«Misil gutxiago, hozkailu gehiago!». Langile batek egindako oihu horrekin amaitu da BSHko langileen batzordeak eguerdian emandako prentsaurrekoa. Batzordeak ondorioztatu du BSHk ez diola eutsi nahi Ezkirozko lantokiaren jarduerari, baina hura ixteko erabakia ez dela behin betikoa. Batetik, BSHren Municheko giza baliabideetako arduradunek esan dutenez, «erabakia ez da behin betikoa». Bestetik, duela hiru aste inguru, Metys Herbehereetako aholkularitza etxea kontratatu dute, «berrindustrializazio oso edo partzial baten aukera» aztertzeko.
BSH luzamendutan ibili da orain arte, Ezkirozko lantokiaren etorkizunaren inguruan. Izan ere, urtarrilaren hasieratik BSHk elkarrizketa mahai bat antolatu du Espainiako eta Nafarroako gobernuekin. Gaur-gaurkoz, bederatzi bilera egin dituzte —horietako bost Madrilen, Industria Ministerioaren egoitzan, eta besteak telematikoak izan dira—.
Otsailaren 4tik Nafarroako Gobernuak enpresari zuzenean galdetu dio ea aukerarik baden Ezkirozko lantokiak martxan jarraitzeko, eta, egon ezean, ea lantokiak irekita jarrai dezakeen «beste alternatiba bat bilatu arte». BSHk ez dio zuzenean erantzun.
Gaur-gaurkoz sindikatuek ez dute parte hartzerik mahai horretan. Nafarroako Gobernuaren gaineko «konfiantza osoa» badute ere, «betoa kendu» dadila galdegin dute. Mikel Irujo Industria kontseilariaren bidez, «elkarrizketa eremu bat sortzeko» eskatu diote enpresari, eta oraingoz proposamen horri muzin egin dio BSHk.
«Badakigu horrelako fabrika bat berrindustrializatzeak denbora dakarrela. Partziala edo erabatekoa litzateke. Ezin dugu ezer baztertu».
JUANJO HERMOSO DE MENDOZA Langileen batzordeko presidentea
Dena den, iragan ostiralean, BSHk bilera telematiko bat egitea proposatu zien sindikatuei. «Galderak egin genizkien. Ez da erabaki ofiziala, baina ondorioztatu dugu BSHk ez diola eutsi nahi bere jarduerari, etxeko aparailu elektrikoak egiteari. Hori da langile batzordearen interpretazioa», aipatu du Juanjo Hermoso de Mendoz langileen batzordeko presidenteak (LAB).
Azaldu duenez, Europako langileen batzordeko Tania Meyer kidearen bitartez saiatu dira Municheko zuzendaritzarengana heltzen. «Bide hori esploratu dugu. Giza baliabideetako arduradunek zioten dokumentu ofizial batean ez dagoela behin betiko erabakirik [itxieraren inguruan]. Badu bere garrantzia». Horrez gain, jakin dute Metys Herbehereetako aholkularitza etxea kontratatu dutela alternatibak aztertzeko. «Badakigu horrelako fabrika bat berrindustrializatzeak denbora dakarrela. Partziala edo erabatekoa litzateke. Ezin dugu ezer baztertu», esan du Hermoso de Mendozak.
Inbertitzaileen bila
Hemendik aurrerako agertokia nahasia da. Aukera guztiak mahai gainean daude. Batzordeak jakin duenez, sindikatuei eta administrazio publikoari ezer esan gabe, BSH 2021. urtean ahalegindu zen Ezkirozko lantokia saltzen. Hala, Metys aholkularitzak jasotako eskaintzak aztertuko lituzke. Ez dute baztertzen lehiakide bati saltzea ere. Dena den, oso zuhur mintzatu nahi izan dute, aukera horiek esploratzeko bidearen hasieran baizik ez daude eta.
Norabide horretan, Nafarroako Gobernuak balizko inbertitzaileak erakartzeko prozesuari ekin dio, Sodenaren kanpo inbertsioak erakartzeko zerbitzuaren bidez, eta urrats bera egin du Espainiako Industria Ministerioak.
«Hiruko mahai horren helburu nagusia inbertitzaile bat bilatzea bada, guk ere parte hartu nahi dugu, eta aldizka bildu gaitezela laurok».
IÑAKI SAGASTIBELTZALangileen batzordeko kidea
Erlojuaren kontrako lasterketa da, eta BSHk kontrolatzen ditu denborak. Abenduaren 16an iragarri zuen Ezkirozko planta ixteko erabakia, eta sei hilabeteren buruan gauzatuko litzateke itxiera. Hori horrela, BSHren esku dago aukerak aztertzeko kontsulta epea zabaltzea. Kontuan izanik hiru hilabete geratzen direla epemugarako eta beste aukeren negoziazioak «epe luzeagoa» behar duela, denbora zabaltzeko eskatu diote multinazionalari.
Testuinguru konplexu horretan, beste eskaera argi bat egin du batzordeak: «Nafarroako Gobernuaren, Espainiako Gobernuaren eta BSHren arteko hiruko mahai horren helburu nagusia inbertitzaile bat bilatzea bada, guk ere parte hartu nahi dugu, eta aldizka bildu gaitezela laurok», azaldu du Iñaki Sagastibeltza batzordeko kideak (CCOO). Horrek esan nahi du orain arteko betoa kendu egin beharko litzatekeela. «Administrazio publikoekin elkarlanean, gure helburua da jarduerari eustea alternatiba bideragarri bat topatu arte», gaineratu du Hermoso de Mendozak.
SDA Factory
Ez dira fidatzen BSHren asmoekin. Ondo gogoan dute duela sei urte BSHk Gasteizko lantokia «euro baten truke» saldu zuela eta langileak «abandonaturik» utzi zituela —orain SDA Factory da, baina ixtekotan dago—. Hermoso de Mendozak zehaztu du aldi hartan Eusko Jaurlaritzak ere bazterrean utzi zituela langileak. «Ordutik benetako gurutze bidea bizi izan dute langileek, eta oraindik ez da amaitu». Mesfidantzaren eraginez, Hermoso de Mendozak ez du baztertzen «langileak zatitzeko asmoari» erantzutea azken mugimenduek.
Langileen batzordearen helburua da jarduerari eustea proiektu bideragarri bat topatu bitartean, eta ondorioz zuzeneko eta zeharkako lanpostuei eustea. «Printzipio korporatiboetan proiektatzen duen irudiaren arabera, BSHk eredugarritzat du bere burua, eta orain urrezko aukera du behingoz konpromisoa azaltzeko plantilla honi. Mila familia gara, eta abenduaren 16an gure bizi proiektuak kolokan jarri zituen. Ixteko gutunean, elkarrizketa eta konponbide on bat lortzeko borondatea aipatu zituen; bada, orain kendu dezala betoa», esan du Hermoso de Mendozak.
«Mahai horretan egon behar dugu, bai edo bai», arrapostu eman dio amaieran Roberto Erro batzordeko kideak.