Fagor «prestatuago» dago orain, Etxetresnak itxi eta hamar urtera

Kooperatiba taldeak nabarmendu du «prozesu luze eta konplexu baten ondoren» hamar bazkidetik zortzik «behin betiko konponbidea» dutela. Taldeak espero du iaz baino %25 gehiago irabaztea aurten

Fagor markaren ikurra, Fagor Etxetresnak zenaren egoitzan, Arrasaten (Gipuzkoa). FAGOR TALDEA.
aitor biain
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Kooperatibismoaren ikur handietako bat izan zen, euskal industriaren abangoardia. Eta, horregatik, hain zuzen ere, haren hondoratzeak inoiz ez bezalako lurrikara eragin zuen, nola Arrasateko (Gipuzkoa) kooperatiben artean, hala Euskal Herriko enpresa ehun osoan. Aurten hamar urte dira Fagor Etxetresnak izan zenak porrot egin zuela, eta, Fagor Taldeak adierazi duenez, itxiera hark eragindako «irakasgaia» bere egin du jada kooperatiba taldeak: «prozesu luze eta konplexu baten ondoren», orain «prestatuago» dago etorkizunean etor daitekeenari aurre egiteko.

Fagor Taldea osatzen zuten zortzi kooperatibetan handiena eta ezagunena zen Fagor Etxetresnak, eta haren itxierak «krisi latza» eragin zuen taldean. Askotarikoak izan ziren haren albo ondorioak: «Galera ekonomiko handiak, konkurtsoari lotutako prozedura legal guztiari aurre egin beharra, eta, bereziki, ziurgabe geratu ziren bazkideen egoera kudeatzeko betebeharra».

Hain zuzen ere, 5.600 langile zituen kooperatibak garai hartan, eta horietatik 1.736 ziren bazkide langileak. Taldeak lehentasun gisa jarri zuen horiei konponbide bat ematea, bai baitzekien orduko erantzuna eta krisiari buelta emateko gaitasuna «aurrekari» izango zirela eredurako.

Bada, taldeak jakinarazi du hamar bazkidetik zortzik «behin betiko soluzioa» dutela jada. Hau da, ordu hartan Fagor Etxetresnak enpresan lanean ari ziren 1.405 langile bazkidek lortu dute kalte ordainen bat. Horietatik 577 beste kooperatiba bateko bazkide dira egun —%60 inguru Fagor Taldeko kooperatiba bateko bazkide bilakatu dira—, eta 320 behin-behinean ari dira lanean, bazkide izan gabe —%71 ari da taldeko kooperatiba batean—. Aurrera begira, langile horiek bazkide egitea du erronka.

«Beste lanpostu bat emateko konpromiso irmoa hartu zen Fagor Taldean, Mondragon Korporazioan eta Lagun Aron. Bazkideek ere ahalegin berezia egin behar izan dute azken hamarkadan. Guztion artean aurre egin zaio egoerari», azaldu du taldeak.

Elkartasun mekanismoak

Fagorrek uste du datuok erakusten duela gai izan zela krisi hark eragindako ondorioei egoki aurre egiteko: «Inoiz ez bezalako egoera zail hura egoki kudeatzeko gaitasuna berretsi zen». Eta kooperatiben arteko elkartasun mekanismoak nabarmendu ditu horri lotuta, jendea beste lanpostu batera mugitzeaz gain beste babes neurri batzuk ere martxan jarri behar izan baitzituzten, erretiro aurreratua eta langabezia laguntzak, besteak beste.

Baina, elkartasun mekanismoak indartzearekin batera, Fagor Taldeak eta Mondragonek berak ere neurriak hartu dituzte bere eredua «sendotzeko eta babesteko».Taldeak argi utzi nahi izan baitu porrot hura zela ez zela alferrikako lezioa izan. Fagor marka ere etxetresnen merkatuan dago ostera, hura erabiltzeko akordioa egin baitzuen taldeak hainbat enpresarekin.

Baikor geroari begira

Krisiaren osteko urteak igarota, «osasuntsu eta sendo» dago Fagor Taldea. Eta «baikorrak» dira etorkizunari begira, nabarmendu dutenez. Taldea osatzen duten zortzi kooperatibek 11.565 behargini eman zieten lana aurreko iaz, eta horietatik ia erdiek Euskal Herriko enpresetan dihardute lanean (5.791).

Emaitzei dagokionez, 46 milioi euroren irabaziak izan zituzten iaz, eta salmentak 1.819 milioi eurora iritsi ziren, 2021ean baino %17 gehiago lortuta. Aurten emaitza horiek hobetzea espero dute, taldeak aurreratu baitu irabaziak %25 handiagoak izango direla aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.