Xabier Iturbe. Kutxako presidentea

«Ez zegoen ezer aldundiaren proposamenean; bi ideia sinple ziren bakarrik»

Kutxako presidentearen ustez, «kanpaina bat» dago Kutxabanken aurka, atzean nor dagoen seinalatu ez arren. Bankarizazioak banku eredurik ez du aldatuko, haren iritziz: «Merkatuak markatzen digu eredua». Azaldu du gizarte ekintza ez dagoela kolokan.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
Donostia
2014ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Datorren ostirala egun garrantzitsua izango da Kutxarentzat. Aurrezki kutxa banku fundazio bihurtu ala ez erabakiko dute batzarkideek. Xabier Iturbe Kutxako presidenteak (Pasaia, 1963) ez du sorpresarik espero. «Orain arte batzarrak beti eman digu babesa, eta espero dugu oraingo honetan ere nahiko babes edukitzea».

Zergatik bota zenuten atzera Gipuzkoako Diputazioaren proposamena?

Ez zen proposamen bat; diputazioak bi ideia eman ditu: batetik, Kutxak Kutxabanken dituen akzioak udalei eta diputazioari ematea, eta, bestetik, horiek Kutxabanketik jasotzen zituzten dibidenduak itzultzea Kutxari. Baina ideia hori ez zegoen garatuta. Ez zuten esaten nola salduko zen, nola bermatuko zen dibidenduak etorriko zirela, udalek ez zituztela salduko akzio horiek; ez zen bermatzen Kutxaren eta Gipuzkoaren presentzia Kutxabanken kontseiluan, ez zegoen estatutu proposamenik, ez zegoen patronatukiderik... Ez zegoen ezer. Bi ideia sinple ziren bakarrik. Ez zen bideragarria.

Eta juridikoki, bideragarria zen?

Ez. Akats handiak zituen. Batetik, ondasungabetze bat dago hor. Kutxako administratzaileei erantzukizun handiak ekartzen dizkie, eta hori, segur aski, legez kontrakoa izango litzateke. Bigarrenik, iruzurtzat jo daiteke, legea ez betetzeko eta banku fundazio ez bihurtzeko asmoa zuelako. Hirugarrenik, hau egiteko beste bi kutxen adostasuna behar da, eta hori batere landu gabe zegoen. Eta, laugarrenik, Espainiako Bankuaren onarpena beharko litzateke, eta hori ez daukagu.

Denborarik eza ere aipatu izan duzue proposamena atzera botatzeko argudio gisa.

Edozein modutan, ez dago denborarik epearen barruan egiteko. Abenduaren 29rako eraldatuta egon behar gara; bestela, Kutxako administrazio organoak desagertu egingo lirateke, eta Jaurlaritzak kudeatzaile talde bat sortu beharko luke estatutuak eta patronatu bat osatzeko. Azken finean, abenduaren 29an bertan banku fundazio bihurtuko ginateke automatikoki.

2012ko zure izendapena iskanbilatsua izan zen. Zintzo jokatu zenuela uste duzu?

Bagenekien nolako iskanbila izango zen, eta estatutuak eta legea txukun-txukun bete ditugu. Zehatz-zehatz, hitzez hitz.

EH Bilduk inpugnatu egin zuen zure izendapena. Zertan da auzibidea?

Azaroan dugu lehen auzi saioa, eta lekuko gisa joan behar dut.

Zer ekar dezake auzibideak?

Kutxako abokatuak oso lasai daude, eta ni ere bai.

Batzar Nagusiek patronatua sortu aurretik aukeratu dituzte patronatukideak. Horrek ez du arazo legalik ekarriko?

Ez. Patronatua Kutxako batzarrak izendatuko du, administrazio kontseiluak proposatuta, eta horrela egin dugu. Beste gauza bat da kontseiluak Batzar Nagusiei eskatu diela izenak emateko. Estatutuen arabera, hori ez zen beharrezkoa patronatuaren sorreran. Gero bai, lau urtean behin Batzar Nagusiek proposatuko dituzte kideen izenak, patronatuak lurraldeko gizartea ordezkatzeko egokiena Batzar Nagusietara jotzea delako. Baina hasieratik eskema hori erabiltzea egokia dela erabaki dugu.

