Bilboko eta Pasaiako portuak agintaritza bakarrean batzeko aukera ez da berria. Espainiako Estatuko Portuetako presidente Alvaro Rodriguez Dapenak iazko udazkenean aipatu zuen gaia. Benetako aukera bat da?
Hori esan zuenean eztabaida sortu zen, baina ez dago benetako eztabaidarik. Planteatu zuenak portuen arteko adostasuna behar du, eta hemen ez dago.
Agian, Pasaiako Agintaritzak ez duelako nahi. Baina Bilbokoak?
Oraingoz ez dugu horretaz hitz egin.
Beste aukera bat Pasaiari estatuko portu izaera kentzea eta EAEren esku uztea. EAJk berak planteatu izan du hori Madrilen.
Gai hori ez dago nire arduren artean. Dena den, beti esaten dut gauza bera: adostasuna badago, bikain. Beste eskumen askorekin bezala, gurea kudeatzen onak garela erakutsi dugu.
Baina, kasu horretan, Pasaiak ez luke izaera komertziala galduko, Bilboren mesedetan?
Negoziazio horretan mugak finkatzen badira, ez du zertan. Gure trafiko gehienak Europan egiten dira, eta hor guztiz libreak gara. Gainera, Bilbon 35 milioi tonarekin egiten dute lan, eta guk 3,5 milioi tonarekin. Hor ez dago lehiarik, eta ez zaigu komeni.
Hiru portu handi: Bilbo, Pasaia eta Baiona. Ez da gehiegi?
Bezeroak baditugu, beharrezkoak garelako izango da. Pasaian zerbitzu bat ematen diogu lurraldeari, ona da, apreziatu egiten da, eta, hortaz, mantendu egin behar da.
2020ko urrian hartu zenuen kargua, urte gatazkatsu batzuen ostean. Suak itzaltzeko izendatu zintuen Jaurlaritzak?
Etorri nintzenerako suak itzalita zeuden. Ni saiatu naiz harremanak lantzen operadoreekin, langileekin, inguruko alkateekin... Uste dut oso giro ona lortu dugula. Beti daude lan tentsioak, baina hori, neurri batean, normala da.
Martxoaren 29an Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldi batean, langileek salatu zuten zerbitzuak pribatizatzen ari zaretela: Portu Agintaritzaren menpeko beharginak gero eta gutxiago direla eta arrazoia ez dela ekonomikoa.
Garbi dago lantaldea murrizten ari dela. Guk langileak eskatzen dizkiogu Madrili. Hala egiten dut Estatuko Portuetako presidentearekin nagoen aldiro, eta ziur nago eskatutakoa emango ligukeela, baina mugak daude. Guk nahi duguna da sikiera hazkunde begetatiboa deiturikoa mantentzea, horra ere ez baikara iristen.
«Mugak» diozunean, zer esan nahi duzu?
Ni hona iritsi nintzenean ikusi genuen inbertsioen gauzatze tasa oso txikia zela. Madrilek eskaintzen ziguna soilik toki kritikoetarako zirela: bereziki obrak egiteko, funtsezkoa baita hori portuetan, zerbitzu on bat emateko. Eta horretarako ingeniariak behar dira, ekonomialariak... Hor ardaztu ditugu postu berriak, eta beste toki batzuetan hutsuneak sortu dira. Hutsune horiek kanpoko enpresekin betetzen ari gara. Adibidez, segurtasuna. Hortik sortu zen eztabaida.
Baina, segurtasunaz gain, desagertu edo kanpora atera dituzuen atalen zerrenda luzea aurkeztu zuten langileek: marketina, kalitatea, hizkuntza normalizazioa, mantentzea, informatika, delineazioa, zerbitzu juridikoak, giza baliabideak...
Guk postuak eskatzen dizkiogu Madrili. Ez badizkigu ematen, zer egin behar dugu? Hemen bilatu. Nola? Azpikontratatzen.
Ez dago beste biderik?
Portuaren kudeaketak eskatzen du hainbat esparrutan lan egiteko moduak aldatzea. Enpresa askotan bezala, adibidez, mantentze lanak edo informatika azpikontratatu egiten dira. Mundua aldatu da, portuak aldatu dira, berritu dira, eta berritze horrek halako gauzak egitea eskatzen du. Baina gure helburua ez da pribatizatzea. Ez gara ari portua pribatizatzen, inondik inora.
2025erako langileen gastuak %7 murriztea aurreikusi duzue, eta kanpoko kontratazio gastuak %60 handitzea. Desoreka horrek ez zaitu kezkatzen?
Kezkatu? Bai. Nahiko genuke bertako jende gehiago izatea, baina ez zaigu iristen.
«Ez gara portua pribatizatzen ari, inondik inora»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu