Enpresak

Fagor taldea «prestatuago» eta «sendoago» dago orain, Fagor Etxetresnak itxi eta hamar urtera

Bazkide langileen %81ek «behin betiko soluzioa» jaso duela nabarmendu du taldeak, eta neurriak hartu dituela etorkizunean etor daitekeenari aurre egiteko. 

Fagor markaren ikurra, Fagor Etxetresnak zenaren egoitzan, Arrasten (Gipuzkoa). FAGOR
aitor biain
2023ko urriaren 10a
14:37
Entzun

Kooperatibismoaren ikur handietako bat izan zen, euskal industriaren abangoardia. Eta, horregatik hain zuzen ere, haren hondoratzeak inoiz ez bezalako lurrikara eragin zuen, hala Arrasateko kooperatiben artean, nola Euskal Herriko enpresa ehun osoan. Hamar urte dira aurten Fagor Etxetresnak izan zenak porrot egin zuela, eta taldeak oharra kaleratu du urtemuga hura gogorarazteko. Adierazi duenez, itxiera hark eragindako «irakasgaia» bere egin du dagoeneko kooperatiba taldeak, eta, «prozesu luze eta konplexu baten ondoren», orain «prestatuago» dago etorkizuneko zailtasunei aurre egiteko.

Fagor Taldea osatzen zuten zortzi enpresetatik handiena eta ezagunena zen etxetresnak ekoizten zituen kooperatiba, eta hura ixteak «krisi latza» eragin zuen taldean. Askotarikoak izan ziren haren albo ondorioak: «Galera ekonomiko handiak, konkurtsoari lotutako prozedura legal guztiari aurre egin beharra, eta, bereziki, ziurgabetasun egoeran geratu ziren bazkideen egoera kudeatzeko betebeharra».

Hain zuzen ere, 5.600 langile zituen Fagor Etxetresnak kooperatibak garai hartan, eta horietatik 1.736 ziren bazkide langileak. Horiei irtenbide bat ematea izan zen taldeak jarri zituen lehentasunetako bat, bai baitzekien orduko erantzuna eta krisiari buelta emateko gaitasuna «aurrekari» izango zirela eredurako. Labur esanda: «Mondragonen kooperatibagintzaren erresilientzia gaitasunaren erakusgarri».

Bada, taldeak jakinarazi du bazkideen %81i «behin betiko soluzioa» eman zaiela enpresa itxi eta hamar urtera. Hau da, ordu hartan Fagor Etxetresnak enpresan lanean ari ziren 1.405 langile bazkidek lortu dute kalte ordainen bat. Horietatik 577 beste kooperatiba bateko bazkide langileak dira egun —%60 inguru Fagor Taldeko kooperatiba bateko bazkide bilakatu dira—, eta 320 behin-behinean ari dira lanean, bazkide izan gabe —%71 ari dira Fagor Taldeko kooperatiba batean—.

Aurrera begira, langile horiek bazkide egitea du erronka eta helburu taldeak, hain zuzen ere. Azken bost urteetan 196 egin ditu, eta aurten beste 25 egitea du xede. «Beste lanpostu bat emateko konpromiso irmoa hartu zen Fagor Taldean, Mondragon korporazioan eta Lagun Aron. Bazkideek ere ahalegin berezia egin beharra izan dute azken hamarkadan. Guztion artean egin zaio aurre egoerari», azaldu du taldeak.

Elkartasun mekanismoak giltzarri
Fagorrek uste du datuok erakusten dutela gai izan zela krisi hark eragindako ondorioei modu egokian aurre egiteko: «Inoiz ez bezalako egoera zail hura egoki kudeatzeko gaitasuna berretsi zen». Eta kooperatiben arteko elkartasun mekanismoak nabarmendu ditu horri lotuta, jendea beste lanpostu batera mugitzeaz gainera beste babes neurri batzuk ere martxan jarri behar izan baitzituzten, erretiro aurreratuak eta langabezia laguntzak, esate baterako.

Lagun Arok ere arauak egokitu behar izan zuen horretarako, taldeak gogorarazi duenez: bikoiztu egin zitzaien bazkideei langabezia saria finantzatzeko ordaintzen duten zenbatekoa.

Baina elkartasun mekanismoak indartzearekin batera, Fagor Taldeak ere neurriak hartu ditu bere eredua «sendotzeko eta babesteko». Edo beste modu batera esanda, taldeak argi utzi nahi izan du porrot hura ez zela alferrikako lezioa izan. «Kooperatibaren egoera ekonomiko finantzarioarekin zorrotzagoak eta erantzukideagoak izateko arau markoan egindako aldaketak izan dira horien artean aipagarrienak», azpimarratu du taldeak. Gainera, etxetresnen sektorera itzulia da Fagor marka, hainbat enpresarekin marka erabilerarako sinaturiko lizentzia akordioari esker.

Baikor geroari begira
Krisiaren osteko urteak igarota, egoera «osasuntsuan eta sendoan» dago Fagor Taldea eta hura osatzen duten zortzi kooperatibak: Fagor Ederlan, Fagor Arrasate, Fagor Industrial, Fagor Electronica, Fagor Automation, Copreci, Mondragon Assembly eta Galbaian. Eta «baikor» daude etorkizunari begira, nabarmendu dutenez. Zortzi kooperatiba horiek 11.565 beharginei eman zieten lana aurreko urtean; horietatik ia erdiak Euskal Herriko enpresetan daude (5.791).

Emaitzei dagokienez, 46 milioi euroren irabaziak izan zituzten iaz, eta salmentak 1.819 milioi eurora iritsi ziren, 2021ean baino %17 gehiago lortuta. Eta 2023 emaitza horiek hobetzea espero dute, taldeak aurreratu baitu irabaziak %25 handiagoak izango direla aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.