Ibaizabal ibaiaren ezkerreko aldeak aspaldi utzi zion industriaren sinonimo izateari. Industria astuneko izen ikonikoak atzean geratu dira, eta haiek utzitako orubeetan nostalgia eta biltegietara iristen diren salgaiak pilatzen dira. «Ezkerraldeak aspaldi utzi zion Euskal Herriko birika industriala izateari. Datuak hor daude: lau herri klasikoak kontuan hartzen badituzu, Bilbo Handiko industria lanpostuen %8 bakarrik daude bertan». Azalpena Jesus Maria Valdalisorena da, EHUk Sarrikon duen Ekonomia fakultateko historia katedradunarena.
Ezkerraldea eskualdea Barakaldok, Sestaok, Portugaletek eta Santurtzik osatzen dute. Lau herri horietan Bizkaiko biztanleriaren %20 bizi da, baina BPGaren %12 sortzen dute bakarrik. Desorekaren arrazoia jardun ekonomikoa aztertzean azaleratzen da: %7,5 soilik dagokio industriari. Gainera, herrien arteko banaketa oso desorekatua da: %6 da Barakaldon, %4,5 Portugaleten, %4 Santurtzin —Bilboko portuko industriagunea Zierbenako zatian dago— eta %29 Sestaon. Azken horren kasuan pisu handia du Aceria Compacta de Bizkaiaren fabrikak (ACB); garai batean AHV Bizkaiko Labe Garaiak zenaren zati bat hartzen du.
«Hidrogenoaren aldeko apustua interesgarria da. Ezkerraldean mugarri izan daiteke, baina hogei edo hogeita hamar urte beharko dira industria hori garatzeko»
JESUS MARIA VALDALISOHistoria katedraduna EHUn
«Zerbitzu hiriak dira orain, industria desagertu egin baita. Barakaldo, esaterako, zerbitzu hiri handi bat da. BECaren ingurua ikusi baino ez dago [Haren orubea ere AHVrena zen]», gehitu du. Industriatik zerbitzuetarako jauzia atal askoko historia bat da, eta azkena Naval ontziolaren lurzoruaren bilakaera izan da. Porrot egin ondoren, VGP logistika sektoreko Belgikako enpresak erosi zuen, 36 milioi euroan. Enkanteko eskaintza onena egin, eta konkurtso administratzaileak hari saldu zion 2021ean.
Harrezkeroztik 260.000 metro koadroak egokitzeko lanetan dihardute. Eraiste lanak bukatuta, aurten hasiko dira pabiloiak eraikitzen. VGP aditua da biltegi eta banaketa guneak eraikitzen, baina, Eusko Jaurlaritzak ezarri zion baldintzen arabera, Navaleko orubearen %51n bermatu behar du «jardun industriala». Ikusi beharko da zer nolako jardun industriala den, eta zer egingo duen orubean dauden Navaleko bi dike lehorrekin. BERRIAk bi elkarrizketa eskaera egin dizkio VGPri, baina hark biei egin die uko.
Navaleko prozesu bera izan zuen Babcocken orubeak. Behinola altzairutegia egon zen tokian, Costco, Obramat eta Carrefouren saltokiak daude egun, baita Amazonen biltegi bat ere. Izan ere, lurzoru falta ez da arazo izan Ezkerraldean. Valdalisok nabarmendu du 1980ko hamarkadan ahalegin handiak egin zirela zoru industrial handietatik kutsadura garbitzeko, eta nahiko emaitza ona eman zutela. Horren seinale, orube askotan etxebizitzak eraiki zirela.
8,5 milioi euroko orubea
Eta orain zer? Orain ere ari dira industrialdeak egokitzen. Barakaldon, esaterako, Burtzeña auzoko lurzoru bat egokitzen hasi ziren iaz. Guztira 289.469 metro koadroko orubea da, eta garai batean Cadagua ontziola eta zentral termiko bat zeuden bertan.
Santurtzin, aldiz, Etxe Uliko zabortegiko lurrak garbitzen ari dira. 70.000 metro koadro ditu, eta industrialde bihurtzea da asmoa.
![ARCELOR MITTAL - ACB ALTZAIRUTEGIA ARCELOR MITTAL - ACB ALTZAIRUTEGIA](/uploads/s1/71/17/36/6/ef-668922-11509167_49_1000x666.jpeg)
Ezkerraldeko beste orube handi bat higiezin industrialak saltzen dituzten webguneetan aurki daiteke. Sestao eta Trapagaran artean dago, eta oso garestia da: 59.000 metro koadroko eremuak 8,5 milioi euroko prezioa du. Zaila izango da hasieran prezio hori ordaintzeko prest dagoen egitasmo industrial bat aurkitzea, eta litekeena da biltegi edo saltoki handi bilakatzea azkenean.
Dena den, Valdalisok argi du oso zaila izango dela Ezkerraldera kanpoko industria proiektu handiak erakartzea. «Azken 40 urteetan Euskal Herrian hazi diren egitasmo industrial guztiak hemen sortu eta garaturikoak izan dira», azaldu du. Alde horretatik, Ezkerralde-Meatzaldeko parke teknologikoan du jarria fedea: «Zati bat energiaren sektoreari dagokio, eta bestea logistikari, baina badu gaitasuna. Hidrogenoaren apustua interesgarria da, baina hogei edo hogeita hamar urte beharko dira gutxienez». Eta horretaz gain? Zintzo erantzun du: «Hortik kanpo nire diagnosia ezkorra da».