Joxean Alustiza Usandizaga. Fagor taldeko presidentea: «Fagor marka bizi-bizirik dago, batzuentzat duela hamar urte amaitu zela ematen badu ere»

Etxetresnen hondoratzeak «ikasgai inportante batzuk» utzi zituen Fagor taldearentzat. Alustizak nabarmendu du, baina, horiek gainditu dituztela jada, eta taldeko kooperatibak «oso ondo» daudela egun. Baikor begiratzen diete datozen urteei.

Joxean Alustiza
JON URBE / FOKU
aitor biain
Arrasate
2023ko abenduaren 17a
05:00
Entzun

Hamar urte bete dira aurten Fagor Etxetresnak kooperatiba hartzekodunen konkurtsoan sartu eta itxi zenetik. Joxean Alustiza Usandizaga (Ezkio, Gipuzkoa, 1965) Fagor taldeko presidenteak nabarmendu du, ordea, krisi hura gaindituta dagoela jada. Zer hausnartua eta zer ikasia utzi zuela azpimarratu du, baina harrezkero hartutako neurriei esker iritsi direla gaur egungo egoerara. Eredu kooperatiboan sakontzen jarraitu beharra dagoela uste du, dena den.

Zer ikasi duzue ordutik?

Fagor Etxetresnak erori zenean, hausnarketa sakon bat egin genuen, eta ikasgai argi batzuk azaldu zitzaizkigun. Batetik, konturatu ginen aurrera begira kooperatiba sendoagoak behar genituela, estruktura ekonomiko eta finantzario sendoago bat izango zituztenak, eta, horretarako, gure araudietan hainbat aldaketa egin behar genituela. Dezente egin ditugu harrezkero. Eta, bestetik, ondorioztatu genuen azkarragoak izan behar genuela erabakiak hartzerako orduan. Gure estrukturak demokratikoak eta parte hartzaileak dira, baina konturatu ginen merkatuak eskatzen dituen arintasun eta azkartasun baldintzetara egokitu behar genituela. Horretan ari gara. 

Taldeak nabarmendu du hamar langiletik zortziri behin betiko soluzioa eman zitzaiela. Zer garrantzia du horrek?

Uste dugu balio ikaragarria duela. Harro gaude gure pertsonak zaindu egin ditugulako oso muturreko egoeran. Pertsona horiek etxetik hurbil geratu dira, Fagor taldeko kooperatibetan gehienak; soluzio inportanteak eman dizkiegu, eta hori azpimarratzekoa eta baloratzekoa da. Halakoek sendotu egiten dute kooperatiba izaera, eta horrek indarra eman digu.

Fagor marka ez da desagertu; etxetresnen merkatuan dago oraindik ere, nahiz eta beste enpresa batzuek erabiltzen duten. Zer ekarpen egiten dio horrek Fagor taldeari eta haren izen onari?

Lehenik eta behin, azpimarratu nahiko nuke Fagor marka inportante bat dela oraindik ere; ematen du batzuentzat duela hamar urte amaitu zela. Baina gogoratu nahi dut sektore askotan Fagor marka erreferente dela munduan. Besteak beste, Fagor da txip egilerik handiena [Espainiako] estatuan; Fagor markarekin saltzen ditugu Gipuzkoako automozio enpresarik handienaren piezak; gure jatetxe eta hoteletan ere ostalaritza ekipamendu guztia Fagor markakoa da. Horrekin esan nahi dudana da Fagor marka bizi-bizirik dagoela.

Hori kontuan hartuta erabaki genuen etxetresnen sektorean markaren lizentzia beste batzuei uztea. Bi arrazoiengatik, nagusiki: Fagor markaren balioa aprobetxatuz etekinak lortzeko aukera ikusi genuelako, batetik, eta marka zaintzeko modurik egokiena hori zela uste dugulako, bestetik.

Esperientzia onak eta txarrak izan dituzue markarekin, ordea. Motxila al da oraindik Etxetresnen itxiera Fagorrentzat?

Inola ere ez. Ez dugu inoiz halakorik sentitu. Ikasgai inportante batzuk izan ditugu, eta hori da garrantzitsuena. Gaur-gaurkoz, Fagor taldeko kooperatibak oso ondo daude arlo ekonomikoan eta finantzarioan. Egia da, dena den, ez daukagula erabat konponduta enpleguaren auzia, eta ez gaude ahaztuta horrekin. 

Zer falta da?

Gaur egun hirurehun bazkide inguru birkokatuta daude, baina ez zaie behin betiko irtenbiderik eman. Eta hor ere urratsak egitea da gure nahia; aurten ere egin ditugu. Eginbehar bat dugu horiekin oraindik, Fagor Etxetresnen auzia bukatutzat jotzeko. Ez gaude ahaztuta, baina ez nioke horri motxila deituko.

