Udako langileak dira, Ezpeletako biperra biltzera etorriak, baina «bizitzeko tokirik gabe» direla salatu dute. Bada, greba hasi zuten atzo, «bizitzeko baldintza duinak» galdetzeko. Izan ere, gehienak furgonetan bizi dira, eta orain arte Uztaritzeko (Lapurdi) pentze batean egon dira; duela zenbait egun, ordea, Frantziako Poliziak alde egiteko agindu zien. Ez dute, beraz, lo egiteko tokirik. Azkenean, Uztaritzen egoteko baimena lortu dute berriz, baina salatu dute elektrizitaterik eta urik gabe daudela han. Ezpeletako auzapezarekin biltzekoak dira egun, aterabideak eskatzeko.
Maite Sarrionandia Juaristi sasoilaria da, eta honela mintzatu da Euskal Irratietan: «Guk eskatzen dugu leku bat dutxak dituena, ura, eta argindar puntu bat. Neguari buruz goaz, eta ezin dugu gabe egon». Sasoilariek segurtatu dute «lortu arte» greban segituko dutela. Protesta egin zuten atzo 50 bat lagunek, Ezpeletan. Inguruko auzapezei ere gutun bat helarazi diete: «Jakitun gaude biper ekoizpenak eskualderako duen garrantziaz. Horrela izanik, eta legearen babesetik, gure eskubideak aldarrikatzen ditugu lanean eta elkarlanean jarraitu ahal izateko».
Biper saileko sasoilariak kexu Ezpeletan. Gehienak kanpotiarrak dira eta haien furgonetan lo egiten dute. Leku duin bat eskatzen dute ura eta elektrikarekin. 15 bat greban jarri dira eskatutakoa lortu arte. @AOP_PIM_ESPELETpic.twitter.com/rCF9v9c31O
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) August 30, 2022
Panpi Olaizola biper sindikatuko buruak hautetsiak eta Euskal Hirigune Elkargoa jarri ditu jomugan. «Erran dugu ahalak ezartzen ahal ditugula guk ere, baina hautetsiekin ez dugu lortzen aitzinatzea eta sasoilarientzat leku bat atzematea», deitoratu du. Haren hitzetan, sasoilarien baldintzengatik, etxaldeetan geroz eta zailtasun gehiago dituzte langileak atzemateko.