Ez dute hondoa jotzerik nahi

Eskoziako Gobernuak nazionalizatu egingo du Glasgowko Ferguson Marine ontziola, erosle fidagarririk agertzen ez bada; Ipar Irlandan, berriz, Titanic eraiki zuen H&W ontziola porrot egiteko zorian da.

Sanson eta Goliat, Harland & Wolff ontziolako bi garabiak, Belfasten (Ipar Irlanda). WILLIAM MURPHY.
Paulo Ostolaza.
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
XIX. eta XX. mendeetan, ontziolak industrializazioaren ikur izan ziren Euskal Herrian, baita Glasgown (Eskozia) eta Belfasten ere (Ipar Irlanda). Egun, Euskal Herrian Navalekin gertatu zen moduan, garai beltzetan murgilduta daude Eskoziaren eta Ipar Irlandaren ikur diren bi ontziola garrantzitsu: Ferguson Marine eta Harland & Wolff.

Horietan lehena, Glasgowko mendebaldeko Ferguson Marine ontziola, abuztuaren 9an sartu zen hartzekodunen konkurtsoan. 2014. urtean ere ixteko zorian izan zen, baina Jim McColl enpresariaren Clyde Blowers Capital inbertsio funtsak salbatu zuen orduan. Urtebete geroago, ontziolak bi transbordadore eraikitzeko kontratua sinatu zuen CMal —Caledonian Maritime— enpresa publikoarekin; 107 milioi euroko (97 milioi libera esterlina) kostua zuten lanek.

Ontziolaren salbazioa izan behar zuen kontratua, ordea, ezin izan zuen diru horrekin bete Fergusonek, eta 67,4 milioi euro gehiago eskatu zizkion CMali. Ezezko erantzunarekin hasi ziren komeriak beste behin ere.

Egoera ikusita, abuztuaren 16an, Eskoziako Gobernuak bere gain hartu zuen Ferguson Marineren kudeaketa, eta, lau asteko epean eskaintza bideragarririk jasotzen ez badu, nazionalizatu egingo du ontziola.

Naval ontziolako langileek ere eskatu zuten enpresa nazionalizatzeko, iaz. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak argudiatu zutenez, ordea, Europako Batasuneko legeek ez zuten posible egiten eragiketa hori. Sestaoko (Bizkaia) azken ontziolak itxi egin zuen, eta 173 behargin kalean geratu ziren.

Eskozian, GMB eta Unite sindikatuen babesa du gobernuak. Adierazi dutenez, nazionalizatzea ez da konponbide erraza eta azkarra, baina enpresa ixtea zen alternatiba bakarra. Glasgowko ontziolak 350 langile ditu.

Derek Mackay Finantza eta Ekonomia ministroa izan zen albistea emateko arduraduna. Arrazoiak zehaztu zituen: «Ezinbestekoa da sinatutako kontratuak aurrera eraman eta transbordadoreak eraikitzea, ferryen zerbitzua mantendu eta irletako komunitateen ongizate ekonomikoa bermatzeko».

Bat ez datorrena Jim McColl da, Ferguson Marineren jabea eta, paradoxikoki, Eskoziako Gobernuko ekonomia aholkularia. Enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik, CMali egotzi zizkion bi ontzien eraikuntza prozesuan sortutako kostu gehigarriak. Gobernuak eskatutako azterketa independente batek, ordea, ez dio arrazoia eman McColli, ondorioztatu baitu kostu gehigarriak ontziolaren barne arazoen ondorioa direla.

Lehendik, gobernuak 50 milioi euroko mailegu bat eman zion Ferguson Marineri. Mailegu horren klausula bat baliatu du orain gobernuak enpresa nazionalizatzeko, eta erabakiagatik «erabat haserre» agertu da McColl.

Esan duenez, CMal-ek ordaindu beharrekoa albo batera utzita, egoera onean zegoen ontziola. Erregai berriei lotutako teknologia aurreratua du: eraikitzen ari diren bi ferryak erregai bikoitzeko prototipoak dira, diesela zein hidrogenoa darabiltenak. Gainera, 2018an Europako Batasunaren hamabi milioi euroko funts bat bereganatu zuen, munduko lehen auto eta bidaiari transbordadorea eraikitzeko.

Ontziola protestantea

Etorkizun ilunagoa du Harland & Wolff ontziolak. Belfast ekialdeko ikurra da enpresa, bertan daramatzalako 166 urte, paisaiaren zati direlako Sanson eta Goliat garabi handiak eta duela ez asko, 1970ean, 15.000 langile zituelako. Ez horregatik bakarrik: 1909 eta 1912 artean, bertan eraiki zen lehen bidaian hondoratutako Titanic transatlantikoa, eta Bigarren Mundu Gerrarako ia 150 ontzi ere eraiki zituzten han.

Historikoki izan duen pisu politikoa da garrantzitsuena, ordea. 1920ko hamarkadatik, unionista protestanteen ikurra izan da H&W. Orduan, langile katoliko nazionalistak bota egin zituzten ontziolatik.

Horregatik, ez ziren gutxi izan abuztuaren 5ean, enpresa itxi zutenean, poztu ziren katolikoak; egun hartatik da hartzekodunen konkurtsoan Belfasteko ontziola.

Enpresak argi utzi du aspaldi hasi zituztela desoreka erlijiosoa zuzentzeko lanak, eta egun langile katolikoak ere badituztela. Gainera, sindikatu eta politikariek adierazi dutenez, itxierak Ipar Irlandako ekonomiari egingo dio kalte, eta, beraz, nazionalistek ere ez dute pozteko arrazoirik.

Erresuma Batuko Gobernuak ez du ontziola nazionalizatuko, baina, Gavin Robinson DUP Alderdi Unionistako diputatuak azken egunetan iragarri duenez, «bi eskaintza sinesgarri» dituzte H&W erosteko. «Pozgarria da entzutea badirela kapital pribatuak inbertitzeko prest daudenak, ontziolako langileen gaitasunak eta balioa aitortzen dituelako». Pasa den urtetik zegoen salgai Harland & Wolff, azken 30 urteetan Dolphin Drilling Norvegiako enpresaren jabetzakoa izan ondoren.

Tunelaren amaieran argia egon daitekeela dirudien arren, itxita daukate oraindik ontziola; bertako 123 langileak ez dira soldata jasotzen ari. Langileek okupatua dute enpresa abuztuaren hasieratik, presioa egin eta Belfasteko politikarien porrota salatzeko; DUPekin dira kritikoenak, hark baitu loturarik handiena Belfasteko komunitate loialistarekin.

Urteak dira jada Belfasteko ontziolak garrantzia galdu zuela Irlandako ekonomian, bestelako lanei esker bizirik iraun duen arren. Ferguson Marine ere ez da lehengoa. Dena den, enpresa horien itxierak sortu duen oihartzunak aktibo ekonomikoak baino gehiago direla erakusten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.