Industria

Fabrikazio aurreratuaren foro nagusia egingo dute BECen

Abuztuaren 21etik 27ra arte egingo du CIRP erakundeak foroaren 71. aldia. 50 herrialdetako punta-puntako bostehun ikertzaile helduko dira, industriako ikerkuntza eta garapena sustatzeko.

Bilbao Exhibition Centre erakustazokaren aurrealdea, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko uztailaren 18a
12:01
Entzun 00:00:0000:00:00

CIRP Ekoizpen Ingeniaritzaren Nazioarteko Akademiak BEC erakustazoka (Barakaldo, Bizkaia) aukeratu du urteroko Batzar Nagusia egiteko. Fabrikazio aurreratuan aplikatutako ikerketan aitzindaria da erakunde hori. Batzarraren 71. azoka Euskal Herrian kokatzea erabaki du, «ingurune industrialak duen zeresanagatik» eta bertako fabrikazio aurreratuagatik.

Astebetez egingo dute foroa, abuztuaren 21etik 27ra. 50 herrialdetako punta-puntako bostehun ikertzaile helduko dira, industriako ikerkuntza eta garapena sustatzeko. Badu helburu ere batzarrak eragileen arteko ikuspuntuak trukatzea, aliantza berriak bilatzea eta eragileen arteko lankidetza bultzatzea.

Aurtengo foroa Ideko eta Tekniker zentroek, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta Zaragozako Unibertsitateak antolatu dute. Antolaketa batzordeko presidente eta Idekoren zuzendari zientifiko Jokin Muñoaren hitzetan, foroa «aukera» bat da euskal industriaren lekua indartzeko, «ezagutza zientifikoa sakontzeko», eta fabrikazioan aurrera egiteko.

Ekitaldiaren ongietorria abuztuaren 21ean egingo dute, eta 22an ekingo diote foroari. Hilaren 22tik 24ra, bederatzi hitzaldi magistral eskainiko dituzte —industria arloko bi eta zientifikoko zazpi—, baita 126 txosten zientifiko aurkeztuko ere. Bigarren zatian, hilaren 25etik 27ra, arlo teknologikoetako lan saioak eta bilera orokorrak egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.