Unai Sordo. CCOO sindikatuko idazkari nagusia

«Ezin dugu onartu enpresako akordio batek sektoreko itun bat okertzea»

Espainiako Gobernuak pentsioen erreforma eta lan erreforma egingo ditu datozen hilabeteetan, eta Unai Sordok CCOOren posizioa zehaztu du. Ez du argitu, ordea, leman jarraitu nahi duen.

VICTOR LERENA / EFE.
xabier martin
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Agintaldiko azken urtea hastear zuela iritsi zaio Unai Sordori (Bilbo, 1972) pandemia. 2017ko uztailean hartu zuen CCOO sindikatuko idazkaritza nagusia, eta iazko martxoan, reset egin behar izan zuen ordu arteko bide orrian, Espainiako Gobernuak bezala. Azken urtean, premiazkoari erantzun diote PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio gobernuak eta eragile sozialek, sindikatu eta patronalek. Baina aldi baterako erregulazioetatik eta beste neurrietatik harago, ate joka dago orain luzera begira garrantzitsua dena: pentsioen erreforma eta lan erreforma, koalizio gobernua sutan probatuko duena, eta sindikatuek exekutiboan eragiteko gaitasuna bera ere bai.

Pentsioak apalduko dituen erreforma onartuko du CCOOk?

2048. urtera arte pentsioen gastua asko handituko da: pentsiodun gehiago egongo dira; gehiago biziko dira; eta pentsio handiagoa izango dute, gehiago kotizatu dutelako. Hemen, benetako eztabaida politikoa da nola estali behar den gastuaren hazkunde hori, eta bi aukera daude: batetik, pentsioak txikitzea; eta, bestetik, pentsioak ordaintzeko bitartekoak handitzea. CCOO bigarrenaren aldekoa da.

2011n, CCOOk eta UGTk erretiroa 67 urtera atzeratzen ari den erreforma onartu zuten. Gerta daiteke berriro erretiroaren baldintzak apalduko dituen erreforma bat onartzea?

2011ko erreforma oso une politiko eta ekonomiko zehatzean egin zen. Egia da erretiroa 67 urtera atzeratuko dela, baina 37 urte eta erdiko kotizazioa edukiz gero, 65 urterekin erretiratzea libre izango da. Orduan, irtenbiderik onena izan zen hura: herrialde gisa oso egoera ahulean geunden. Orain beste agertoki bat daukagu, eta hiru helburu daude: lehena da 2013ko erreforma baliogabetzea, eta 2011kora itzultzea; bigarrena, Gizarte Segurantzaren diru sarrerak hobetzea; eta hirugarrena, Gizarte Segurantzarenak ez diren gastuak aurrekontu orokorretan sartzea. Toledoko Itunaren aholkuek ez dituzte zertan ekarri pentsio apalagoak. Beste kontu bat da neurri batzuk hartzea erretiro adin erreala eta legezkoa ahalik eta gertuen egoteko. Toledoko Itunak negoziazio esparrua ezarri besterik ez du egin.

Pentsiodunek hiru urte bete dituzte kalean, horietako asko Bilbon, CCOO-Euskadiren egoitzaren alboan. Zer espero dezakete zure sindikatuarengandik?

Pentsioen sistema publikoaren defentsa argia espero dezakete, kalitatezko prestazioekin, orain eta 30 urte barrurako ere bai. Ez dira negoziazio errazak izango, baina akordio zabalak espero ditugu pentsio publikoen alde. Zabalak ez badira, aurreratzen den guztia gal daiteke gero; horregatik nahi ditugu itun zabalak.

Ez zaio berandutzen ari koalizio gobernuari Rajoyren lan erreforma aldatzeko?

Bai, gehiago itxaron ezin duen gaia da: egun edo aste gutxian ekin behar diote. Negoziazio hori oso aurreratua genuen otsailean, eta bat-batean iritsi zen koronabirusa, hori ere egia da. Erabateko akordioa ia ezinezkoa da CEOErekin, baina gai batzuetan kasik akordioa zegoen, adibidez, negoziazio kolektiboan.

Ez dirudi Europako Batasunak asko akuilatzen duenik Madril lan erreforma egiteko; bai, ordea, pentsioekin.

Bruselak erreforma batzuen beharra jarriko du mahai gainean, suspertzeko funtsekin lotuak, eta Espainiak ez du aukerarik izango: lan esparruan aldaketa garrantzitsuak egin beharko ditu. Beraz, ezin dute gehiago atzeratu. Gakoa da nola aldatzen den lan arautegia, ez aldatzen den ala ez.

Nola aldatu nahiko du CCOOk? Non ditu marra gorriak?

Erreforma osoa aldatu behar da, negoziazio kolektibotik hasita: aurrerako eragina, enpresen itunen lehentasuna, azpikontratazioa, enpresek itunak betetzeari uzteko araua... Gainera, kontratazioari ere heldu behar zaio, aldi baterako kontratuen erabilera okerra galarazteko, eta kaleratzeen arautegiari ere bai. Horren truke, enpresentzako malgutasun formulak erraztu behar dira, eta aldi baterako erregulazioek bide bat ireki dute hor.

Eta gobernuak betoa ematen badio CEOEri? Gutxieneko soldata ez du igo berriki...

