Alberto Broch. Coprofameko idazkari nagusia

«Eztabaida handi bat sustatu behar da nekazaritzaz»

Nekazaritzaren inguruko kezkak herritar denei eragin behar diela uste du Brochek, eta familia nekazaritza eredu onena dela dio: «Garapen iraunkorra eskaintzeko modu bakarra da».

Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Derion gaur abiatuko den familia nekazaritzaren nazioarteko VI. konferentzian parte hartuko du Alberto Brochek. Hego Amerikako familia nekazaritzaren erakundeen konfederazioko idazkari nagusia da (Coprofam), eta Derioko konferentziako sarrera hitzaldi nagusietako bat eskainiko du. Itxaropentsu dago hilabete barru abiatuko den familia nekazaritzaren hamarkadak bere fruituak ekarriko dituelako. «Gure hamarkada izan dadila lortu behar dugu».

Derion gaur abiatuko den konferentziarekin familia nekazaritzaren hamarkadari emango zaio hasiera. Zer espero duzu hamarkada honetatik?

Itxaropen oso handia daukagu. Derion egingo den konferentzian, familia nekazaritzaren sare handi bat bilduko da. Ordezkaritza handi bat dago hemen, eta askotarikoa. Lan egin behar dugu hamarkada hau ez dadin izan hitzaldiena eta omenaldiena, ez dezaten soilik esan zein garrantzitsua eta ederra den familia nekazaritza. Ez, guk hori baino gehiago espero dugu: onarpen bat espero dugu gobernuen aldetik, eta baita nazioarteko erakundeena ere. Azken batean gure eredua delako elikadura subiranotasuna bermatzen duen aukera onena. Baina ez hori bakarrik, ikuspegi sozialaren, ekonomikoaren eta kulturalaren aldetik ere egokiena da. Izan ere, herrien kulturei oso lotua dago familia nekazaritza, eskualde bakoitzeko ohiturak gordetzen baitituzte euren barruan.

Zer erronka aurreikusten duzue familiako nekazari txiki horientzako?

Milaka nekazari horiek fenomeno bilaka daitezela nahi dugu, eta ez daitezela anekdota hutsa izan. Gaur egun 800 milioi pertsonak gosea pasatzen dute, eta gehienak nekazariak dira, gainera. Ezin dugu halako miseriarekin aurrera egin. Aurre egin behar diogu pobreziari eta goseari, eta esaten dugu familia nekazaritza dela egokiena horretarako. Baina baldintzak aldatu nahi ditugu, eta, horregatik, politika publikoak eskatuko dizkiegu erakundeei, nekazari horiek kredituetara iristeko erraztasun gehiago izan dezaten, teknologiara, merkatura, jakintzara... Gainera, eztabaida handi bat eragin nahi dugu munduko herrialde guztietako gobernu eta parlamentuetan. Ez baita nekazariei bakarrik eragiten dien arazo bat, estatuen kontua ere bada. Izan ere, denon arazoa da baliabide naturalak nola ustiatu nahi ditugun zehaztea.

Erronka handia duzue aurretik, munduko etxalde gehienak txikiak baitira, eta ekoizten den elikadura gehiena etxalde handietatik baitator. Joera horri buelta ematea litzateke helburua?

Hala da. Elikaduraren alorrean familia nekazaritzak erronka handi bat dauka parez pare: etxalde handiek duten espazioa bereganatu beharra daukate.

Eta hori nola lortu ahalko da? Kontzientziazioaren bidez ala ekintzara salto eginda?

Nik uste bietatik beharko dela, bata ez doalako bestearen aurka. Muinean, nik uste dut eztabaida politiko handi bat sustatu behar dela, komunitate guztiari eragiten dion arazo bat baita hau. Herrialde bakoitzak bere kultura eta politika zehatzak dauzka, baina nik uste dut hausnarketa orokor bat sustatu behar dela, garapen iraunkorra eskain dezakeen eredu bakarra nekazaritza mota hau delako. Helburua, beraz, elikadura guztia familia nekazaritzaren bidez egitea litzateke. Zergatik? Osasungarriagoa delako, agroekologian oinarritzen delako eta lurrarekin oreka bat bilatuz ekoizten duelako. Alde horretatik, interesgarriak izan daitezkeen eredu propio ugari garatzen ari dira Hego Amerikan.

Azken urteetan, ordea, aurrerakoiak ziren gobernuak aldatu egin dira Hego Amerikan, Brasilen eta Argentinan kasurako. Horrek guztiak nola eragin diezaioke familia nekazaritzari?

Kezkatuta gaude, gure eremuan [Brasilen] azken hamabost urteetan garapenerako politika publikoak lortu genituelako. Baina aldaketa handiak egon dira Brasilen eta Argentinan, esaterako. Gobernu hauekin elkarrizketak izateko eta politikak aldatzeko zailtasun handiagoak dauzkagu, eta, horregatik, atzera pauso bat badago. Politikak gutxitu dituzte, elkarrizketa bideak itxi...

Zein dira politika horiek?

Gobernu horiek badaukate joera bat multinazional handiak babesteko, edo lursail handien jabeen alde egiteko. Arrisku hori egon badagoen arren, bideak irekitzen ari gara eurekin hitz egiteko. Azken batean politikak ez baitira dogmak, eta konbentzituta gaude alda daitezkeela. Iruditzen zaigu herrialdearen politika ekonomikoaren arabera egokitu ahal dela. Horregatik, Coprofamen eztabaida sustatzeko lanean ari gara, eta horretan jarraituko dugu. Azken batean, datorren hau familia nekazarien hamarkada izatea nahi dugu.

Hamarkada horretarako ekintza plana oraindik zehaztu gabe dago, eta Derioko konferentziatik ateratzea aurreikusten da. Zer esperantza daukazu?

Itxaropentsu nago, azken batean plan bat garatu ahal izango dugulako, eta bultzada handi bat emango diolako datorren hamar Proposamen asko egingo dira, eta mundu osoko jendea dago. Aniztasun handia dago proposamenetan. Emakumeen parte hartzea ere handia da, eta hori da konferentziaren oinarrietako bat: genero gaia nola landu familia nekazaritzan, euren eskubideak garatzea ezinbestekoa baita. Belaunaldien arteko elkarlana ere sustatu behar da, eta, horregatik, gazteekin ere lan egin behar dugu, eurek sortuko baitituzte elikagaiak 20 eta 30 urte barru.

Txikia handitzeko nahia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.