Jabetza pribatuko basoak biltzea eta kudeatzea: hori da Gipuzkoako Foru Aldundiak otsailean aurkeztu zuen Basotik fundazioaren helburu nagusia. Eskualdez eskualde egin zituzten bileretan, 1.500 lagun inguru elkartu ziren, eta jada sinatu dituzte lehen kontratuak. Egitasmoak izan duen harrera onarekin harrituta daudela kontatu du Xabier Arruti Oreka Berdeko diputatuak (Beizama, Gipuzkoa, 1968).
Espero zenuten?
Bueno, bagenituen zalantzak. Ziur genekiena zen gizarteak behar bat zuela, erantzun gabe zegoen behar bat. Zein? Gizartea asko aldatu da; baserritarra zen eta jakintza zuen jendea adinekoa da orain, eta basoen jabetza seme-alabengana edo bilobengana pasatzean, lurrak non dauden ere ez dute jakiten askok. «Ezagutu, maitatu eta zaindu» esaten da, baina, ezagutzen ez bada, ez da maitatzen eta ez da zaintzen.
Basoen kudeaketa sustatzeko edo landaketarako diru laguntza bat ateratzen genuenean, konturatzen ginen motz geratzen ginela. Jakintza falta agerikoa zen. Horren aurrean, bi aukera genituen: ezer egin gabe geratzea, edo gure ustez abandonatuta edo kudeatu gabe geratzen ari ziren lur horiei irtenbide bat ematen saiatzea. Horren erantzuna da Basotik.
Zeintzuk dira orain arteko datuak?
Eskualdez eskualde egin genituen bileren ostean, euren lurrak guri uzteko interesa azaldu dute 650-700 familia inguruk. Sei hilabetean 50 kontratu egin ditugu, eta 500 bat hektarea jaso. Urtea amaitzerako, mila hektarea inguru hartuko ditugu, eta, interesa azaldu duten horien guztien lurrak kudeatzea lortuko bagenu, 7.000 hektarea inguru liratekeela kalkulatzen dugu [121.925 hektarea baso daude Gipuzkoan; 19.000 kudeatu gabe]. Baina eskariak gehitzen ari dira egunez egun.
Hasi zarete basoetan lanean?
Bai, hasi gara. Gipuzkoa landaretza mosaiko bat da, eta dena monolaborantza dela esatea ez da zuzena. Pinuak eragin du uste hori. Erdia hostozabala eta erdia pinua izan da azken urteetan, eta orain, xingola marroiaren gaitzarekin, pinua gutxitzen ari da eta bestelako landaredia gehitzen. Orekari eusteko konpromisoa hartu dugu guk, eta, ahal bada, hobetzekoa. Badugu hori egiteko gaitasuna. Ikusten baldin badugu jabe pribatuak espezie jakin bat asko landatzen ari direla, baditugu mekanismoak konpentsatzeko.
«Eukaliptoa ez da gure eskemetan sartzen, eta, gaitzagatik, pinua ere ez. Edozer landatuta ere, txandak luzeak izango dira»
Nola?
Lurra eskaintzen digutenean, ikusi egiten dugu, lur horren gaitasuna zein den aztertzen dugu, inguruan zer daukan begiratzen dugu, eta, horren arabera, erabakitzen dugu zer landare izan daitekeen landatzeko egokiena. Beti, hiru gauza zainduz: jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenarena.
Ekonomikoa?
Ekonomikoa esaten dugunean, egurraren ekoizpenari buruz ari gara. Horrek lotura zuzena du ingurumenarekin, behar dugun egurra kanpotik ekarri behar dugulako bestela, horrek dakarren aztarna ekologikoarekin. Askotan ez gara horretaz jabetzen.
Pinua eta eukaliptoa oraingoz behintzat ez dituzuela landatuko diozu.
Ez, ez. Eukaliptoa ez da gure eskemetan sartzen, eta, gaitzagatik, pinua ere ez. Edozer landatzen dugula ere, txandak 50-60 urtekoak izango dira, oso luzeak. Itsas pinuak ere 40-50 urte behar ditu.
Zer profiletako jendea ari da lurrak Basotik-i uzten?
Gehienbat, jende heldua. Kuriosoa da. Kezka dutelako egiten dute. Adinean gora doazela ikusten dute, ondorengoek ideiarik ez daukatela, eta, ez dakitenez etorkizunean zer gertatuko den, berme bat eskaintzen die Basotik-ek, lasaitasuna. Ondorengoei ere bai. Behintzat, badakite euren lurrak non dauden, zainduta daudela, gizarteari ekarpena egiten diotela eta tasatutako alokairu moduko bat jasoko dutela.