EH Bilduk ez ditu aukeratu bere ordezkariak. Zer gertatuko da?

Ez baditu aukeratzen, patronatua hamabost kidekoa izan beharrean 11koa izango da. Jakiteko dago Donostiako Udalak eta diputazioak ordezkaria aukeratuko duten. Dena dela, patronatuak berdin-berdin jarraituko luke aurrera.

Bezeroak jada ez du zeresanik aginte organoen aukeraketan. Jaurlaritzak egiteko duen legean komenigarria litzateke bezeroari aukera ematea ?

Ez da posible. Kutxak ez du bezerorik: bezeroak Kutxabankek ditu. Gainera, legeak ez du hori onartzen, fundazioek ez daukatelako finantza aktibitaterik.

Gizarte ekintza arriskuan egon daiteke aurrerantzean?

Gizarte ekintza arriskuan egongo da Kutxabankek dirurik irabazten ez badu. Finantza negozioaren irabazien ehuneko bat da gizarte ekintza. Irabaziak dauden bitartean egongo da gizarte ekintza. Irabaziak handiak badira, handiagoa izango da gizarte ekintza, eta irabazi txikiagoak badira, txikiagoa. Arrisku bakarra hori da, ez dago beste arriskurik.

Zelan bermatu gizarte ekintza eta filosofia bat bankuaren akzioak saldu eta jabetzaren gutxiengo bihurtuz gero?

Ez du zerikusirik. Guk parte hartzea jaisten badugu, ez dugu oparituko: saldu egingo dugu. Diru hori inberti dezakezu, eta Kutxabankek ematen duen errentagarritasun bera ematen badu, gizarte ekintza bermatuta dago kopuru beretan. Kutxak gaur 1.600 milioi euroko ondarea du. Horren etekina da gizarte ekintzaren bermea, Kutxabanken inbertituta egon edo beste zerbaiten inbertituta egon. Gure helburua ez da ondare hori oparitzea.

Mario Fernandezek esan du akzioen %70 saltzeko asmoa duela. Ez zenukete bankuaren kontrola galduko?

Edozein enpresatan bezala, Kutxabanken jabetzaren erdia gehi bat badaukazu, kontrola bermatuta daukazu. Egia da %30ekin ez daukazula bermatuta zure kontrola, printzipioz. Batez ere burtsan baldin badago: etor daiteke edozein eta erosteko eskaintza publiko bat egin, eta prezio ona ordaintzen badu, kontrola hartu.

Sortzen ari zareten Kutxabanken banku eredua egokiena dela uste duzu, ala egoerak behartuta ari zarete?

Kutxabanken eredua merkatuak markatzen du. Kutxabank banku komertzial bat da, kutxak beti izan diren bezala. Bere negozio eredua merkatuak markatzen du. BBK, Vital eta Kutxa hasiera-hasieratik sortu dira finantza erakunde pribatu eta komertzial moduan, bezeroen gordailuak jaso eta beste bezero batzuei mailegatzeko diru hori. Eredu hori halakoa da, eta ez da aldatuko. Beste gauza bat da zein den horren jabea. Jabe horrek zerbait alda dezake estrategia, baina eredua ez. «Kutxabank banku publiko bihurtu», esaten dute, baina ez da publikoa, eta ezin da izan. ICO edo Europako Inbertsioen Bankua bezalako banku publikoek diru iturri publikoak dituzte, ez dute bezerorik, ez dute gordailurik, eta horregatik inbertsioak eta maileguak irizpide politikoekin egiten dira. Baina hori ez da Kutxaren kasua, eta ezin da izan. Gu komertzialak gara, eta irizpide komertzialen arabera antolatu behar gara, ez garelako gure dirua mailegatzen ari, gure bezeroena baizik.