Ekarpenen auzia ere Auzitegi Gorenean dago. Hori ere behingoz ixteko nahia izango duzue. 

Hori Mondragonen eta Ordainduren artekoa da. Baina ikusi beharko da zein den sententzia. Hor amaituko da ibilbide juridikoa, eta horrekin amaituko da auzia. Aurretik izan diren sententzia guztiak Mondragonen aldekoak izan dira, halere. 

«Hirurehun bazkide ingururi behin betiko irtenbide bat ematea falta zaigu, Etxetresnen auzia bukatutzat jotzeko»

Euskal Herriko mugimendu kooperatiboaren ikur handietako bat zen Fagor Etxetresnak, eta hura erortzeak inoiz ez bezalako krisia eragin zuen; ekonomikoa, noski, baina ideologikoa batez ere. Eredua bera jarri zen zalantzan. Krisi hark utzi du orbanen bat eredu kooperatiboan?

    Gertatu zenaz hausnartzeko eta aurrera begira hasteko balio izan duela esango nuke. Konturatu ginen, Fagorren batez ere eta segur aski mugimendu kooperatibo osoan, gure elkartasun mekanismoak finituak direla. Izan ere, elkartasuna ez da eskubide bat. Arazoak ditugunean, lehenengo norberak ahalegindu behar du horiei aurre egiten, eta gero etorriko dira kanpoko laguntza osagarriak. Kontzeptu berri bat ere azaldu zitzaigun: autoexijentziarena. Bazkideak jabeak eta langileak garen heinean, exijenteak izan behar dugu geure buruarekin eta gure kooperatibaren bilakaerarekin. 

    Eredu kooperatiboan sakontzeko beharra sentitzen duzue?

      Noski, eta arduratzen gaituen gai bat da. Oso errotuta daukagu legatuaren kontzeptua: bazkide berri bat kooperatibara batzen denean, legatu oso bat jasotzen du; beraz, haren helburuak izan behar du legatu hori sendotua eta hobetua uztea. Gai horiei buruz asko sakondu behar dugu belaunaldi berriekin, gizartea eta pertsonak ere aldatzen ari baitira. Legatua sendotzeko hiru zutabe dauzkagu: enpresa, pertsona eta komunitatea. Eta hiru zutabe horietan sakondu behar dugu.

      Uste duzu aldatu egin dela langileek eta bazkideek enpresaren bideragarritasunaren inguruan duten ardura?

        Kooperatiben gobernantza ereduan daukagu erronkarik handienetako bat. Kooperatibak ikaragarri aldatu dira, baina iruditzen zaigu duela hirurogei urte gobernatzen zen moduan gobernatzen dela. Gure bazkideekin dugun komunikazioa, gure batzar nagusien antolakuntza… Hor berrikuspen handi bat daukagu egiteko. Ari gara, eta espero dugu datorren urtean aldaketa inportante bat egitea Fagor taldean.

        Prestatuago zaudetela diozue. Horrek zer esan nahi du, berriz ere gerta daitekeela barneratu duzuela?

        Uste dut duela hamar urte arte ibar honetako jende askok ez zuela pentsatu ere egiten kooperatiba bat kontrolik gabe ixteko aukera zegoenik. Baina Etxetresnek ikasgai hori utzi zuen, eta orain denok jabetzen gara gaur edo bihar beste kooperatiba bat desager daitekeela, eta horretarako prest egon behar dugula. Batez ere, bilakaera naturalaren parte izan daitekeelako eta gerta daitekeelako, beste edozein enpresari gerta dakiokeen moduan.

        Sumatu dira aldaketa horiek hurrengo urteetan?

        Baietz esango nuke. Pandemian, bereziki, erabakiak hartzeko azkartasuna azpimarratuko nuke. Asmatu genuen neurriak hartzerakoan. Izan ere, pandemiaren ondoren Fagorreko kooperatibak hobeto kokatu ziren. Moldatzeko gaitasuna izan genuen, eta sektore jakin batzuetan sortu ziren aukerak aprobetxatzen. Eta hori erabaki azkarren ondorio izan zen, besteak beste. Maskarak egiteko Mondragon Assemblyren ahalegina da adibideetako bat. Gureari eustera mugatu barik, gauza berriak egiten hasi ginen. 

        «Pandemian sumatu ziren bereziki gerora hartutako neurriak. Erabakiak hartzeko azkartasuna, adibidez. Horri esker, moldatzeko gaitasuna izan genuen, eta sektore jakin batzuetan sortu ziren aukerak aprobetxatu genituen»

        Langileari, pertsonari garrantzia ematen dion eredu batek nola egiten ditu digitalizaziorako urratsak?

