Mikel Urzelai. 'Aurreztuz.eus' proiektuaren egilea

«Ezezkoa jasota, gertuago egongo da baietza, ziur»

'Aurreztuz.eus' proiektua gauzatu du gradu amaierako lanean; aisialdia merkeago gozatzeko aukera eskaini die Donostiako gazteei, deskontu kupoiak biltzen dituzten liburuxkaren eta webgunearen bidez.

Mikel Urzelai, Aurreztuz.eus proiektuaren egilea. MIKEL URZELAI.
Donostia
2015eko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitateko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza graduko ikaslea da Mikel Urzelai (Donostia, 1992). Ikasketak amaitzeko, Aurreztuz.eus proiektua abian jarri du, Tapuntuko kideen laguntzarekin; Donostiako aisialdia merkeago gozatzeko aukerak eskaintzen dituen proiektua da. Baikor eta ziurtasunez mintzatu da proiektuaren inguruan.

Zer da Aurreztuz.eus?

Donostiako gazteek aisialdiaz merkeago eta errazago gozatzeko aukerak eskaintzen dituen liburuxka eta webgunea biltzen dituen proiektua. Proiektuaren berezitasun handiena da eskuz esku banatu ditudala liburuxkak.

Nola sortu zitzaizun proiektu hau abian jartzeko ideia?

Herbehereetan egon nintzen urtebetez, eta han ikasle mugimendu handia dagoenez, horrelako deskontu liburuxka asko ikusten nituen. Oso ondo funtzionatzen zutenez, nire gradu amaierako proiektua egiteko ideia egokia iruditu zitzaidan.

Zein izan da proiektu hau egiteko prozesua?

Lehenengo eta behin, ikerketa bat egin nuen Donostiako merkataritzari buruz: zenbat komertzio dauden, zenbat gazte... Behin datu base hori landuta, eta ikusita posible zela proiektua aurrera eramatea, hainbat pertsona elkarrizketatu nituen, Donostiako merkatuaren inguruko informazio gehiago lortzeko: ikasleak, publizitatean adituak diren pertsonak... Komertzioetan ere galdeketa egin nuen, proiektua interesgarria iruditzen ote zitzaien jakiteko.

Gero, merkatariekin tratua egiteko txanda, ezta?

Bai, produktua aurkeztu nien. Liburuxkan komertzioaren publizitatea egongo zela esan nien, eta nik aholka niezaiekeela zein deskontu egin; trukean, haiek gazteentzat erakargarria zen eskaintza bat egin behar zuten.

Hain zuzen, webgunean eta liburuxkan eskaintza horietaz gozatzeko kupoiak daude. Nola erabil daitezke?

Webguneari dagokionez, kupoia webgunetik inprimatu, deskontua dagokion komertziora joan, eta kupoia erakutsi behar da. Liburuxkaren kasuan, kupoia puskatu, eta dendara eraman behar da. Kupoia nahi adina erabil daiteke, baina abenduaren 31 arte daude erabilgarri.

Kupoien erabilerari buruz, helburuak bete al dituzu?

Irailean, liburuxka gehiago banatuko ditut, eta urtearen amaieran, komertzioz komertzio galdeketa bat egingo dut, eta orduan aztertuko dut. Balorazio ona eginez gero, hurrengo urtean proiektua zabaltzea ere pentsatu dut; ez dut egitasmoa ezerezean gelditzea nahi. Gazteentzako horrelako egitasmo gutxi daude, eta azken batean, merkatu ikerketa bat egitea eta abian jartzea posible ote den ikustea besterik ez da.

Prozesu honetan guztian, zein zailtasun izan dituzu?

Zailtasun handiena komertzioa lortzea da. Izan ere, proiektu berria da, jendeak ez du ezagutzen, eta zaila da saltzea haien komertzioari etekina eman diezaiokeela. Azken batean, Business to business modeloa da, eta ez da berdina horrelako proiektu bat partikular bati edo bere negozio propioa duen bati saltzea. Dena den, nahiko positiboa izan da, eta oso gustura geratu naiz emaitzarekin.

Zein garrantzi ematen diozu gazteek beren proiektu propioak sortzeari?

Ekintzailetasuna oso garrantzitsua dela iruditzen zait: niri izugarri balio izan dit ikasteko, mundu errealean sartzen zarelako, eta profesionalekin harremanetan zaudelako. Edozein proiekturi aurre egiteko konfiantza handiagoa lortzen duzu. Orduan, ideiaren bat duen edonor, edozein txikikeria izanda ere, ideia hori aurrera eramaten saiatzera bultzatuko nuke; aurrera begira, ondo atera edo ez, beti izango da aberasgarria. Lan hau neketsua izango zela banekien, ezezkoak jasoko nituelako. Dena den, ezezkoa arrakastaren parte da, eta ezezkoa jasota, baiezkoa gertuago egongo da, ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.