60.000 mailegu pertsonal funts putreei saltzeak ez dio kalte egiten bankuaren izen onari eta izaerari?

Operazioak beti egin dira. Zor zaharrak dira, ordaintzea lortu ez direnak, eta zuk horiek kudeatzea ez da eraginkorra. Enpresa espezializatu batzuk daude kondar horiek modu eraginkorragoan kudeatzeko. Gainera, mailegu txikiak dira; ez dira sartzen etxebizitzak eta hipotekadunak. Bermerik gabekoak izaten dira.

Publiko egin den kasu batean, 27.000 euroko mailegu bati jarritako bermea dago jokoan. Zorra bere balioaren %1,5ean saldu zenioten funts putreei?

Ez dakit zenbatean saldu zen; ez naiz gogoratzen buruz. Merkatu bat dago horretarako, eta dozena erdi enpresa espezializatu daude. Eskaintza egin genuen, eta gehien pagatu zuenari eman genion.

Funts putreei zorra merkeago saldu beharrean, zergatik ez adostu bezeroarekin prezio merke horretan zorra kitatzea?

Hain zuzen ere, hori egin da, eta ez da lortu. Saio guztiak egin eta ezer lortu ez denean saldu dira, azken errekurtso moduan. Kondarrak dira, eta gu ezin gara ibili kondar horiek kudeatzen, ez delako eraginkorra.

Kutxabankek egin du etxe kaleratze gehien. Aterabiderik gabeko arazo bat da? Lege kontu bat? Borondate kontu bat?

Ez nago ziur guk egin dugun etxe kaleratze gehien. Proportzioan, besteek baino askoz gutxiago egin dugu. Nahiz eta merkatuaren %40 eduki, ez dago daturik esateko gehien guk egiten dugula. Guk oso gutxi egiten dugu. Guretzat azken errekurtsoa da. Kutxabankek izugarrizko sentsibilitate sozialarekin tratatzen ditu halakoak, eta %99tan ados jartzen gara. Iaz egin genituen etxe kaleratzeetatik bakar bat ere ez zen egin gogoz kontra. Denak izan dira adostasunez eta baketsuak. Hemen kanpaina bat dago Kutxabanken aurka; ez da egia esaten den guztia. Beste gauza bat da gu banku bat garela, eta prestatzen duguna itzuli egin behar digutela. Saiatu behar gara bueltatzen gure ardura delako, baina beti kutxek eduki duten sentsibilitate horrekin.

Jabetzen zara alarma soziala pizten duen gai bat dela?

Bai, baina denak sortzen du. Gobernuak oinarrizko errenta itzultzea eskatzen duenean ere pizten du, edo Alokabidek alokairua pagatzen ez dutenean pagatzeko esaten duenean. Horrelakoa da gizartea: norbaiti zerbait eskatzen diozunean, alarma sortzen du.

IRPHaren auzian kontrako hainbat epai jaso ditu Kutxabankek. Ez duzue ondo kudeatu IRPHa?

Bikain kudeatu dugu.

Eta justiziak zergatik eman die arrazoia bezero batzuei?

Epaile bakoitzak bere irizpideak ditu, eta epaien %99 gure aldekoak dira. Agian bat edo bi atera dira kontra. Kontua da bakarrik ezezkoak ateratzen direla. Baina guk IRPHan legea bete dugu, beste denek bezala. Eta aldatzeko esan digutenean, aldatu dugu eta kito. Hor ez dago eztabaidarik.

Ia egunero dituzue protestak egoitza aurrean. Zerbait txarto egin duzuen irudipenik baduzu?

Hori kanpaina bat da.

Norbaitek antolatutakoa?

Noski, hor jartzen direnek.

Kanpaina politiko bat?

Ez dakit. Baina hori kanpaina bat da. Non daude beste banku guztiak? Gu gara Euskal Herriko banku bakarra? Zergatik denak gurekin? Eta beste denak?... Hori oso argi dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.