Kontratuek zer luzera izaten dute?
Luzeenek 150 urtekoa, hariztienek. Eta motzenek, itsas pinuenek, 40-50 urtekoa. Gertatu daiteke guri lurrak uztean jada 40 urte landatuta daramatzaten zuhaitzak izatea lursailak. Halakoetan egiten den kontratua ez da izaten txanda amaitu bitartekoa, hurrengoa ere sartzen baitugu. Hori da ohikoena. Ez ditugu 10-20 urteko kontratuak egiten.
Sinatzen duten unetik ordaintzen diezue jabeei?
Bai. Hipoteken modukoa da sistema, baina beste aldera. Guk lursail bakoitzaren tasazioa egiten dugu, eta jabeari esaten diogu lursail horretan landatuko dugunak zenbat balioko duen txanda amaitzean. Kopuru horri gastuak kentzen dizkiogu, eta txandak iraungo duen urteekin zatitzen dugu. Eragiketa horretatik ateratzen den kopuruaren erdia ordainduko diegu urtero. Beste erdia amaieran emango diegu.
«Helburua ez da mozkinak lortzea: eredu jasangarri bat ezartzea da. Oreka bilatzea egurraren kudeaketan»
Orduan, lurren jabeei eragiten die beren lursailean landatuko den zuhaitz motak?
Bai, noski, baina ñabardura oso garrantzitsu batekin. Guk erabaki dezakegu, itsas pinua landatu beharrean, haritza landatzea. Eta haritzak ez ditu horrenbesteko irabaziak ematen; agian, erdiak bakarrik. Hori ez da lur jabearen errua. Beraz, gizarteari ekarpena egiten ari denez, uste dugu galera horiek gizarteak hartu behar dituela bere gain, eta diferentzia hori Basotik-ek ordaintzen du. Hori da, nire ustez, haserrerik ez izateko eta orekari eusteko modurik egokiena.
Zergatik ez du halako proiekturik egin enpresa pribatu batek?
Galdera ona. Proiektu honen helburua ez da mozkinak lortzea: eredu jasangarri bat ezartzea da. Oreka bilatzea egurraren kudeaketan. 40-50 urtera begirako landaketek kontserbazio eta biodibertsitate lan ikaragarria eskatzen dute, eta, beharbada, enpresa pribatu batentzat ez da erakargarria.
Talde ekologisten iritziz, basoak egurgintzaren sektorera bideratzea da egitasmoaren xedea.
Hori gezurra da. Azken sei-zazpi hilabeteetan egin dugunarekin demostratu dezakegu gure ikuspuntua ez dela produktibista bakarrik. Eta, gainera, aldendu egin nahi dut kontserbazioa eta ustiaketa kontrajarriak direla diotenengandik. 40, 50, 70 edo 150 urterako landaketak eginda, kontserbazioari eta biodibertsitateari egiten ari garen ekarpena ikaragarria da, eta uste dut hori ezin duela inork ukatu. Inork ez. Eukaliptoarekin arituko bagina, eztabaidatuko genuke.
Talde ekologistek askotan planteatzen dutena da basoa bere horretan uztea, baina, errespetu guztiarekin, ez gaude Amazonasen, Gipuzkoan gaude, eta hemen bateragarria izan daiteke aisialdia sustatzea, egurra lortzea, higadura eragoztea eta kontserbazioa zaintzea.
Azken urteetan kritika ugari jaso dituzue monolaborantza sustatzeagatik ere.
Guk, diru laguntzak ematen ditugunean, inori ez diogu esaten zer landatu behar duen. Argi dugu gizartearentzako formularik egokiena dela baso kudeatuena. Kontua da, pinua errentagarria zenez, lur jabeek pinuaren hautua egiten zutela. Dena den, gure kulturan ez da egon basoa arrakalan ustiatzeko ohiturarik, harmonia bat egon da, eta Gipuzkoako leku gehienetan horrela izan delakoan nago. Inbertsio funtsek erakutsi dute hemengo basoak erosteko interesa, baina ez da gure apustua. Uste dut Basotik-ek hori ere ekiditen duela. Beraz, ez dut onartzen kritika hori; errealitateak erakusten du ez dela hala.