Ontziolak. Historia

Ezkerraldearen zain irekiak

Sestaoko Navalen likidazioarekin batera, amaiera puntua jarri zaio 40 urte iraun duen birmoldaketa industrialari. Bizkaiko ontziola handiek frankismoan bizi izan zuten urrezko aroa.

Ontziolak 1970ean, egun Guggenheim eta Euskalduna dauden eremuan. EHU.
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Navalen ehun urteko historia herrialde batena ere bada. Haren dikeetatik mota guztietako ontzi handiak atera dira. Alfonso XIII gurutzaontzia izan zen lehena, 1920an; eta 2009an eta 2010ean itsasoratu zituen azkenengoak, orduan munduak egindako bi dragaontzirik handienak: Cristobal Colon eta Leiv Eiriksson. Batetik bestera, bi gerra, diktadura bat eta hainbat krisi ekonomiko.

Jarduera handiko garaietan, Sestaoko ontziolak 2.000 langile baino gehiago zituen. 2018an behin betiko itxi zenean, 177 zituen. Garairik distiratsuenak frankismoan bizi izan zituen, diktaduraren sektore kuttunenetako bat baitzen ontziolena. 1969. urtean, munduko ontziola handienetan laugarrena zen Naval, baina, 1973ko petrolioaren lehen krisiarekin, mundu osoko ontzioletako harmailak dardarka hasi ziren. Birmoldaketa sakona planteatu zen sektorean, baina Espainiak prozesua atzeratu zuen, diktadura ondorengo lehen urteetako ezegonkortasun politiko eta instituzionalengatik eta garai hartako tentsio sozialengatik, besteak beste.

1982an, Felipe Gonzalezen Gobernuak (PSOE) industria birmoldaketaren liburu zuria egin zuen, non ontzigintzaren sektorerako plan bat ere zehazten zuen. Prozesu hori 1990eko hamarkadara arte luzatu zen. Eta zauri handi bat utzi zuen; Bizkaiko Ezkerraldean, bereziki.

Plan horren ondorioz, enplegu asko suntsitu zen, eta enpresa enblematiko batzuk itxi zituzten, hala nola Euskalduna ontziolak (1988); baina baita Barakaldo eta Sestao arteko Labe Garaiak ere, zeinak Navalen historiari estuki lotuta zeuden —1996an itzali ziren behin betiko—. Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan ere nabaritu zen eragina, siderurgian eta papergintzan, bereziki.

Industriaren birmoldaketa prozesuak 90.000 enplegu zuzen baino gehiago suntsitu zituen 80ko hamarkadatik 90ekora bitartean, eta lau aldiz gehiago zeharkakoak gehituta. Krisi industrialak langabezia tasa handia eragin zuen: 1993an % 30etik gorakoa izan zen zenbait lekutan.

Erortzen lehenak

Ontziolei dagokienez, ekoizpen gaitasuna eta enplegua ia erdira murriztu ziren lau urtean, 1984tik 1988ra. Sektorearen jardueraren %90 Bizkaian egiten zen, eta batez ere bi enpresa handiren inguruan: Euskalduna eta Naval, zeinak itsasontzi handietan, petroliontzietan eta dragaontzietan aritzen ziren. Gipuzkoan, berriz, ontziola txikiak ziren nagusi, batez ere arrantzontziak egiten zituztenak.

Lehenengo fasean, ontziola txiki eta ertainak desagertu ziren. Eta beste batzuek irauteko bat egin behar zuten: Bizkaian, adibidez, Astilleros Reunidos del Nervion sortu zuten Astilleros del Cadaguak (Barakaldo), Maritima de Axpek eta Ruiz de Velascok (Erandio),—gaur egun Muruetarenak dira—. Astilleros y Talleres Celayako (Erandio) eta Fundiciones Asuako lantaldeak, berriz, Navalen sartu ziren.

Bigarren faseak ontziola handiei eragin zien, eta ikur bat behin betiko itxi zuten: Euskalduna. Langileek eta haien familiek erresistentzia prozesu luzea egin zuten; ez zuten lortu Euskaldunak irekita jarraitzea, bainabai kalte-ordainak eta erretiro aurreratuak. Testuinguru horretan sortu ziren Enplegua Sustatzeko Funtsak deiturikoak: horrek estaldura ekonomikorako eskubidea eman zien langile ugariri, beren kontratuak etenda geratzen ziren bitartean, birkokatu arte.

Bigarren fasean, Naval ez zen hain kaltetua izan; are gehiago, Euskaldunako langile batzuk ere hartu zituen. Baina 1990eko hamarkadaren erdialdean, berregokitzeek berriro jo zituzten ontziolak, eta olatu hark bete-betean harrapatu zuen Sestaokoa. 1.200 laguneko lantalde bati eutsi zion, baina odolustea tantaka gauzatuko zen ondorengo urteetan.

Espainia 1986an Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeak ontziola guztien izaera publikoari buelta ematea ekarri zuen, eta haren araudira egokitzera behartu zituen, laguntza publikoak pixkanaka murriztuz eta Espainiako merkatua Europako lehiara irekiz. Horrek batez ere Navali eta besteontziola handiei eragin zien.

Publikotik pribatura

Egoera horri erantzuteko, hamarkadaren amaieran, Espainiako Estatuak egoera zailean zeuden ontziola batzuk erosi zituen, eta ontziola zibilen eta militarren arteko fusioa planteatu zuen, Izar Construcciones Navales sortuz, geroago Navantia deituko zena. Horra batu zitzaion Naval. Baina urte gutxi iraun zuen; 2006an, administraziotik banandu, eta behin betiko pasatu zen esku pribatuetara. Ingeteam eta Astilleros Murueta euskal taldeak geratu ziren akziodun nagusi gisa. Ordurako 300 langile baino ez zituen.

Garai hartan, sektorea beste birmoldatze prozesu batean zegoen, kasu horretan mundu mailakoa, batez ere Asiako ontziolen lehiaren ondorioz. Ontziola txikiak eta ertainak izan ziren protagonista, haiek eutsi baitzioten hobeto. Helburua beste itsasontzi mota batzuk egitea zen, txikiagoak eta teknologikoki ekipatuagoak. Naval ezin izan zen aldaketa horretara egokitu, hasierako kapitalizazioa handia izan zen arren eta lantalde espezializatua eta teknologia aurreratua zituen arren.

2014an, irauteko azken ahaleginak egin zituen, baina ezinezkoa izan zuen 107 milioi euroren galera metatuei buelta ematea, eta beste 50 milioi pilatu zituen 2017ra arte. Konkurtso prozesuan sartu zen, eta, itxiera zela eta, langileek aukeratu behar izan zuten kalte ordaina jaso edo Galizian edo Andaluzian beste postu bat izan.

Orain, ia lau urtez hartzekodunen konkurtsoan egon ostean, Navalek ez du lortu talde industrial batek ere erreskatea bere gain hartzea. VGP logistika enpresa belgikarrak egin du eskaintza onena; epailearen onespenaren zain dago. Jarduera industrialerako proposamenak ere aurkeztu dira. Talde horrek argi utzi du bere asmoa ez dela ontziola berriz martxan jartzea.

Zer gerta ere, Euskal Herrian zutik zen azken ontziola handiak behin betiko amaitu du bere ibilbidea. Navalen amaiera herrialde eta eskualde baten historia ekonomiko eta kulturalaren sinbolo baten amaiera ere bada. Ontzigintzari lotutako azken industria ikurra, eta odoluste baten kronika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.