          Uste dut normaltasunez hartu behar dugula. Ulertu behar dugu gure ingurua oso teknologikoa dela, eta bazkideentzat agian esfortzu bat izango dela, formazioan sakontzera behartuko gaitu eta. Baina hor ere gure izaerari heldu beharko diogu berriro. Gurean, ezagutzak leku asko okupatzen du; prestatuta gaude. Gainera, aukerak zabalduko dizkigula uste dugu.

          Beste enpresa batzuek arazo handia dute talentuarekin. Fagorrek?

          Baita ere. Denok daukagu gabezia hori. Arlo teknologiko jakin batzuetan konpetentzia handia dago, eta seguru asko hori zabalduz joango da. Gu ere lehian ari gara. Enpresa eredu berezi batean jarduteko aukera eskaintzen diegu ikasleei, profesionalki garatzekoa, gizarteari ekarpena egitekoa.

           

          «Gai izan gara oztopoei aurre egiteko; aukera berriak bilatzen jakin dugu»

          (ID_13422326) (Jon Urbe/@FOKU) 2023-12-12, Arrasate. Joxean Alustiza, Fagor Taldeko presidentea
          Joxean Alustiza, Fagor Taldeko presidentea. JON URBE / FOKU

          Alustizak aurreratu du Fagor taldea osatzen duten zortzi kooperatibek aise gaindituko dituztela iazko emaitzak. Makina-erreminta «errekorrak» hausten ari da, eta ostalaritza ekipamenduen atala ere urte oso onak izaten ari da, baita elektronikarena ere.

          Emaitza onak lortu zituzten iaz Fagor taldeko kooperatibek. Aurten are emaitza hobeak espero dituzue. Azaltzerik bai?

            Bai, 2023ko ekitaldia ona izan da, aurrekoa baino hobea. Salmentak zertxobait handitu dira, eta zenbakiak oraindik ez ditugu erabat itxita, baina espero dugu irabaziak %15-20 inguru handiagoak izatea aurten. Hainbat faktore daude hobekuntza horren atzean, baina zera nabarmenduko nuke: lortu dugu lehengaien eta energiaren kostuen gorakada, neurri batean behintzat, bezeroek euren gain hartzea.

            Gerrak, inflazioa eta hura apaltzeko neurriak... Zarata handia dago. Horrek guztiak nola eragin dizue?

              Argi dago ekonomian eragiten duen guztiak enpresetan ere eragiten duela. Baina, hala ere, gai izan gara oztopo horiek guztiak gainditzeko. Moldagarritasuna izan dugu, eta aukera berriak bilatzen jakin dugu.

              Oztopo berezirik izan duzue gerren ondorioz?

              Taldeko kooperatiba batek edo bestek bezero garrantzitsuak zituen Errusian, eta negozio berriak eten egin dira gerraren ondorioz. Beraz, han genuen merkatua desegin egin zaigu.

              Autogintzan ere zalantza ugari daude. Taldeak lotura estua dauka sektorearekin. Zer diote kooperatibek? Nolako etorkizuna espero dute?

                Autogintzan elektrifikazioa atzera-bueltarik gabeko prozesua da, baina, jasotzen ari garen informazioaren arabera, marka nagusiek urte bat edo bi urte atzeratzea erabaki dute. Badakigu gaur egun fabrikatzen ditugun pieza batzuk desagertu egingo direla epe ertainean, baina ondo ari gara pieza berrietarako trantsizioa egiten. Etengabe ari gara horretan: piezen efizientzia hobetzen, material berrietara egokitzen…

                Gainerako atalak nola daude orain?

                  Makina-erremintak hazkunde ikaragarri bat du, eta salmentak oso onak izango dira, errekorrak. Turismoaren eraginez ere, ostalaritza ekipamenduetan ere urte oso onak izaten ari dira. Eskaerak jasotzen jarraitzen dute; beraz, 2024a ere urte ona izango da. Eta elektronika arloan ere urte polita izan daitekeela esan digute. Etxetresnena da apalena. Pandemian hazkunde ikaragarri bat izan zuten, eta orain hori digeritzea tokatzen da. Baina, tira, espero dugu urtea emaitza txukunekin ixtea.

                  Negozio berriak, sektore berriak aurkitzea. Hori da erronka?

                  Kooperatibak ari dira horretan. Gertatzen zaiguna da kooperatibaren barruko negozio lerro gisa geratzen direla askotan, eta ez dugula kooperatiba berririk sortzen. Eta hori bada analisirako gai bat. Zein da etorkizuna? Kooperatibak handitzen jarraitzea, edo kooperatiba berriak sortzea? Badaukagu zer eztabaidatu.

                  Iruzkinak
                  Ez dago iruzkinik

                  Ordenatu
                  0/500
                  Interesgarria izango zaizu
                  Nabarmenduak
                  Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.