Adolfo Muñoz. ELAko idazkari nagusia

«Ezker abertzaleko lider batzuek xerpa gisa ikusten dituzte sindikatuak»

Adolfo Muñoz badoa. Apirilaren 5ean Mitxel Lakuntzari emango dio lekukoa. Arantza geratuko zaio LABekin aliantza estrategiko bat egin ez delako; «drama bat da, baina ezin da». Aurrerantzean bere burua zaintzeari ekingo diola esan du.

xabier martin
Gasteiz
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Groucho Marx gustuko du Adolfo Muñozek (Mañueta, Araba, 1959); esan daiteke azken urteetan aldean eraman duela «ekarri egurra, hau gerra da» sonatu hura. «Gordina denean, mezua ezin da urardotu». Badaki horrek lagundu egin diela bere irudiari «karikatura» egiten diotenei, baina atzera begiratzean ez du damurik «mezuak likidoagoak» egin ez dituelako. «Hemen arpilatze bat dago, hori da kontua».

Dena lotua eta ondo lotua utzi duzu?

Guk asko zaindu ditugu beti erreleboak. Sindikatuaren eredua ez dago zalantzan: kontraboterean jarraituko dugu; hori ez da eztabaidatzen ELAn. Hortik aurrera, gure arauek diote adin batetik aurrera [60 urte] kargua utzi behar dela. Helburua da erreleboa egotea, eragitea eta lantzea.

Urte asko egin dituzu idazkari nagusi gisa; higadura ere nabarituko zenuen. Arau hori garai egokian iritsi zaizu?

Tira, ez naiz hamaika urtera iritsi; Jose Elorrietak hogei egin zituen.

Aro desberdinak izan dira...

Bai. Azken urteak izan dira... 2008an, kargua hartu nuenean, inork ez zuen pentsatu hain urte gogorrak zetozenik. Krisia gogorra izan da militante guztientzat, baina gu indarturik atera gara. Guretzat ez da amaitu krisia, baina krisiak indartu egin gaitu.

Langile klasea lozorroan zegoen 2008. urte hartan?

Ez dut uste. Kontua da krisiak ekarri duela diziplina gogor bat, politika guztietan; gainera, Europa osoan. Greziarena hori izan zen. Eta batzuek aukera paregabea ikusi dute politika sozialak lurperatzeko, pribatizatzeko eta abar; horrekin batera, oposizio guztia ezabatzeko, sindikalismoa barne. Beldurra baliatu dute diziplinatzeko. Laburtuz, krisiak neoliberalismo eta autoritarismo gehiago ekarri du.

Jaurlaritza autoritarioa da?

Hemen ez dago Bolsonaro, baina Jaurlaritzak autoritarismo izugarria aplikatzen du aldizkari ofizialaren bidez.

Zer izenburu espero duzu Mitxel Lakuntzak lekukoa hartu eta gero: lider historiko bat badoala? ELA erradikalismora eraman duen liderra badoala?

ELAk jarraitzen duela; eta indar betean, gainera. Tinko jarraituko dugu konfrontazioan.

Zuri buruz galdetzen nuen, pertsonari buruz.

Ortuzarri irakurri nion behin: «Ezinezkoa da datorrena hau baino okerragoa izatea». Baina Elorrietaren garaian gauza bera esaten zen. Idazkari nagusiaren hitzetan gogoeta kolektibo bat dago.

Harreman pertsonalek ere garrantzia izaten dute.

Baina nik ez dut sekula arazorik izan maila horretan. Lehendakariarekin ere behin egon nintzen, hura izendatu berritan; gero ez du nahi izan gurekin berriro egon. Gizarte klientelista bat bultzatzen ari dira, eta horrek kolokan jartzen du demokrazia bera. ELAk ez dio ezer zor gobernuari; autonomoa da kritika egiteko. Begira, Urkullu saiatu zen gurekin biltzen orain urte eta erdi; baietz esan genion, baina aurrekontuak kritikatzeko prentsaurreko bat eman genuen, eta bitartekariak deitu zigun, esateko bilera bertan behera geratu zela.

Bazoaz, baina sasoi betean zaudela ematen du: demokrazia kolokan jartzen du Jaurlaritzak?

Esparruren batean mesederen bat egiten ari zaizkizula uste badute, ez dute gero inolako kritikarik onartzen. Izan ere, aro postdemokratiko batean gaude, eta bai, demokrazia kolokan dago erabat.

Idazkari nagusi izendatzerako 30 urte bazenituen militatzen...

Bai, 17 urterekin hasi nintzen.

Bizitza osoa sindikalismoan. Nork eman dio gehiago nori: sindikalismoak zuri ala zuk sindikalismoari?

