Pazis Garcia. LABen aholkulari juridikoa

«Ezkutuan eta era arbitrarioan aldatu dituzte baldintzak »

Aurretiazko erretiroa 61 urterekin hartzekoak ziren askok asteon jakin dute 63 urtera arte itxaron beharko dutela. Garciak salatu du joko arauen aldaketa aurrez ez azaldu izana.

Jon Fernandez.
2014ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Aurretiazko erretiroa 61 urterekin aurreratu nahi eta, bat-batean, ezinean geratu direnen kasuak aztertzen ari da egunotan Pazis Garcia (Bilbo, 1964). LABeko aholkulari juridikoa da Gartzia. Sindikatuak herenegun jakinarazi zuen aldez aurretiko erretiroetako kaltetuen aldeko mobilizazioak antolatuko dituela. Era berean, LABek errekurtsoa jarriko die 61ekin erretiratu beharrean 63 urterekin erretiratzera behartzen dituztenen ebazpenak. Gartziak aitortu du oraindik ez dakitela zenbat kaltetu dauden Hego Euskal Herrian. «Baina albistea publiko egin denetik gure bulegoetako telefonoak jo eta jo ari dira lau lurraldeetan. Jendeak informazioa nahi du».

Zer gertatu da?

Arazoak 2011n du jatorria, erretiratzeko adina 65etik 67 urtera atzeratu zutenean. Horrek eragina du hainbat gaitan; tartean,erretiro aurreratuan.

Erretiro aurreratua 61 urtetik 63ra atzeratzea erabaki zen.

Hori da. Baina, orain, erretiroari buruzko araudia oso konplikatua da. Bi araudi bizi dira elkarrekin. Gainera, araudi berria indarrean jartzeko trantsizio epea oso luzea da. Lehen ere bazegoen aukera bat 61 urterekin erretiro aurreratua hartzeko, kaleratze objektibo baten bitartez kaleratutakoentzat. Euren borondatearen kontra kaleratutakoentzat.

Kaleratze indibidualen eta kolektiboen kasuetan zen posible 61 urterekin aurrez erretiratzea?

Bai, bietan. Betiere, baldintza batzuk betez gero. Kasu guztietan, 2013ko apirilaren 1a baino lehen kaleratua izatea. Horrez gain, kaleratze kolektiboen kasuan, lan erregulazio espediente baten bidez izatea edo enpresarekin kolektiboki adostea lege zaharraren arabera hartzea aurretiazko erretiroa 61 urterekin.

Zer gertatu da orain?

Lege zaharraren arabera aurrez erretiratzekoak ziren batzuk kolokan daude. Kontua da legeak ez duela esaten zein den adina, esaten duena da erretiratzeko beharrezkoa den adina baino lau urte lehenago hartu daitekeela erretiro aurreratua. Orain, erretiroaren adina 67 urtekoa bada, aurretiazkoa 63an dago. Hori da arazoa. Modu indibidualean kaleratu zituztenak, mantentzen dute aukera 61 urterekin aurrez erretiratzeko, iazko apirilaren 1a baino lehen kaleratu bazituzten, 33 urte kotizatu badituzte, eta, besteak beste, Gizarte Segurantzaren erregimen batean berriro ez badira sartzen. Hori da aldatu dutena.

Gizarte Segurantzan ez sartzeak zer esan nahi du zehazki?

Ulertu izan da ezinezkoa zela aurretiazko erretiroa hartzekoa den langabea berriro lanean hastea. Adin horretako langabe gehienak ahalegindu dira pentsioa ez zapuzten bizi osoan lan egin ondoren azken urteetan lan ez egiteagatik. Langabezia laguntza kobratzen duten bitartean kotizazioa minimoa da, eta orduan, Lanbideko langileek eurek aholkatzen diete komeni zaiela hitzarmen berezi bat egitea 61 urterekin aurretiazko erretiroa hartzeko.

Hau da, euren poltsikotik kotizazio handiagoa pagatu diote Gizarte Segurantzari itun berezi horren bidez.

Gutxi gorabehera pertsonako eta urteko 12.000 euro ordaindu dituzte. Gizarte Segurantzak ontzat jo izan du irizpide hori. Horren frogarik inportanteena da Lanbideko funtzionarioek eurek informazio hori eman dutela eta jendeak horren arabera hartu dituela erabakiak. Gizarte Segurantzak bere barne aginduak ematen ditu irizpideak argitzeko, eta orain erabaki du orain arteko baldintza guztiak bete arren, hitzarmen berezi hori edukitzeak esan nahi duela berriro Gizarte Segurantzaren erregimen batean sartuta egotea.

Horregatik ari dira aurretiazko erretiroak baliogabetzen.

Horregatik ez dituzte orain legeak eskatutako baldintzak betetzen. Lege berria aplikatu nahi diete orain.

Noiz erabaki zuen Gizarte Segurantzak baldintzak aldatzea?

Ezin da jakin, barne erabaki bat delako. Baina ekainaren erdialdera izan zen, ezezko ebazpenak jasotzen hasi garelako harrezkero. Horrela jakin dugu. Gizarte Segurantzak modu arbitrario eta ez oso gardenean aldatu du irizpidea. Logikoena litzateke langileei azaltzea legearen beste zer interpretazio egin duten. Administrazio batek irizpideak aldatzen dituenean azaldu behar du aldaketa, eta kasu honetan ez du azaldu.

Beraz, zeintzuk dira kaltetuak?

Ekainaren erdialdetik aurrera 61 urterekin erretiratzeko eskaria egin dutenak. Arazoa da ez dakigula Gizarte Segurantzaren aldaketaren data zehatza zein den. Inflexio puntu hori ez du lege batek ipini, denok jakiteko noiz sartzen zen indarrean. Egoera oso kafkarra da: hitzarmen berezia egin ez dutenek aukera dute 61 urterekin aurrez erretiratzeko; baina, aldiz, pentsioan kalte handirik ez eragiteagatik ahalegin ekonomiko hori egin dutenek, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.