Familiek eta industriak bultzatuta, Nafarroako ekonomia %2,6 hazi da

Iazko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, BPGa %18,5 handitu da urtebetean. Pandemiari aurre egiteko neurri gogorrenak leundu izanak eragina izan du jarduera ekonomikoan eta barne kontsumoan

Familiek eta industriak bultzatuta, Nafarroako ekonomia %2,6 hazi da.
joxerra senar
Iruñea
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Onerako zein txarrerako, pandemiari aurre egiteko neurriak gogortzeak edo leuntzeak berehalako eragina izan du ekonomian. Hala gertatu zen iaz, eta aurtengoa ez da salbuespena izan. Hirugarren eta laugarren olatuen artean ibili zen lehen hiruhilekoa, eta, ezarritako neurriek, familien kontsumoan eragin ahala, Nafarroako barne produktu gordinaren atzerakada ekarri zuten. Bigarren hiruhilekoan, berriz, kontrakoa jazo da: txertaketaren erritmoa bizkortu eta ostalaritzan eta merkataritzan neurriak leundu ahala, kontsumoak gora egin du berriro. Ondorioz, batik bat familiek eta industriak bultzatuta, apiriletik ekainera %2,6 handitu zen ekonomia, lehen hiruhilekoarekin alderatuta.

Atzo, Nastat estatistika erakundeak lehen emaitzak aurreratu zituen, baina irailaren 23an koadro makroekonomikoaren gaineko azalpen osoago bat emango du. Baliteke datu batzuk aldatzea, baina joera ez da aldatuko, errebotea orokorra baita. Adibidez, iragan astean Eustatek emandako informazioaren arabera, ekonomiak antzeko bilakaera izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bigarren hiruhilekoan %2 hazi zen. Urte arteko tasa, berriz, %18,5ekoa izan zen.

Nafarroan erritmo berean handitu zen barne produktu gordina urtebetean, iazko epe berarekin alderatuta:%18,5, alegia. Hazkunde handia da hori, baina kontuan eduki behar da iragan urtean, apiriletik ekainera bitarteko epean, konfinamenduaren eta apurka neurriak leuntzeko prozesuaren ondorioek bete-betean eragin ziotela ekonomiari. Behea jo zuen, eta urte arteko tasak, berez, ondorengo hamabi hilabeteetan izandako jauzia islatzen du.

Bigarren hiruhilekoko hazkundearen zergatiei begira, Nastatek azaldu du familiek eta kapital finkoaren eraketa gordinak bultzatu dutela barne eskaria. Ostalaritzari ezarritako murrizketak leundu izanaren, merkataritzako edukieren kopuruak handitu izanaren eta alarma egoera amaitu izanaren ondorioz joan-etorrien gaineko baldintzak bertan behera utzi ahala, herritarren erosketak eta joan-etorriak ugaritu egin dira: batetik, txikizkako merkataritzaren indizea %4,8 handitu zen urteko lehen sei hilabeteetan; bestetik, ekainean, landetxeetako, kanpinetako eta ostatuetako bezeroen egonaldiek %67,6 egin zuten gora maiatzeko datuekin alderatuta.

Eskaintzari dagokionez, enpresek ere errebotea jo dute, batik bat industrian eta merkatu zerbitzuetan. Nastatek ez du beste daturik eman, baina uztailaren hasieran kaleratutako industria produkzioaren indizea %17,5 handitu zen urtarriletik maiatzera bitartean. Halaber, Nafarroako konpainiek bigarren hiruhilekoan inportatu zutena baino gehiago esportatu zuten bigarren hiruhilekoan, eta, lehen hiruhilekoan ez bezala, kanpo merkataritzak saldo positiboa izan du.

%2, euroaren eremuan

Euroaren eremuak Hego Euskal Herriko ekonomiaren joera bera izan du, neurri apalagoan bada ere. Euroa erabiltzen duten hemeretzi herrialdeetako ekonomiek batez beste %2 egin dute gora bigarren hiruhilekoan, urtarriletik martxora bitarteko epearekin alderatuta, eta Europako Batasunean, antzera (%1,9). Lehen hiruhilekoan, berriz, barne produktu gordinak %0,1 egin zuen atzera. Urte arteko datuari dagokionez, Eurogunean ekonomia %13,7 hazi da azken hamabi hilabeteetan, eta %13,2 Europako Batasunean. Herrialdeen artean, Portugalek izan zuen igoerarik handiena (%4,9), eta Lituaniak txikiena (%0,4).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.