Fagor Arrasate etekina ateratzen ari zaio Mexikoren alde egindako apustuari. Ternium altzairutegiak herrialde hartako Nuevo Leon estatuan dituen lantegietarako bost makina lerro egin ditu. Horien truke 40 milioi euro inguru jaso ditu Mondragon taldeko kooperatibak.
Makinek hainbat lodieratako altzairuzko bobinak prozesatzen dituzte, modu erabat automatizatuan. Zehazki, 0,4 eta 16 milimetro arteko lodiera duten bobinetarako luzetarako lau ebaketa linea entregatu ditu Fagor Arrasatek, eta 25 milimetrorainoko lodiera duten bobinak prozesatzeko zeharkako ebaketa linea bat.
Bost ebaketa lineak Terniumek Nuevo Leon herrian duen industrialdean instalatu dituzte, Monterrey hiriburutik 20 bat kilometrora. Ternium 1.000 milioi dolarreko inbertsioak egiten ari da lantegi horretan, ekoizpen gaitasuna handitzeko. Altzairu autogintzarako, energia berriztagarrietarako eta etxetresna elektrikoetarako erabiltzen dute, besteak beste.
Linea horietako lau dagoeneko ekoizten ari dira, eta bosgarrena proba eta doitze fasean dago.
Merkatu garrantzitsua da Mexiko Fagor Arrasaterentzat, han egiten baitu bere fakturazioaren %12. 2017an lantegi bat ireki zuen Queretaro estatuko Huimilpan herrian, eta handik zerbitzua eta arreta ematen dizkie Mexikoko eta inguruko herrialdeetako bezeroei.
Fagor Arrasatek nabarmendu du «munduko liderra» dela altzairua, aluminioa eta altzairu herdoilgaitza moldatzeko makinak diseinatzen eta fabrikatzen. Mundu osoan jarduten du, eta bere bezero nagusien artean daude autogintzako enpresa nagusiak —Volkswagen, General Motors, Ford eta Stellantis—, haien hornitzaile estrategikoak —Gestamp eta CIE—, altzairugile handiak —Tata, Arcelor Mittal, Acerinox, Gonvarri eta Bamesa—, eta etxetresna elektrikoen sektoreko konpainiak —Bosch-Siemens, Whirlpool, Mabe, General Electric eta Haier—.
Gaur egun 660 langile eta sei ekoizpen lantegi ditu Fagor Arrasatek. Laguntza teknikoko zerbitzuko bost zentro, I+G+b zentro bat eta ordezkaritza komertzial ugari ere baditu. Azken urteetan, batez beste 200 milioi eurotik gora fakturatu ditu, eta horietatik %85 esportazioak dira.
Latinoamerikako ekoizlerik handiena
Ternium, berriz, Argentinan sortutako altzairu enpresa bat da, eta, egoitza nagusia Luxenburgon izan arren, Latinoamerikan aritzen da batez ere. Hango altzairu ekoizlerik handiena da, eta 125 milioi tonako ekoizpen gaitasuna du. 20.000 langile eta hemezortzi ekoizpen zentro ditu, Argentinan, Brasilen, Kolonbian, Estatu Batuetan, Guatemalan eta Mexikon.
Terniumek ekoizpen prozesu osoa menperatzen du. Meategiak ditu burdin minerala ateratzeko, eta, produktu erdi landuak ez ezik, balio erantsi handikoak ere ekoizten ditu.