEA-JA nagusitu da beste behin Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganberako hauteskundeetan. Botoen %45,78 eskuratuta, hamahiru eserleku izanen ditu Paueko egituran. ELB izan da bigarren indarra departamenduan (%22,07), CR Coordination Rurale iritsi da ondotik (%21,43), eta, azkenik, Confederation Paysanne (%10,71). Sebastien Uthurriage FDSEAko burua pozik agertu da emaitzarekin, eta «elkarlanean» aritzera deitu ditu beste sindikatuak. 

«Emana zen FDSEA anitz apalduko zela; ez da hala izan. Aulki bat baizik ez dugu galdu», adierazi du Uthurriagek. Hala ere, lehen aldia da Frantziako sindikatu nagusia %50eko langatik behera jausten dela. Hala azpimarratu du Maritxu Lopepe ELBko eledunak: «Laborari gehienek FDSEAren kontra bozkatu dute, 40 urteko politikaren kontra».

5.036 boto emaile izan dira aurtengo bozetan, duela sei urte baino 347 gutxiago. Orotara 556 boto galdu ditu FDSEAk —ELBk eta konfederazioak ere izan dute galera—, eta CR da emendatzea izan duen bakarra, 611 boto gehiago eskuratuta. Uthurriagek erran du Ipar Euskal Herrian ere hiru sindikatu kontuan hartu beharko direla hemendik aitzina.

Lopepek ontzat jo ditu lortutako emaitzak, eta azpimarratu du ezen, laborarien konfederazioak lortu dituenei gehituta, laborantza herrikoiak «babes handia» eskuratu duela beste behin. «Erakusten du badela alternatiba sinesgarri bat; segituko dugu tokian tokiko lana egiten». Kanpainan adierazi bezala, ez dute parte hartuko Paueko egituran, ez baita «manerarik ikuspegi bakarretik ateratzeko». 

Uthurriagek baieztatu du «laborariak ahal bezain ontsa defendatzea» dela haien helburua. «Sei urte zinez gogorrak izan ditugu: COVIDa izan genuen, idortea, hazkuntzako kabaletan eritasunak...». Ondoko urteei begira, klima aldaketaren kontra lanean aritzea izanen da erronka nagusia, haren hitzetan. 

Euskal Herrira begira

Ahots anitzek eskaera horren alde eginik ere, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak aurten ere ez du onartu laborantzako bozetan Ipar Euskal Herrian izandako emaitzak erakustea. Sindikatu bakoitzari irakurketa propioa eginarazi dio horrek.

ELBren ustez, haiek nagusitu dira: «Badakigu gure botoak Euskal Herrikoak direla; %47 inguruan kalkulatzen dugu gure babesa». Uthurriageren iritziz, FDSEAk segitzen du buru Ipar Euskal Herrian ere.

SINDIKATUAK

FDSEA-JA
Frantziako laborantza sindikatu nagusia da FNSEA, eta haren departamenduko adarra da FDSEA. JA Laborari Gazteak haren gazte adarra da. Kide diren laborarien artean denetik aurki badaiteke ere, sindikatuaren buruak agroindustriari lotuak dira, eta laborantza eredu produktibistaren aldeko jarrera erakutsi dute.


ELB
Laborarien Konfederazioa Frantziako sindikatuaren Ipar Euskal Herriko adarra da Euskal Laborarien Batasuna. Ingurumena kontuan hartzen duen laborantza herrikoi baten eredua defendatzen dute. 2005ean, EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sorrera bultzatu zuten.

 

 

Coordination Rurale
Azken hilabeteetan indarra hartu du Coordination Rurale sindikatuak. Laborantzaren kostuak eta baldintza administratiboak apaldu behar direla uste dute. Eskuin muturrari lotua izatea leporatu diote anitzek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.