Pandemiaren azken olatuari aurre egiteko neurriek eten egin dute Nafarroako ekonomiaren hazkundea. Urteko lehen hiruhilekoan %0,5 txikitu zen 2020ko azkenekoarekin alderatuta. Kontsumoa izan da beheraldi horren arrazoi nagusia, Elma Saiz Nafarroako Ekonomia kontseilariak azaldu duenez: ez da soilik itxieren eta mugen ondorioz ostalaritzan gutxiago gastatu dutela, baizik eta beste gastuak ere mugatu dituztela COVID-19 kutsatzeak handitu ahala.
Urte arteko tasak ere negatiboan jarraitzen du, baina ez hainbeste: -%5,9 izan zen aurreko bi hiruhilekoetan, eta -%2,2 azkenekoan. Erorialdi apalago horren atzean, Nastat Nafarroako Estatistika Institutuaren ustez, eraikuntzaren eta industriaren leheneratze mailakatua dago batez ere, eta gutxiago zerbitzuen alorrarena.
Edonola ere, Nastatek ohartarazi du atzo jakinarazitako emaitzak behin-behinekoa direla, eta aldaketak izan ditzaketela ekainaren 24an zabalduko dituen datu osotuagoekin. Izan ere, behin-behineko estimazioa egin dute martxoko zenbait datu iritsi gabe zeudela —besteak beste, industriaren ekoizpenaren indizea, eta zerbitzuen eta kanpo merkataritzaren ekarpena—.
Familien aurrezkia
Hain zuzen ere, martxoko behin-betiko datuekin itxaropena azaldu du Saizek, txertaketak aurrera egin ahala familien konfiantza indizeak hamasei puntu gora egin duelako, eta horrek jarduera handitu duelako. «Une erabakigarrian gaude, eta horrek garamatza 2021aren gainontzekoa suspertzearen itxaropenarekin hartzera». Edonola ere, hazkunde sendoena urtearen bigarren erdian espero du Iruñeko gobernuak, herritarren zati bat txertatuta dagoenean. Gogorarazi duenez, familien aurrezkia inoizko handiena da, eta horrek pentsarazten ditu haien gastuak gorakada handia izango duela behinCOVID-19 kontrolatzeko neurriak arintzen direnean.
Gora doa enpresen konfiantza indizea ere, nahiz eta industriak hornikuntza arazo batzuk izan dituen azken asteetan, Suezko kanala blokeatuta izan zelako hainbat egunez, eta zenbait lehengairen eskasia dagoelako.
Euroguneak, okerrera
Nafarroako datuarekin ez dator bat Eustatek iragan astean Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako emandakoarekin, haren arabera BPGa %0,2 hazi zelako hiru lurralde horietan. Urte arteko tasa, berriz, Nafarroakoa baino okerragoa da (-%2,9).
Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Frantziarenak erreferentzia gisa balioko balu, hazkunde apal baino positiboa izango luke (+%0,4), nahiz eta hainbat sektore erabat geldirik izan ziren.
Nafarroaren joera jarraitu dute berriz, Espainiak (-%0,5) eta euroguneak (-%0,6). Azken hori, gainera, atzeraldi teknikoan sartu da berriro, BPGa bi hiruhileko segidan uzkurtu delako (-%0,7 2020ko laugarrenean). Datu txar horretan eragin handia izan du bere ekonomiarik handienak, Alemaniak, %1,7ko eroriko bat izan duela. Neurri batean aldi baterako faktoreek ekarri dute uzkurdura —BEZaren behin-behineko apaltzea amaitu izana, eguraldi txarra, eta industria askok biltegiak jada bete zituztela brexit-a gertatu aurretik—. Gauzak horrela, irakurketa baikorra egin du Philip Lane EBZko ekonomisten buruak: «Suspertze ona ikusten dugu hemendik aurrera».
Atzeraldiaren arrastorik ez dago, berriz, beste bi ekonomia handienetan: AEBetako ekonomia %1,6 hazi zen, eta Txinakoa, berriz, %0,6.