Lazaro jaiki da, eta badabil. CNA talde katalanaren ukitua ez da miraria izan, ordea, Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako sailburu Arantza Tapiaren arabera, «konpromisoa» baizik, eta emaitzak begien bistakoak dira: 100 milioi euroren salmentak eta 450 enplegu, jarduera hasi eta urtebetera. Francisco Martin Fagor CNAko zuzendari nagusiak eman zituen zenbakiak atzo, Garagartzako egoitza nagusian, Arrasaten (Gipuzkoa).
Euskal kooperatibismoaren ikur handienaren porrotetik sortutako enpresa horrek beste 80 enplegu sortuko ditu 2016. urtea amaitzerako, eta jardueraren bigarren urtean 160 milioi euroko fakturazioa lortuko du, enpresaren aurreikuspenaren arabera. Fagor Etxetresnek 1.167 milioi euro fakturatu zituzten 2012an, urtebetean %9 jaitsi ondoren, baina galerak 89 milioirenak izan ziren. Galdu zenaren neurria eman dezake zenbakiak erkatzeak.
Iazko uztailaren hondarrean Pedro Malagon epaileak CNA taldearen alde erabakitako adjudikazioak beste zenbaki batzuk aipatzen zituen plan industrialean enpleguari dagokionez. Kataluniako multinazionalak 700 lanpostutik gora aurreikusi zituen jardueraren lehen urtea amaitzerako. Ez da bete, bistan denez, baina enpresa berria hedatze prozesuan dago, espero ez zituen hainbat zailtasun gainditu ondoren. BERRIAk jakin duenez, «lehiakideen mugimendu estrategikoek» enpresaren zabaltze erritmoa «moteldu» egin dute merkatuetan. Ez da erraza izan, alegia, Fagor Taldeak CNAri merkaturatzen uzten dion Fagor marka berriro biziberritzea etxetresnen sektorean.
Baina Fagor CNAk abiadura egokia hartu du jadanik, eta egun ekoizten dituen produktuen eskaintza handitzeko prozesuan sartuta dago buru-belarri, egosketan, etxetresna txikietan, garbigailuetan eta berogailuetan, esaterako. Multinazionalaren nazioarteko hainbat adarren ekoizpenaren zati bat Arrasatera ekarriko dute luze gabe. Txinatik, kasurako, 22.000 laberen ekoizpena iritsiko da. «Asko dago egiteko, baina harro gaude lortutakoarekin», esan zuen Francisco Martinek, «hazten ari gara».
Erakundeen babesa
Enpresa berriaren lehen urteurreneko festa izan zen atzo, Arrasaten, eta goizean langileen familiek bisita egin zuten Garagartzako plantan barrena. Erakunde publikoek ere babes argia eman nahi izan zioten ekitaldiari. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako sailburu Arantza Tapia, Gipuzkoako ahaldun nagusi Marken Olano eta Arrasateko alkate Maria Ubarretxena izan zituen alboan Fagor CNAko zuzendari Francisco Martinek. «Gipuzkoaren egungo berrindustrializazioa» islatzen duen argazkia eskaini zuten, baita hitzezko mezu argiak ere. «Orain bi urte, 2013ko urriaren 16an, inor gutxik uste zuen hemen egongo ginela», esan zuen Tapiak; «CNAko inbertitzaileen konpromisoari esker lortu da lehen-lehenik; konpromiso horrek egia bihurtu du hau. Beren hitza betetzen ari dira».
Markel Olanok baikortasun mezua helarazi zuen, zazpi-zortzi urteko desindustrializazio prozesuaren ondoren «Gipuzkoan abiatu den berrindustrializazioren ikur argia delako» Fagor CNA. Areago joan, eta erosketak egiteko aholku batzuk ere eman zizkien ahaldun nagusiak herritarrei; herrialdeko produktuekin «konpromisoa» izateko eskatu zien, eta bere burua jarri zuen adibide gisa: «Etxean indukzio plaka aldatuko dugu laster, eta Fagor markakoa izango da, hori seguru».
Maria Ubarretxenak, berriz, «eskualdearen ikurrak bizirik» jarraitzen duela esan zien herrikideei, eta ikur horren porrotaren kaltetuekin «harremanetan» jarraituko dutela erantsi zuen. Hain zuzen, Eskuratu eta Ordaindu plataformek ohar batean esan zuten ez dagoela zer ospatu, eta protesta isila egin zuten Arrasaten.
Fagor CNAk 100 milioi euroko salmentekin itxiko du lehen urtea
Kooperatiba ezagunaren porrotetik sortutako enpresa horretan 450 langile ari dira, eta beste 80 izango dira 2016rako.Espero ez zituzten hainbat zailtasun izan dituzte hedatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu