Koronabirusa

Ezingo da inor telelanera derrigortu, eta gastuak konpentsatuko dira

Etxetik lan egiten dutenen eskubideak bermatzeko proposamen bat egin du Espainiako Gobernuak

Emakume bat, etxean lanean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Azkenengo hiru hilabeteetan, Hego Euskal Herriko langileen ia herenak aritu dira etxetik lanean, telelanean. Pandemia iritsi aurretik, % 6,5ek egiten zuten hori, noizbehinka edo lan egunen erdietan. Beharginen eta lanorduen kopuruetan jauzi izugarria egin da alarma egoerak iraun duen hilabeteotan, eta, horrekin batera, agerian geratu dira neurriaren mugak. Gaur egun ez dago erregulazio espezifikorik, eta enpresek eta langileek ia dena inprobisatu behar izan dute. Telelana, gainera, lehenetsi egingo da, gutxienez uztailera arte; eta, aurrera begira, zenbait lanbidetan ez dute baztertzen neurria lan gehiagotara zabaltzea eta egonkortzea.

Hori ikusirik, Espainiako Gobernua arau bat prestatzen ari da, eta kontsulta publikorako jarri du testua, ekarpenak jasotzeko. Horrek dio neurriaren helburua dela «oreka» bat bilatzea, ez daitezen kaltetu enpresen produktibitatea eta lan modalitate horretan ari diren beharginen eskubideak. Eskubideen inguruan, gobernuak uste du telelana ezin dela ezarri, «borondatezkoa» izan behar duela, eta denbora jakin batetik aurrera lanpostuetara itzuli beharko luketela langileek, haiek hala nahiko balute. Azpimarratu du, halaber, etxetik lanean ari direnei besteen eskubide berberak ziurtatu behar zaizkiela, kolektiboak zein norbanakoenak; besteak beste, euren enpresetan gora egiteko eta beste kargu batzuetarako hautatuak izateko eskubidea, eta prestakuntza jasotzekoa.

Gobernuak uste du, halaber, etxetik lan egiten duten langileen baldintzak zehaztu behar direla. Batetik, gastuen alorra aipatu du, eta horiek konpentsatu behar direla nabarmendu du. Ez du esan zein eta nola. Horren harira, sindikatuek eskatu dute, besteak beste, enpresek hileko tarifa finkoa edo babestua ordaintzeko, esaterako Interneterako konexioarena eta energiarena, eta beren gain hartzeko, halaber, altzarien, ordenagailuen eta etxeko bulegoko horniduraren gastuak ere.

Alderdi ekonomikoa alde batera utzita, gobernuak azpimarratu du langileen lanaldiak eta atsedenaldiak gehiago zehaztu behar direla, eta lan denboraren banaketa malgua ziurtatu behar dela. Prebentzioarekin loturiko neurriei buruz, berriz, etxean eta ordenagailu baten aurrean lan egitearekin loturiko hainbat berezitasun kontuan hartu behar direla dio; hala nola horrek eragin dezakeen neke fisiko eta mentala, eta langile horiek bakartzeko arriskua.

Bizikletako banatzaileak

Telelanaz aparte, Lan Ministerioak beste arau proposamen bat egin du, plataforma digitaletako langileen, batez ere bizikletako banatzaile edo rider-en lan eskubideak ziurtatzeko. Horien artean, testuan aipatzen dira legezko gutxieneko soldata bat ezartzea, zehaztea gehieneko lan denborak eta gutxieneko atsedenaldiak, bermatzea lan baldintza seguru eta osasungarriak, eta ziurtatzea lan kontratua amaitzearekin lotutako eskubideak, beharrezko kalte-ordainen bermeak eta eskubide kolektiboak beteko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.