Xabier Barber. 'CAN, egia osoa orain' manifestazioaren deitzailea

«Falta zaigu haserrea erantzun bihurtzea eta boterea kolokan jartzea»

Nafarroako Kutxaren desagerpena dela eta, egia osoa jakitea eta erantzukizuna exijitzeko eta Parlamentuan ikerketa batzordea irekitzeko eskatuko dute biharko Iruñeko manifestazioan.

joxerra senar
Iruñea
2013ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Bihar, 17:30ean, Iruñeko Golem zinema aretoetatik manifestazio bat irtengo da, Nafarroako Kutxari buruz egia osoa orain lelopean. Protestara herritar talde batek deitu du. Batzuk, Kontuz elkarteko kideak dira, eta besteak ez. Herritar horietako bat da Xabier Barber ESK-ko kidea (Iruñea, 1953). Kalera ateratzeko beharra dagoela azpimarratu du. Bilduk, Ezkerrak, Geroa Baik eta ELAk bat egin dute deialdiarekin.

Orain arte CANi buruz jakin dena izozmendiaren tontorra baino ez da?

Bai. Parlamentuan ikerketa batzordeari ezezkoa eman diote bi alderdi nagusiek, baina onartu dute Enrique Goñiren [CANeko zuzendari ohia] sasiagerraldi bat. Auskalo zer esango duen, baina ezingo zaio galderarik egin eta ez dago egia esatera derrigortuta. Orduan, ezerezean gera daiteke. Gaia oso-oso handia da: zer gertatu den Nafarroako Kutxako diruekin, nola deskapitalizatu den eta nola desagerrarazi duten. Horren inguruan ezin da esan «legeak bultzatzen gintuen», edo «ni han kasualitatez egokitu nintzen, eta ez dakit ezer». Bi pauso eman behar dira: parlamentuaren gidaritzapean egia jakin benetako ikerketa batzorde baten bitartez, eta erantzukizuna exijitu.

Ezinegona eta sumina orain nabari da. Zer nabari duzue kalean?

Garbi dago haserrea dagoela. Badaude lehentasunezko partaidetzak hartu zituzten bezeroak edo burtsan sartu zen jendea, eta dirua galdu dute. Badago beste haserre bat, politikoagoa. Nafarroako Kutxa zen Nafarroan izaera publikoko erakunde bakarra.Batzuetan ez zuen alde handirik benetako banku batekin, baina hori dena galtzeak eta kontrola hemendik desagertzeak politikoki esanahi handia du. PSNko eta UPNko boto-emaileek eta militanteek haserrea sentitu behar dute, edo, bestela, ez dute sentsibilitaterik. Hau ez da gauza txikia.

Ez dirudi esparru politiko horretako jendea erakartzea erraza denik.

Saiatzen ari gara. Gure plana dugu. Beharbada, azkarregi antolatu dugu manifestazioa, baina, era berean, zerbait egin behar zen bultzatzeko. Saiatu gara sindikatu guztiekin, gizarte mugimenduarekin eta parlamentu taldeekin. Oraingoz, ezkerrekoak ados daude, eta txalotu dute proposamena. Besteekin, ikusiko dugu.

Nafarroako Kutxaren auziak oihartzuna hartu izana neurri handi batean Kontuz elkarteari zor zaio. Nola ikusten duzu haien lan hori?

Izugarri interesgarria. Ustelkeria oso eroso mugitzen da kapitalismoan. Nafarroan zaharra da. Hor ditugu Urralburu, Otano... Horregatik, gizarte talde batek ikertzea eta sakontzea oso interesgarria da. Gauza izan dira izozmenditik beherago joateko, eta, hala ere, ziur badagoela zerbait gehiago. Jendeak jakin behar du politikoak aberasten direla bere istorioekin, bere gestioa ez dela garbia, beren interes pertsonalak eta alderdienak dituztela. Hori jendaurrean agertzea oso polita da. Falta zaigu haserrea erantzun bihurtzea eta boterea kolokan jartzea.

Ustezko delituez gaindi, ustelkeria morala ez al da eskandaluzkoa?

Demokrazia honetan askorik sinetsi ez arren, Nafarroan dugun maila oso apala da. UPNk, PSNk eta PPk aski dute esatea jendeak botoa ematen diela. Hori ez da demokrazia. Hori da noizean behin botoa ematea.

Kontuz-ek salaketa aurkeztu du Barcinaren aurka, eta beste salaketa bat Goñiren eta Sanzen aurka. Azken hori tramiterako onartu du epaile instruktoreak. Zer iritzi duzu?

Garrantzia du. Oso erraza zen hemengo giroan epaileak esatea ez dagoela ezer. Gutxienez, epaile emakumezko batek ardura hori saihestu beharrean bere gain hartzea eta eremu arraro horretan sartzea inportantea da. Ea fiskala Barcinaren salaketarekin animatzen den. Hizketan ari dira hemengo Justizia eta Espainiakoa, ikerketa nork hartu. Nahiago genuke bertan epaitzea, bertatik jarrai daitekeelako auzia eta errazagoa delako jendeak jakitea.

Behin epaileek ikerketa hasita, Barcinak dio jada ez dela beharrezko ikerketa batzordea parlamentuan.

Lasai baleude, ez lukete ezetz borobilik emango. Ongi dago fiskalak ikerketa egitea, baina ondo dago parlamentuko batzordea ere bai. Zergatik ez agertu parlamentu aurrean, herritarren aurrean, zure datuekin, dena hain garbia bada? Bi bide horiek bateragarriak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.