Kooperatiben ikur izandako Fagor Etxetresnak ohiaren egoitza nagusia erosi du Ekide Group ingeniaritzak, Arrasateko (Gipuzkoa) San Andres auzoan. Garai batean euskal industriaren abangoardia izan zenaren zoruan haziko da datozen urteetan Ekide taldea, erakutsita Arrasateko industria ingeniaritza hori gero eta gihar handiagoarekin ari dela. Hamabost milioi euroren truke erosi du industria azpiegitura historikoa, 58.000 koadroko esparrua, eta 2023. urterako bere jarduera guztia jarriko du han. Inbertsio horrekin batera, datozen lau urteetan, 80 lanpostu sortzeko plana dauka enpresak; industria fabrikazioa ere bere gain hartzen du Ekidek, eta, gaur egun, 225 beharginek osatzen dute lantaldea. 2021ean, 35 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, besteak beste, Irizar, CAF, Talgo, Gestamp, Mayer eta Siemens Mobility bezero gisa edukita.
2014. urteko uztailean likidatu zituzten Fagor Etxetresnen jabetzak, eta, horri esker, porrot egindako enpresa handiaren hartzekodun gutxi batzuek zorren zati bat jaso zuten; beste askok ez zituzten sekula berreskuratu galerak. Kataluniako CNA taldearen aldeko adjudikazioa erabaki zuen Donostiako Merkataritza arloko epaile Pedro Malagonek, 42,5 milioi euroko eskaintza ontzat jota. Aljeriako Cevital multinazionala izan zen beste hautagai sendoa, baina motz geratu zen egindako eskaintzan.
San Andres eta Garagartza
Kontua da Fagor Etxetresnak ohia alokairuan ari zela porrota iritsi zitzaionean, San Andresko egoitza nagusian, hura Ekimen Berri Kudeaketa enpresak erosi baitzuen 2011. urtean, Mondragon Taldeko sozietate batek. Horregatik ez zen sartu kooperatiba historikoaren likidazioan: ez zen haren jabetza. Orain, berriz, Mondragonekin egin du akordioa Ekide Groupek, hamabost milioi euroren truke San Andresko instalazio erraldoiak erosteko.
Garagartzako fabrika handia ere Ekimen Berri Kudeaketarena zen, ez Fagor Etxetresnak ohiarena, eta CNA taldeak han egin zuen etxetresnen alorrean Fagor marka suspertzeko saio antzua, alokairu baten truke. Beste industria jarduera batzuetan oso marka preziatua da oraindik ere Fagor, izen bereko taldeko kooperatiba indartsuei esker: besteak beste, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Fagor Automation, Fagor Porfessional (Industrial) eta Fagor Electronica.
Ekide Group duela 30 urte sortu zuten, Arrasateko Mondragon Unibertsitatean, hiru langileren egitasmo bati esker. Zenbakizko kontroleko makinekin abiatutako enpresan, egun, ingeniaritza eta fabrikazio industriala egiten dute, kontrolerako osagaiak eta robotika. Hedatze prozesu indartsu batean da Ekide; badu beste lan zentro bat Bizkaian, eta atzerrian, berriz, beste bi planta: bat Mexikon eta bestea Txinan. Fagor Etxetresnak zenaren instalazioak zaharberritu ondoren, balio erantsi handiko ekoizpena garatu nahi du han.