NEKAZARITZA POLITIKA BATERATUA

Ez hanka eta ez abelburu

Apirilaren amaierara arte luzatu da Hego Euskal Herriko baserritarrek Europako diru laguntzak eskatzeko epea, eta ukuiluak hutsik egon arren, aurrerantzean hainbat sektoretan sosak hartu ahal izango dituzte

Leire Olaetxea.
DONOSTIA
2006ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Zaila da Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma ulertzea. Azken urteotan ekoizpen eredu intentsiboa sustatu eta haztegi erraldoiak saritzen jardun da Europa, Euskal Herriko baserri txikiagoen kalterako. Hemendik aurrera, ordea, izango dira soroak landu gabe edo ukuilua hutsik edukita diru laguntzak hartuko dituzten baserritarrak. Edonola ere, apirilaren amaierara arte luzatu dute Hego Euskal Herrian laguntza horiek eskatzeko epea.

Desberdina da sektore bakoitzaren egoera. Batzuetan, laguntza guztiak ekoizpenari lotuta daude oraindik (ordainketa bakarrari %100 atxikita), eta beste batzuetan, jada ez du zerikusirik. Tarteko egoerak ere badira (ikus taula). Erretiroa hartu edo beste sektore batean jardun arren, diru laguntzak hartzeko moduan dira garai batean abelgorri arrak, esnetarako abereak, ale lekadunak edo oliba olioa ekoizten zuten nekazariak, adibidez. Aurrerantzean 2000, 2001 eta 2002 urteetan jasotako laguntzak aintzat hartu eta horien batez bestekoa sakelaratuko dute.

Bitarte hori igarota lanean hasi diren nekazariek eta abeltzainek erreserbara jo behar dute ordainketa eskubideak bereganatzeko. Dagokien urteko abenduaren eta datorren urteko uztailera bitartean hartuko dituzte denek laguntzak.Gozoki pozoitsua izan daiteke ordainketa bakarra. «Erabateko hondamena» eragin dezakeela ohartarazi du Alberto Llona EHNEko teknikariak. «Beldur gara, sektorea edo behintzat ekoizpena bertan behera uzteko gonbita izan daitekeelako baserritarrentzat».

2008an, berraztertuko dute

Aurrerago begira dezaten eskatu die baserritarrei Llonak. Ordainketa bakarrak 2013ra artean iraungo duen arren, Europako Batzordeak jada onartu du bi urte barru egoera aztertuko dutela. Eta, Llonaren iritziz, baliteke beste erreforma bat proposatzea: «Une horretan ekoizten ez duenari diru laguntzarik ez ematea erabaki dezake».

Ordainketa bakarraren politika «oso arraroa» dela nabarmendu eta «inor gutxik» ulertzen duela ziurtatu du. Baserritarren zilegitasuna kolokan jar daitekeela salatu du, gainera. Llonaren ustez, gizarteak nekez uler dezake ekoizten ez duen baserritarrak diru laguntzak hartzea. «Hektareak txukun gordetzeagatik sarituko gaitu Europak; ekoiztea beharrean, gure beharra ingurumena zaintzea izango da». Laguntzak eman arren 20 urteko prezioak indarrean direla salatu du.

Arazo nagusia, prezioak

Bada, ordea, ordainketa bakarrak nekez eragingo dion baserritarrik. Bere hartan jarraituko dute txekorretarako behiekin, labore energetikoekin eta haziekin dihardutenek, besteak beste.

Ordainketa bakarra benetako erreforma dela ukatu du Angel Eraul UAGNko lehendakariak: «Ez zaio profesionalari jaramon egin, eta interes ekonomiko eta politikoak gailendu dira». Funtsean, laguntzek «bere hartan» jarraituko dutela iragarri du, baina diru sarrerak murriztu egingo direla aurreratu du.Arazorik larriena prezioak direla nabarmendu du. «Diru laguntzak ahal bezainbeste lagun pozteko sariak dira soilik». Sektore «profesionala» aldarrikatu du, eta NPBko hamar eurotik zortzi baserritarren %20k hartzen dituztela gogoratu du.Ordainketa bakarrak 2013ra bitartean iraun beharko luke. Bi urte barru, ordea, egoera aztertuko du Bruselak, eta aitortu du 2013rako laguntzen zati handi bat bertan behera gelditzeko ahaleginak egingo dituela. Horiek horrela, herrialde bakoitzak kudeatuko lituzke berriro.

Datua





100.000

Hego Euskal Herrian 100.000 lagunek baino gehiagok hartzen dituzte nekazaritzako eta abeltzaintzako laguntzak. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 15.000 baserritar inguruk egiten dituzte eskaerak, eta Nafarroan, bost herritarretik batek hartzen ditu laguntzak.

 

 



 

ESNEA



 

 

Hiru milioi euroko fabrika eraikiko du Iparlatek





Seruma eraldatzeko eta esne kondentsatua eta esne hautsa ekoizteko lantegi berria irekiko du Iparlatek Kantabrian (Espainia). Aurrerantzean esne kontsumoa jaisten den urte sasoietako soberakinak eta gazta serumak baliatu ahal izango dituzte, besteak beste, animalientzako jangaiak eta kosmetikoak ekoizteko. Expansion egunkariaren arabera, hiru milioi euro inguruko inbertsioa egingo du Iparlatek berea duen Andia Lacteos filialaren bitartez. Euskal Herrian eta Kantabrian ez ezik, Brasilen, Katalunian, Mexikon eta Txilen lantegiak ditu Iparlatek. Lau milioi eurotik gora irabazi zituen 2004an, eta Kaikuk 130 milioi eurotik gorako salmentak izan zituen.

Edonola ere, Euskal Herriko baserritarrak maiz kexatzen dira prezioekin. Duela urtebete Urnietako (Gipuzkoa) lantegiaren ateak traktoreekin blokeatu zituzten, prezioak «eskasak» direla salatzeko. Orain esne litroaren truke 0,28 euro eskaintzen dizkie, eta gutxienez 0,36 euro behar direla salatu du EHNEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.