Asko zor diot ELAri, baita pertsona gisa ere. Hiru oinarrizko esparru izan ditut: lehena, senideena. Asko zor diot bikotekideari, gure bizitza hau onartu baitu. Lagunena da bigarren esparrua: haiei esker hasi nintzen gehiago jakin nahian, politikan eta sindikalismoan. 1976an sartu nintzen ELAn, Martxoaren 3ko gertakarien garaian. Cegasako lankideak eztabaidan geunden beti.

Greban zeundeten zuek ere?

Ez, Cegasan ez, baina gertutik bizi izan genuen dena, noski. Oso presente daukat. Giro horrek baldintzatzen zaitu gero izango zaren horretan. Eta horrek hirugarren esparrura narama: sindikatura. Egunero ikasi dut zerbait ELAren barruan. Hemen, jakintza ondasun sozialista bat da.

Botereak mendekotasuna sortzen du maiz; abstinentzia sindromearen beldur zara?

Ez, inola ere ez. Ez dut erretiroa hartuko oraindik, eta gaurkotasunari gertutik jarraituko diot.

Zein izan dira unerik onenak 11 urteotan, eta zein txarrenak?

Onenak bizi izan ditut lan gatazka batean jendea ikusi dudanean barrez eta negarrez, irabazi duelako. Ez dago gauza hoberik. Tristeena da langileak langabeziara joatea saihestu ezin denean. Badakizu askok pobrezia daukatela zain. Eta langile bat beharrean hiltzen denean ere bai.

Arabako Errioxakoa zara sortzez, Mañuetakoa. Joaten zara jaioterrira deskonektatzera?

Oso gutxitan. Sindikalista naiz, gure aitak ez zituelako mahastiak. Izan balitu, ez ginen etorriko Gasteizera; ez zen behargin izango eraikuntzan. Familia apala izan dugu; horrek ere baldintzatu nau.

Mendizale amorratua zara. Hurrengo gailurra?

Lesio handi bat daukat bizkarrean, eta mugatua nago orain. Sarritan joaten naiz Ziraukira, emaztearen herrira, eta han mendira jotzen dut beti. Baina orain neure burua zaintzeko unea da.

Nola ikusten duzu prentsa? Kritika bidezkoak egingo zizkizuten, seguru, baina joko zikina sentitu duzu inoiz?

Kritika pertsonalizatzen dute eraginkorragoak izateko estigmatizazioan. 100.000 afiliatu gara, eta %41eko ordezkaritza dugu; estigmatiza dezatela hori. Karikaturetara jo izan dute, eta gero asko harriturik atera dira bileretatik, «pertsona normala da» esanez.

Zure hitzen gordintasunak lagunduko zuen akaso?

Arazoak gordinki azaltzea eta jatorra izatea bateragarriak dira. Guk ez dugu inor iraindu sekula, eta garbi dugu, mezua likido egiten badugu hobeto irents dadin, jendea nahastuko dugula azkenean. Guk ez dugu mundu guztia pozik eduki nahi.

Erakundeak, oro har, ez daude pozik zuekin, bistan da.

Guk ez dugu ezer espero eskuinetik. Neoliberalismoan eta autoritarismoan ari dira, eta multzo horretan sartzen dugu EAJ. Marra gorri askoari dira, demokratek ez lituzketenak pasatu behar.

Zer marra?

Elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko dekretua, adibidez, lan itunak gutxiengoan egin daitezen lehendakariaren oniritzia... Hori ez da demokrata baten jarrera.

Hitz egin dezagun ezkerraz. LABekin aliantza estrategikoa egitea eragotzi zuen liderra izango zara gerora?

Ez. ELAren eta LABen arteko aliantzaren hipotesiaren gaitasun posible guztia ez da sekula ikusi. Lizarra-Garazira heldu ginenean, LABi esan genion itun hori klaseen artekoa zela, eta beste eredu bat eraiki behar genuela elkarrekin, gizartea oinarri hartuta. Mallabiko goi bileran, 1999an, esan genien gure artean ez lehiatzeko erresistentzia kutxaz aritu behar genuela, besteak beste. Bi sindikatu, eredu bat.

Eta...

Esan ziguten erosteko eskaintza publiko oldarkor bat zela hori. Gero, esan zuten proposamen hori egin genuenok ez genuela ezagutzen ezker abertzalea. Eta egon zen argi eta garbi esan zuenik «orain guri dagokigu haztea». Artean ETA ez zela itzuliko uste genuen denok, eta LABek aurreikusi zuen asko haziko zela. Ez zen posible izan aliantzarik.

Hogei urte joan dira ordutik. Orain ere ez da posible. Kritika handiak egiten dizkiezu LABi eta EH Bilduri; ematen du haiekiko tartea handitzen saiatzen ari zarela. EAJ haserre daukazue, baina agian ez hainbeste, ezta?