Patronalari betoa emango balio mobilizazioetarako aukera zabalduko litzateke, inolako zalantzarik gabe. Gutxieneko soldatarekin gertatu dena orain arteko gauzarik okerrena da gobernuaren aldetik. Zilegi da CEOE ados egon gabe ere legeak onartzea. Gobernua trakets egon da gutxieneko soldata izoztean, eta guk uste dugu hilabete gutxian igoko dutela. Ekonomiaren esparruko ministro guztiei esan diegu, alderdiak desberdindu gabe, espero dugula gutxieneko soldatan erakutsitako dinamika hori baztertzea.

Enpresa itunei lehentasuna kendu eta sektorekoei eman nahi diezue. Itunen estatalizazio handiagoa ekarriko du horrek Euskal Herrira, agian, estatuko itunak liratekeelako lehentasunezkoak?

Ez. Sektorekoak estatukoak izan daitezke, baina baita erkidegokoak eta lurraldekoak ere. Guk estatu mailako itunak egotea nahi dugu, ahalik eta langile gehien egon daitezen babes baten barruan, baina egon daitezke sektoreko beste itun batzuk ere; erkidego mailakoen aldekoa naiz ni. Ezin dugu onartu enpresako akordio batek okertzea sektore bateko itun baten baldintzak. Multizerbitzu enpresek baliatzen dute hori, esaterako.

Baina zerk luke lehentasuna: Gipuzkoako eta Bizkaiko metalaren itunek, adibidez, edo, lehenago egin denez, Espainiako metalarenak?

Nola arautzen den, horren arabera lirateke lehentasuna eta eskuduntzak. Metalaren adibidea oso ona da: sektoreko hainbat itun daude, eta ez dago arazorik; beste kontu bat da hamarkada bat egotea itunik gabe, eta gero esatea sektoreko itunak babesten dituzula, Euskadin gertatu den bezala, Confebasken eta sindikatu batzuen erabaki komunak tarteko. Hori ez da itunen estatalizazioa, sektoreko negoziazioa abandonatzea baizik.

Aurki aldatzera doan beste gai bat da autonomo faltsuena. Hain gertu dago akordio bat riders-en auziari argia emateko?

Gertu dago, baina ez da hain erraza. CEOEk asko gogortu du bere posizioa, eta gobernua bera aldaketa oso mugatua proposatzen ari da. Riders-ena ikusten da gehien, baina gehiago dira plataforma bidezko ekonomiaren kalteak. Dena den, langile horiei beren eskubideak eman behar dizkiete, ez direlako autonomoak. Baina azpikontratazioarekin lotutako gai asko gurutzatzen dira plataforma bidezko ekonomian, eta ezin da bazter utzi hori dena. Hiruko akordioa ez bada posible, gobernuak aurrera egin behar du. Otsailean bertan zerbait egotea espero dugu.

Pandemia ez da su-etenik ematen ari, eta 2021. urtea ez da uste bezain ona izango. Krisia luzatzen ari da; ez ote dute azkenean langileek ordainduko, historian hainbatean gertatu den moduan?

Luzatzen ari da, eta oso kontuan hartu behar da. ABEEei esker, estreinakoz gure herrialdean, gehiago erori da ekonomia enplegua baino. Diru publiko andana baliatu da, egia da, baina hori dena larrialdiari erantzuteko izan da. Orain da unea pandemiaren osteko politikak erabakitzeko, hirugarren olatuan gaudela. Txertoak orokortzean, ni errebote bat espero dutenetakoa naiz. Gehiegi luzatzen bada, ordea, gehiago izango dira eroriko diren enpresak eta langileak. Hala ere, krisitik irteteko eredua finkatzen hasi behar dugu, ez dagoelako idatzirik austeritate politika itzuliko ez dela. Eta hor erakutsi beharko du gobernuak bere izana. Egingo al du egin behar duen erreforma fiskala? Eta lan erreforma? Dena dago ikusteko, eta horregatik ezin dugu baztertu mobilizazioa.

Ostalaritza ixtea izaten ari da gobernu askoren erantzuna, kutsatzeak gutxitzeko. Enpresak eta garraioa behar bezain beste zaintzen dira?

Ez du ematen lan zentroetan kutsatze askorik daudenik. Oro har, COVID protokoloak betetzen dira, ordezkaritza sindikala dagoen lekuetan behintzat. Fidagarria da dagoen informazioa? Ez, baina daukaguna da. Eta garbi esan behar dugu: pandemia hau ez da bateragarria bizitza normala egitearekin. Desatsegina da neurriak hartzea, baina hartu behar dira. Ostalaritza ez da pandemiaren erantzule, baina ostalaritzaren jarduera normal bat ezin da egin orain, beste gauza asko bezala. Beste kontu bat da konpentsazio neurriak ere hartu behar direla trukean.

Urrian du CCOOk idazkaritza nagusia berritzeko kongresua. Indarrez zaude jarraitzeko?

Gogorra izaten ari da azken urtea: une historiko gehiegi bizitzen ari gara. Hiru urte eta erdian, hiru lan ministro izan ditut aurrez aurre. Erritmo politikoa eromena da. Inor ez zegoen prest, hori da egia. Nik neuk ere COVIDa pasatu dut, eta ondorioak geroago etorriko direla pentsatzen dut sarritan. Madrilen bakarrik pasatzea ez zen atsegina izan, baina ezin naiz kexatu ikusita zer gertatzen ari den. Sindikatuko egiturekin ari naiz hitz egiten, eta oraindik ez dut erabakirik hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.