Fagor Electronicak Astigarragako TDS enpresa erosi du

Fagor Multimedia Solutions konpainia sortu berrian integratuko da. Lanpostu guztiak mantenduko ditu. Besteak beste, eraikin adimendunentzako soluzio elektronikoak garatuko dituzte.

FAGOR
Fagor markaren ikurra, Arrasaten duen lantegi batean. BERRIA
jokin sagarzazu
2024ko martxoaren 13a
11:35
Entzun

Mondragon taldeko Fagor Electronicak Astigarragako (Gipuzkoa) Triax Digital Solutions (TDS) konpainia erosi du. Triax ASek eta Ikusi Multimediak bat eginda sortutako sozietatea da TDS, eta 2023ko irailetik hartzekodunen borondatezko konkurtsoan zegoen. 44 langile ditu. Lantegiari eta lanpostu guztiei eutsiko diela ziurtatu du Fagorrek.

Erositako enpresa Fagor Multimedia Solutionsen (FMS) matrizean integratuko da. Konpainia sortu berria da FMS, telekomunikazio azpiegituretarako soluzio elektronikoen sektorean aritzeko. Mondragon taldeak espero du lau urteren buruan 25 milioi euro fakturatzea.

Gorka Guerra FMSko zuzendari nagusiaren arabera, TDSren erosketak Fagor Electronicaren «dibertsifikazio eta hazkunde estrategia» indartuko du. Fagor Electronicak, bereziki, erdieroaleak eta bestelako berrikuntza elektronikoak garatzen ditu, hala nola automobilgintzarako, aeronautikarako, ontzigintzarako eta energiaren sektorerako. Ohar batean, konpainiak azpimarratu du telekomunikazioen sektorea eraldaketa prozesu sakon batean dagoela eta jauzia egin nahi duela beste alor batzuetan ere «erreferente» bihurtzeko, besteak beste eraikin adimendunenean.

Fagor Electronica 1966an sortu zen. Mondragon korporazioko Fagor taldekoa da, beste zazpi kooperatibarekin batera. Fagor Electronicak filialak ditu Santanderren (Espainia), Kolonbian, Perun eta Txilen, eta lantegiak Arrasaten, Thailandian, Mexikon eta Turkian. Seiehun pertsonatik gorako lantaldea du, filialetakoak kontuan hartuta. 2023an 85 milioi euro fakturatu zituen, eta 2024rako 100 milioiren baino gehiagoren salmentak espero ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.