Guk uste genuen ETAren ondoren ezkerrak ezkerrera egingo zuela, baina gaur-gaurkoz ez du konpromisorik nahi gurekin. Hor dago Kutxabank, EAEko aurrekontuen negoziazioa, Gipuzkoan egin zuten kudeaketa, Nafarroakoari aldaketa politiko eta soziala esatea...

EH Bilduk eta LABek amen esan behar diote ELAk proposatzen dien guztiari aliantza estrategikoa egon dadin?

Ez, inondik inora, baina egunkarien bidez jakin izan dugu zer jarrera zuten hainbat gai zehatzen inguruan. Eta zilegi da haien jarrera, baina, era berean, zilegi da guk kritika egitea herri ekinaldi legegileekin gertatu denari buruz. Ezkerreko agintariei entzun diegu esaten gai sozialak ez direla errentagarriak. EAJk garbi esan dio ezker abertzaleari sindikatuak ahazteko instituzioetan edo sisteman sartu nahi badu.

Akusazio larria da hori...

Ezker abertzaleari egiten diogun kritika ez da gutxiespen kritika bat, arrangura kritika bat baizik.

Ulertu dut ELAk ez duela inolako ardurarik aliantza estrategiko posiblerik lortu ezin bada.

LABekin sinatu genuen azken agiriko edukietan ez dugu ikusten ezker politikoa, benetan.

Baina LAB ez da alderdi politiko bat. LABen ardurak LABenak dira, ezta?

Baina horregatik azaldu dut nondik gatozen. Gehiengo sindikalaren balizko gaitasun dena ez dugu ikusi, ezker abertzaleak herri akordioak nahi dituelako EAJrekin. Ezker abertzalean, arduradun batzuek garbi esaten dutebereizi egin behar dela zerk duen lehentasuna, eta sindikatuak xerpa baten modura ikusten dituzte. Gu ez gara inoren xerpa, guk interes propioak dauzkagu.

LAB beti izan da ezker abertzalea eta beti izan da sindikatua, ordea.

Horrela da. LAB sindikatua beti izan da ezker abertzalearen zati bat, eta aliantza zertarako nahi dugun pentsatu behar dugu. Ez dugu nahi tresna bat izan dadin alderdikeriatan aritzeko.

EH Bilduri begira esaten duzu?

Guri ezker abertzaleak aitortu digu EAJ ez dagoela; ez dagoela erabakitzeko eskubidearen ikuspegiarekin lanean. EAJk dio Gasteizko Legebiltzarretik ateratzen denak ezin duela Madrilen arazorik sortu; «ez gara izango EH Bilduren bahitu», diote. Ortuzarrek paparra ateratzen du Espainian ez dutelako izan inoiz ere hainbesteko eraginik. Eta Urkullu mobilizazio soziala gutxiesten azaltzen da egunkarietan. EAJ ez badago, zergatik tematu bide horrekin? EAJren helburua estatutua betetzea da, eta inboluzioa garaipena balitz bezala saltzen ari da.

ELA da gaur egun subiranotasunaren zaindaria?

Guk ez dugu sinesten ezkerra saiatzen ari den saio horretan. Eskumenen transferentziaz hitz egiten digute, eta gero ezin dira lan eskaintza publikoak egin edo soldatak igo, Madrilen jarritako mugak daudelako gainetik. Ezker politikoak har ditzake bere erabakiak, baina LAB horren parte denez, LAB ere baldintzatuko du.

Politikan sartu zara buru-belarri. Negoziazio kolektiboan ere badira aldeak ELAren eta LABen artean. Inoiz baino urrunago zaudetela ematen du.

Prekaritatea, lan pobrezia eta soldata arrakala ekintza sindikalaren oinarrian jartzen baditugu, indarrez joan behar dugu, lan gatazkak eraginez; bestela ez da lorpenik izango. Eta LAB esaten ari da greba laburrak eta eraginkorrak nahi dituela... Ez dago kristalezko bola bat jakiteko greba batek noiz emango duen emaitza. LABek, bere eguneroko jardunean, antz handiagoa dauka CCOOrekin eta UGTrekin gurekin baino. Gu ez gara erotu; greba ez dugu helburu, bitarteko baizik. Desadostasun sakonak ditugu LABekin, eta ez dira berehala konponduko.

ELAk idazkari nagusi nafar bat izango du EAEko agintariekin negoziatzeko. Mitxel Lakuntza lurraldetasunari begira ere hautatu duzue?

Nafarroa Euskal Herria da. Ez digute hori galdetu karguan bizkaitar, gipuzkoar edo arabarrak izan direnean.

Lau lurraldetakoak izango dira, beraz, baina emakumerik ez oraindik.

Pertsonarik egokiena hautatu dugu. Sindikatuan, ordea, eraldaketa izugarria izan dugu generoari begira: 36 kidetik 21 emakumeak dira Nazio Batzordean, eta lantaldearen erdia baino gehiago dira emakumeak. Emakumeak ari dira gidatzen eboluzio hori ELAn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.